Tenderiako batzokia, Bilboko zazpi kaleen bihotzean kokatuta dago. Eta kokapenaren indarrak eraginda, alde-zaharreko bilbotarren jatortasuna dario lau ertzetatik. EAJren lehenbiziko batzokia -Sabino Aranak berak eratu zuen Ezkeldun Batzokija– inguru honetan zabaldu zen. Ez leku berdin-berdinean, jakina, inguruan baino. Hori dela eta, batzoki honetako aberkideak, euren batzokia beste guztien dekanoa dela esan ohi dute: hasera-haserakoa; fundatzailea; bide-egilea; beste batzoki guztiak bere atzetik ekarri zituena. Eta ez zaie, neurri batean, arrazoirik falta. EAJ Bilbon sortu baitzen. Zazpi kaleetan. Eta hortik hedatu zen abertzaletasunaren mezua Euskal Herri osora.

Iraganeko lehendakariare -Goienetxearen- eta egungoaren -Aitor Jauregiren- artean batzokiko tabernan
Batzoki hau zabaldu zenetik, emankorrenetarikoa izan da, zalantza barik. Haserako egunetan, bertako bazkideak -beste batzoki askotan bezalaxe- txandaka egiten zuten tabernari erantzuteko. Eta zazpi kaleetako giroaren baitan, berehala lortu zuen ardo ona eta pintxo hobeagoak eskaintzen zituen lekuaren izena. Denbura gutxitan, arrakasta handia irabazi zuen bilbotarren eta kanpotarren artean. Beti zegoen pil-pil; beti bete-bete eginda; beti giro epelean murgilduta.