Gaur, eliza eta baselizetako ibilbide ezagunaren XI edizioa burutu dugu Bermeon. Eta urtero bezala, kirolak eta jaiak bat egin dute herriko kaleetan eta basoetan barna.Urte batzuetatik hona, jakina denez, bi aldaera ditu ibilbide honek: luzea eta betikoa. Lehenbizikoa, sasoiko ibiltari sendoentzat asmatua da. Berrogeita zazpi kilometro dauzka. Ez da makala trotea. Betikoa, berriz, mendigoizale arruntentzat diseinatuta dago. Hogeita hamar kilometro dauzkala dio informazio ofizialak, baina txori batek esan dit hogeita hamalaura ere heltzen dela. Ibiltariak ez uxatzeko ezkutatzen omen da ibilbidearen benetako luzeera.
Nik betikora jo dut, jakina. Arratsalde luzeak Diputatuen Kongresuko eskainoan jesarrita igaro beharra izaten duenarentzat, nahikoa da, eta soberan ere badago, hogeita hamar kilometrotik gorako martxari ekitea.
Luzekoak, goizeko zazpiretan batu dira Taraskaren plazan. Betiko martxakook, berriz, zortziretan. Ordu normalagoa igande baterako. Eta kanpaia jotzen hasi denerako, gogotsu ekin diogu ibilteari, harik eta goiz osoa oinez ibili ostean, plaza berdinera bueltatu garen arte.