Tenderiako batzokia, Bilboko zazpi kaleen bihotzean kokatuta dago. Eta kokapenaren indarrak eraginda, alde-zaharreko bilbotarren jatortasuna dario lau ertzetatik. EAJren lehenbiziko batzokia -Sabino Aranak berak eratu zuen Ezkeldun Batzokija– inguru honetan zabaldu zen. Ez leku berdin-berdinean, jakina, inguruan baino. Hori dela eta, batzoki honetako aberkideak, euren batzokia beste guztien dekanoa dela esan ohi dute: hasera-haserakoa; fundatzailea; bide-egilea; beste batzoki guztiak bere atzetik ekarri zituena. Eta ez zaie, neurri batean, arrazoirik falta. EAJ Bilbon sortu baitzen. Zazpi kaleetan. Eta hortik hedatu zen abertzaletasunaren mezua Euskal Herri osora.

Iraganeko lehendakariare -Goienetxearen- eta egungoaren -Aitor Jauregiren- artean batzokiko tabernan
Batzoki hau zabaldu zenetik, emankorrenetarikoa izan da, zalantza barik. Haserako egunetan, bertako bazkideak -beste batzoki askotan bezalaxe- txandaka egiten zuten tabernari erantzuteko. Eta zazpi kaleetako giroaren baitan, berehala lortu zuen ardo ona eta pintxo hobeagoak eskaintzen zituen lekuaren izena. Denbura gutxitan, arrakasta handia irabazi zuen bilbotarren eta kanpotarren artean. Beti zegoen pil-pil; beti bete-bete eginda; beti giro epelean murgilduta.
Politika mailan ere nortasun handiko batzokia izan da Tenderia kalekoa. Bilboko jatortasunaren tradizionalaren adierazlea. Irizpide propiekin eta jokabide zintzoarekin aritu izan da beti.
Azken urteetan, alabaina, hainbat eraso jasan behar izan ditu. Kale-borrokalari itsuek behin baino gehiagotan inguratu zaizkio harrika eta koktelak botatzen. Eraso pertsonalak ere izan dira, bai, ezker abertzaleko jendeak eragindakoak. Sasoi batean eskuma ertzeko indar parapolizialek egiten zioten eraso. Orain, berriz, ezkerreko abertzaleantzekoen eskutik etorri zaizkio atakeak. Horrelakoak dira euskal politikaren paradoxak. Baina batzuen ete besteen erditik, hor dirau batzokiak, lehen bezala -beti bezala- tinko, serio eta bere lekuan. Lagun gisa datorrenari tortila gozoa eta txistora beroa eskaintzen dio. Eta giro abertzalea, noski. Abertzaletasun zintzoa. Erasoan datorrenari, berriz, mespretxua.
Azken urteotan, erreforma lan sakonetan ibili dira Tenderiako batzokian. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut, obrak direla eta batzokia itxi baino lehen, hitzalditxoa bota nien bertako bazkideei. Sasaoi hareetan uri-buru-batzarreko lehendakaria zen Jose Mari Goienetxea bermeotarraren gonbidapenari erantzunez joan nintzen. Neurea izan zen, oker ez banago, bertako militanteek, obrak hasi baino lehen, entzun zuten hitzaldia. Promes betea egin nien, obrak amaitu eta batzokia berriro zabaltzen zutenean, han izango nintzela berriro egoera politikoari buruz hitz egiten. Esan eta egin. Batzokia joan den astean inauguratu zen. Eta atzo, urtarrilaren 21an, neure hitza bete nuen, eguneratutako berbaldi berria emanez. Baina oraingoan, gonbidapena ez zait Goienetxearen eskutik etorri, Jose Mari ez baita dagoeneko uri-buru-batzarreko lehendakaria. Kargo horiek iragankorrak dira beti EAJren baitan. Lehendakari berriak, Aitor Jauregik luzatu dit gonbitea bere garaian zintzilik gelditu zen konpromisoa betetzeko. Eta hantxe zegoen Amaia Ibernia ere; bien bitartean hainbat lan burutu izan duena.
Egoera politikoa asko aldatu da azkenengoz izan nintzenetik. Nire atzoko hitzaldiak, beraz, ez du zerikusirik izan duela hiru urte bota nuenarekin. Baina giroa, beti bezala, alaitsua, baikorra eta oso abertzalea aurkitu dut batzokiko kideen artean. EAJa zokoratu edota bazterrean utzi nahi duenak, badauka, bai, zereginik, horrelako militantzia kementsu eta eraginkorra daukagun artean.
horixe da buruzagi jauna egin beharrekoa, batzokiak pilpilean egon behar dira baina ez makailokoa. Batzoki guztietara joan behar zarete gurekin berba egiteko eta gaur eguneko politika egoerari buruz berba egin eta alderdikideei entzun, gero bakoitzak berri hoiek bere familia eta lagun artean zabaltzeko. Lanean denbora luze igarotzen dugu ( nik batipat kirurgile naizelako eta zaintza ugari egin behar ditut) eta gauza guztiak mintzagai dira hordu luzeetan, Patxiri bozkatu zioten asko damutu dira dagoeneko, eta seguru asko guri ez digute bozkatuko baina PP edo Aralarri bai,edo abstentziora joko dute. Eta bozkatzera joan ez diren abertzale batzuk damututa be. Batzuk zintzoz sinistu zuten gela aireatzea egoki zela, jadanik lehioa nahiko irekita dagola uste dute eta ixteko gogoak dituzte, hoiek izan behar dira gure ahaleginen itua edo helburu. Ea noiz entzuten dizugun barakaldon.
Eta gogoratu euzkotarren aberria Euskadi dela, nire herenaitite entzun zuenetik lau belaunaldi darraigu lanean burutzeko, nire umeak bostgarrenak izan daitezen tinko ekin behar diogu, eta ezkerraldekoak!! euskadiren etorkizunerako garaitu behar dugun batailarik garrantzitsuena hemen izango da( bermio irabazita dago jadanik)
Ematen du Bilboko EAJko zenbait batzokietako lehendakari bezala jende gazte ugari sartzen ari dela azken bolada hontan, ezta?
Oso ondo pasatu genuen, Josu. Mila esker gutaz gogoratzearren.
Han egon nintzen hitzaldian ata oso ondo egon zen , benetan interesgarria .
oso ondo egon ginen gure batzoki berrian