Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 12 de junio de 2010

Gaur goizean, omenaldi xumea egin diogu, Sukarrietan, Anton Ormaza abertzale zintzo eta leialari. Ekitaldi apala eta ixila izan da; lagun artekoa; sentikorra, baina zaratarik bakoa; berak gustoko dituen horietakoa. Laurogeita zortzi urte bete ditu Antonek eta buruz argi eta zorrotz agertzen den arren –“el que tuvo la retuvo” esan ohi da gure herrian horrelako kasuak goraipatzeko- gorputzak, tentsioz eta ezbeharrez jositako bizitza latzaren arrastoak jasatzen ditu.

Ohorezko aurreskua dantzatu den unean

Aurreko astean zehar, jo eta ke ibili da Txomin Saratxaga liburuzalea -azken sabindarra deitzen diote bere lagunik minenak, hain da sakona eta indartsua Sabinekiko daukan lotura afektiboa- omenaldia antolatzen eta gonbiteak luzatzen. Arana-Goiri Anaiak fundazioko kideak, urtean-urtean bildu ohi dira Sukarrietan, Anton bera buruan delarik. Aurten ere, ohiturari jarraituz, ekitaldia asteburu honetan egitekotan zeuden. Eta aukera hori aprobetxatu nahi zuen Txominek, hain zuzen ere, Anton-i ondo merezia duen omenaldia egiteko. Batzuei gutun bidez egin zaie etorteko deia. Beste batzuei, ahoz aho. Niri neuri, Madrilera deitu dit Txominek. Asteazkenean, oker ez banago: “Zuk ezin duzu hutsik egin” esan dit. “Bermeotarra zara eta EAJko zerrendaburua Madrilgo Gorte Nagusietan”. Horiek izan dira be lehenbiziko berbak. Lehenbizikoak eta bakarrak, ez baitit erregurik egin behar izan. Berehala eman diot baiezkoa. Nola ez, bada!! Errespetu handia diot Anton-i. Baita miresmena ere. Gizon zintzoa da. Arteza eta, aldi berean, gizatasun handikoa. Horrez ganera, oso-osoko abertzalea da. Bere ideiekin beti leiala izan den abertzalea. Sabindar sutsua. Bat-bateko euskotarra.

(más…)

Read Full Post »