Euskalduna izatea, parke tematiko ibiltaria izatea bezalakoa da sarritan. Ebro ibaitik beherako lurralde zabaletan maiz aurkitzen ditugu han edo hemen guri buruzko zerbait irakurri izanagatik gure izaeraren klabe guztiak ezagutzen dituztela uste dutenak. Eta behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu gurekin topo egin eta guri geuri klaseak ematen hastea, euskaldunak zernolakoak garen, zernolako akatsak ditugun, nola pentsatzen dugun eta horrelakoak azalduz.
Barre gurea ematen du, benetan, sarritan guri buruz entzun behar izaten ditugunak entzutea. «Zuek euskaldunok, indarkeriaren ikutua daramazue erraietan»; «Zuek euskaldunok ez daukazue abstrakziorako gaitasunik, euskararen kontzeptualizazioa gauza konkretuetan gauzatzen baita»; «Zuek euskaldunok, hau, hori eta bestea…» Eta nork esan ezetz? Nork erantzun hainbat aldiz irakurri duten horrek ez duela ez oinik ez bururik?