Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 11 de abril de 2010

Markinako jeltzaleek -Bizkaiako Markinaz ari naiz, noski- ohitura aipagarria daukate. Aberri egunaren hurrengo domekan, ospakizuna errepikatu ohi dute, herrian bertan, etxekoen berotasuna mantentzeko. Ospakizunaren egitura, oso erraza eta xinplea da: Meza bat izaten da lehenengo eta behin, batzokiaren aurre-aurrean dagoen karmeldarren eleizan. Ekitaldi politikoa gero, gonbidatutako hizlari baten eskutik eta, azkenez, euskalunen artean ohikoa denez, lagun arteko bazkaria.

Aurten ere ez diote aspaldiko ohitura honi muzinik egin. Ez horixe! Munduko bazter guztietatik ibilitakoak diren arren -noraino ez ote dituen bada, pilota-jokoak eraman!- jaioterrian sakon errotutakoak dira markinarrak, eta ez daude bertako ekandu eta tradizioak beste barik bertan behera uztekotan. Aitzitik, ohiturea lege bihurtzea dute gustuko, eta zintzo-zintzo jarraitzen dituzte lege bihurtutako ohituren esanak.

Markinan ere, leku askotan bezalaxe, andrazkoek jartzen dute piperra eta gatxa

Markinako batzokian, gaur goizean, Anjel Kareaga alkate ohiaren eta, Maria Luisa, Iñaki Sudupe zenaren alargunaren artean

Aurten, Aberri egunaren errepikapeneko ospakizunean parte hartzeko gonbidatu naute. Eta pozik erantzun diot luzatu didaten deiari, jakina. Hantxe izan naiz, beraz, gaur goizean. Hamarrak eta erdiak jo dutenerako, frontoiaren aurreko parketxoan nengoen jadanik, kotxea aparkatuta eta han-hemengo eguzki izpien berotasunaren bila. Berehala aurkitu dut, lasai, jesarlekuan jarrita, Anjel Juaristi alderdikide eta abertzale zintzoa. Erraz-erraz ezagutu nau.

(más…)

Read Full Post »