San Antonio eguna da gaur. Ekainaren hamairua. Tradizio zaharraari jarraiki, Urkiolako santutegira joan behar dute neskazahar eta mutilzaharrak, San Antoniori mutil edo neskalaguna eskatzen. Trikitilarien abesti ezagunak, ondo jasota dauka ohitura hori: Aita San Antonio/Urkiolakoa/ Hamaika neska-mutil/uztartutakoa/ ai, oi, ai, uztartutakoa/.
Gaur eguerdian, mutilzahar ezagun batekin egin dut topo. Urkiolatik bueltan omen zetorren. «Ez da egia izango…!» esan diot. «Ba… zer gura dok esatea ba… bai. Bertatik nator», erantzun dit punttu bat lotsakor. «Eta urtero bezalaxe, hantxe ibili dira gaur ere mutilzaharrak» gehitu du. «Tximistarriari bueltak ematen». «Bueltak eman bai» ekion diot berriro. «Baina… agertzen al dute benetako guraririk?»; «Egiten al dute behar den ahalegina tximistarriari bueltak emanez San Antoniori eskatzen diotena lortzeko?». Bere erantzuna topikoa izan da: «Ahal duena egiten du bakoitzak…».
Gaurko prentsak, beste alde batetik, Zapaterok, azken aste hauetan, bidelagunak aurkitzeko egiten dituen ahaleginen berri ematen digu. Popularrek, Euskadin bai, baina Espainian ezetz erantzun diote. Ezkerrekoek, berriz, ez direla arratsalde baterako neskalagunak. Konpromiso serioa nahi dutela beraiek. Bizitza guztirako ezkontza. Katalanek ere ez omen dute dantzara atera nahi. Eta bere burua bikote barik ikusita, jeltzaleoi errekadu egiten omen dabil Zapatero.
Urkiolan ikusi omen dute gaur, tximistarriari bueltak ematen. Eta kexu omen zebilen, abestiaren hitzak errepikatuz: Mañaritik hasita/Urkiolaraino/ez dago besterik/aldapia baino/ ai, oi, ai, aldapia baino/.
Zer uste ote zuen bada? Berez lortzen direla amets eta helburuak? Tximistarriari bueltak ematea ez da nahikoa. Aldez aurretik Urkiolara igo behar da. Eta hara heltzeko, ez dago besterik aldapia baino. Aldapa gogorra ganera. Ez nolanahikoa.
Esan bezala, han omen zebilen. Tximistarriari bueltak ematen. Hamaikatxo buelta eman omen dio tximistarriari. Tradizioak eskatzen duena baino hainbat gehiago. Eta ingurutik zebilen agure batek galdetu omen zion: «Zertara habil mutil horrenbeste buelta ematen?». Erantzun iluna eman omen dio: «Bikotea edo… halakoren baten bila». Eta hori entzutean, agurea, mutilzaharra bera ere, orain mende erdi-edo, bere neskalagunari abestu zion abesti hartaz gogoratu omen da: Akordatzen al zara/ zer egin genduan/ Urkiola gaineko/paguan ondoan/ ai, oi, ai, paguan ondoan/. Eta neska lagunak, jakina, bertan utzi zuen, seko, gaur arte.
Eta zera pentsa omen du agureak: «Ez zekiat bada… jarrera horrekin… hiri ere… ote huan neri bezala gertatuko!»
Oso ona, Josu. Oso oso ona. Hamaikatxo barre egin dut irakurtzerakoan!
Prueba…
Qué mareo! Claro! Con tanta vuelta ya no saben ni donde están ni a donde van,… como decía aquel: «ande andarán?».
¡Cómo se nota que Sondika no sabe euskera ni entiende las entradas escritas en lengua vasca! Aquí, afortunadamente, no ha insertado ninguno de sus comentarios agresivos y soeces.