Joan den domekan, ekitaldi berezia izan genuen Bakioko batzokian. Anasagastik eta biok, Uri buru batzarreko burua den Kepa Uriarteren eskariari erantzunez, hitzalditxoa eman genuen Agirre lehendakari ohiaren irudia gogoratzeko. Bere heriotzaren urte-urrenak jakin mina sortu du han eta hemen, eta leku askotan dabiltza Agirreren omenezko gogorapen-ekitaldiak antolatzen. Kepak ere, jakina, ez du atzean gelditu gura izan eta batzokian berba egiteko deia luzatu zigun.
Orain hiru-lau urte kaleratu zen DVD baten laguntzaz baliatu gara hitzaldia antolatzeko. Agirreren ibilbide politikoari begirada sentikorra bezain zuzena ematen dion DVD-a. Oso ondo landuta dago dokumentala: oinarrian dagoen gidoi serioa ondo baino hobeto jantzi dute sasoiko irudiekin, Lehendakariaren benetako ahotsarekin eta Agirreren bizitza eta joan etorria hobeen ezagutzen dutenen lekukoarekin. Baina zoritxarrez ez du zabalkunde handiegirik izan. Pena, benetan, material ederra baita Agirreren zenaren mundura eta ekinetara hurbiltzeko.