Abenduko San Juanen eguna, egun handia izan da Bermeon gizaldiz gizaldi. Antzinako erregimenean, egun horretan bildu ohi ziren urtean zehar udalean jardundako agintariek euren ordez karguak hartu behar zituztenak aukeratzeko. XVI. mendeko udal-arauak esaten zuenez, «…que el Alcalde fieles e rexidores y escribano fiel del conzejo se ayan de ajuntar y se junten el día del señor San Juan Evanxelista de cada año en la cassa del conzejo de la dicha villa donde tienen de costumbre de se juntar e juren en forma debida de derecho sobre una cruz e los santos Evangelios que bien e fielmente arán la elección de Alcaldes fieles rexidores y escribano fiel jurados mayordomos e de los otros ofiziales que combengan a la dicha villa». Goizean goiztik hasten ziren ekitaldiak eta hautaketa bukatzen zenean, festa giroa ematen zitzaion herriari, urte berriari zegozkion agintariak legez izendatuta zituelako.

Fascinante espectáculo de la costa vasca entre San Juan de Gaztelugatxe y el cabo Matxitxako. La fotografía es de mi hijo Alex. Espectacular
Ordenantza zahar haiek XIX. mendean zehar galdu zuten indarra. Eta geroztik, egun horrek ez du esanahi berezirik euki bermeotarren jai-egitarauan. Egia da, izan ere, San Juanen aldeko joera handia daukala Bermeoko herriak. Leku gutxitan izango du Donienek bermeotarren artetik jasotzen duen mailako deboziorik. Baina bermeotarron San Juan, ez da ebangelioaren idazlea, lepamoztua baino; bateatzailea. Ekainaren 24an eta Abuztuaren 29an gogoratzen dena.
Azken urteotan, ordea, Gaztelugatxeko Donieneren zaintzan jardun den gizon-taldeak, ospakizun xumea bezain biozkorra antolatu ohi du aitza gaineko ermitan. Eta gizamultzo ederra joan ohi da bertara, meza entzun eta txokolate beroa hartuz, elkarri laguntasuna adierazi eta urte berria anai giroan hasteko. Jai polita izaten da urtean-urtean abenduaren 30an Gaztelugatxen antolatu ohi dena. Ihaz, urizarretako Eneperi tabernan egin zen ospakizuna, bidea lur-jauziak eraginda, goitik eta behera zapuztuta zegoelako. Baina aurten Gaztelugatxera bueltatu gara berriro. Bide zaharretik, tipi-tapa, eta eskaileretatik gora, bat-bi-hiru…, berrehundik gora pertsona bildu gera ermitearen aurrean urteroko erritoa betetzeko asmoarekin. Eto ondo bete ere.
Jende asko agurtu dugu Gaztelugatxen. Lagun zaharrak eta ezagun berriak. Bermeotarrak, bakiotarrak eta bilbotarren batzuk. Urte berriari «kaixo» esateko prestatu gara denok eta abadearen esanari jarraituz, urte zaharreko txar guztiak itsasora bota duguz, haizearen laguntzaz ahalik eta urrunen joan daitezen.
Giro zoragarria zegoen haitza ganean. Gaztelugatxeko argiak biztuta zeuden, ohiturak agintzen duen moduan. Zerua argi. Eta ilargia ia-ia betea. Oso gutxitan suertatzen dira baldintza horiek guztiak batera ematea. Goian dagoena bezalako argazkiak ateratzeko moduko giroa zegoen. Eta aprobetxatu egin dugu, jakina, argazkiak atera eta ikusi izandako irudi apartak betirako gordetzeko. Goiko argazkia neure seme gazteak atera du. Alexek. Zaletasuna dio, ikusten denez, argazkigintzari. Eta dohea ere bai argazkigintzan jarduteko.
2010 urtea, hementxe, bueltan daukagu dagoeneko. Ea 10eko urtea dugun
Urte zaharra
urte berria
denok izan dezagula
aberasgarria
ERRETRATO ELEGANTIE Alexena, gero!
Ezta esango bapez erreza, okinjuzen kondizinuek errepetitie baie datorren urtien neuk pe «gran angular» erungot eta konpetentzije eingotzatie aitxe ta semiri, ezta biar erreza baie saiatuko gara.
Zorijonak blogagaitzik eta ondo hasi 2010.
Zelako argazki polita!