Gaur, eliza eta baselizetako ibilbide ezagunaren XI edizioa burutu dugu Bermeon. Eta urtero bezala, kirolak eta jaiak bat egin dute herriko kaleetan eta basoetan barna.Urte batzuetatik hona, jakina denez, bi aldaera ditu ibilbide honek: luzea eta betikoa. Lehenbizikoa, sasoiko ibiltari sendoentzat asmatua da. Berrogeita zazpi kilometro dauzka. Ez da makala trotea. Betikoa, berriz, mendigoizale arruntentzat diseinatuta dago. Hogeita hamar kilometro dauzkala dio informazio ofizialak, baina txori batek esan dit hogeita hamalaura ere heltzen dela. Ibiltariak ez uxatzeko ezkutatzen omen da ibilbidearen benetako luzeera.
Nik betikora jo dut, jakina. Arratsalde luzeak Diputatuen Kongresuko eskainoan jesarrita igaro beharra izaten duenarentzat, nahikoa da, eta soberan ere badago, hogeita hamar kilometrotik gorako martxari ekitea.
Luzekoak, goizeko zazpiretan batu dira Taraskaren plazan. Betiko martxakook, berriz, zortziretan. Ordu normalagoa igande baterako. Eta kanpaia jotzen hasi denerako, gogotsu ekin diogu ibilteari, harik eta goiz osoa oinez ibili ostean, plaza berdinera bueltatu garen arte.
Igaz ez nuen martxan parte hartzerik izan. Asteburu horretan bertan Israelera joateko gonbidapena izan nuen, eta bien artean… bidaia aukeratu nuen. Zer egingo diogu bada? Hala izaten dira gauzak! Aurten, ordea, hantxe izan gara eta ez dugu -ez horixe!-damutzeko arrazoirik izan. Aitzitik, betiko giro alaitsua somatu dugu eta betiko antolakuntza serioa. Berez ikusgarria den ibilbiea are ederragoa iruditzen zaitzaigun, goizeak aurrera egin ahala, zeruak askatu eta, hodeien artetik, eguzkiak ku ku egiten zigula ikusten hasi garenean. Azkenean, laino itzalak uxatu eta udaberri helduko argia nagusitu da orotaz. Gaztelugatxen euri arriskua zegoen oraindik. Baina Demikura heldu garenean, erabat oskarbi zegoen zerua.
Ostera ederra izan da. Zorionak, beste behin ere, Bermeoko 707 Mendizale Taldeari. Eta animo. Badakigu jakin lana ematen duela horrelako martxak antolatzea, baina asko gara, gero, zuen lanaren fruituaz gozatzen dugunok.
Hirugarrenez luzatzen dizut gonbidapena. Leku zoragarriak daude kostan eta kostatik barrurago ere. Bi pausotara. Etorri Errigoitira eta zeure begiekin ikusiko duzu hondatu nahi den paisaia.
Aupa lagunok,
Aurten, ezin naiz joan, baina zuen aurpegiak ikustean pozik geratzen naiz eta lasai, zeren eta konturatzen naiz martxa polita baina gogorra dela ere.