Iraganeko mendetan, naturaren gora-beherek, ingurumariak eta urtearen sasoi ezberdinek giza-bizitzan izan duten eragin-indarra aztertzen ahalegindu izan naiz blog honetan behin baino gehiagotan. Arrantzaleen lan-jardunarentzat, esate baterako, neguan, udaberrian, udan ala udagoienean egoteak zernolako garrantzia zeukan erakutsi dut (ikus, besteak beste, «¿Por qué decidieron los bermeanos abandonar la actividad ballenera hacia mediados del siglo XVII?»). Baleak neguan bakarrik zeuden. Bisigua berdin. Atuna, berriz, udako arrantza zen. Eta bokarta, udaberrikoa. Eta espezie bakoitzak bere berezitasunak zituen harrapatzeko orduan; urteko aroari lotutako berezitasunak, jakina.
Beste batean, udaberriak nekazaritzatik bizi zirenentzat zeukan garrantzia azpimarratu izan dut (Ikus, adibidez, «El inicio de la primavera y la bendición del campo«).
Oraingoan, arrantzaleen bizitzara itzuliko naiz ostera ere. 1912ko galerna zakarraren mendeurrenaren ospakizunak gogora ekarri dit, naturaren fenomenoek -eguraldiak, ingurumenak, urtearen aroak, eta abar- eragin izugarria zeukatela gure aiton-amonen eguneroko jardunean; gaur egungo bizitza modernoan hain nabarmena ez den eragina. Eta horren haritik, orain urte batzuk prestatu nuen lan honekin gogoratu naiz. Eguraldiak itsastarren lan-segurtasunean duen influentzia izugarria aztertzen dut bertan, eta euskal kostaldeko arrantzale-komunitate tradizionalek zernolako neurriak hartu zituzten eragin horiek aurre egiteko.
1.- KANTAURI ITSASOAREN ARRISKUAK; HERIOTZA ASKO SORTZEN ZITUZTEN EKAITZ LARRIAK ETA EGUNEROKO HONDORATZE TXIKI BAKANAK.
Euskal itsasertzeko arrantzaleen artean oso handia izan da beti eguneroko lana ahalik eta segurtasunik handienaz egitearekiko kezka. Eta ez da harritzekoa. Izan ere, euren ogibidea kantauriko itsaso sakarrean burutu beharra, arrisku latzen iturri amaiezina izan baita, mendeetan zehar, gure herriko arrantza-gizonentzat.
Euskal arrantzaleek azpalditik agertu izan duten itsas-ezbeharretatik babesteko ardura berezi hau ez da dohanekoa izan. Aitzitik, zutabe sendoak izan ditu oso; arrazoi sakon eta astunetan oinarritu izan da. Lehenengo eta behin, Euskal Herriak aurrez-aurre duen itsasoak, ekaitz ugari eta bapatean inguratzen diren horietako asko dituelako. Bizkaiko golkokoak, horrela, ez dira, beste inguru batzuetakoak izan daitezkeen moduan, denboraltzarik ezagutzen ez duten ur bare lasaiak, ez bada, ustekabean aztoratu eta itsastarrei sekulako sustoak ematen dakitenak. Baina horrezaz gain, kontuan hartu beharrekoa dugu baita, mende honetako hasera bera jo arte -eta hurrengo bi hamarkadei buruz ere beste horren beste baiezta dezakegu neurri handi batean- euskal arrantzaleek itsasoratzeko erabiltzen zituzten ontziak, aize- eta beso-indarrez bakar-bakarrik zebiltzan tresna ahulak zirela; euskal itsasoko haserre ikaragarriei aurpegi emateko baliabide eskas eta ergelak, alegia.
Baldintza horietan kantauriko uretan barneratzea gauza benetan arriskutsua zela frogatzen duen daturik argiena, euskal arrantzaleen artean ematen zen hilkortasun-tasa jasoa dugu. Ezustean agertutako ekaitz edo galarrena ez zenean, olatu gaizto bakanek edota aize-dunbada trabesek emandako bultzadak jartzen zituzten arrisku gorrian itsaso zabalean ziharduten arrantzaleen bizitzak. Eta gaur bat, bihar beste bat, itsas-gizon asko ziren urtean-urtean, hondoratu eta ito edo ur gazien iluntasunean betirako galtzen zirenak. Bizkaiko golkoan lan egiteak, ezinbestean zeraman berarekin, lantzean behin, eguna argitzerakoan arrantza-zereginetara urtendako batzuk, itsasoak eraman eta, arratsaldean, gainontzekoekin batera etxera ez itzultea.
Baina itsastarren hondoratzeak ez ziren beti izaera eta dimentsio berekoak. Nola edo hala sailkatzearren , bi taldetan banatu ditzakegu euskal kostaldeko uretan zebiltzan arrantzaleen itsaso zabaleko naufragioak. Batzuk, ekaitz larri edota errukirik bako galerna indartsuen eraginez gertatzen ziren, arrantzaleen artean heriotza asko eta arrantzuntzietan kalte ugariak sortaraziz. Beste batzuk, ordea, ia-ia ixilean jazotzen ziren; edozein lan-egunetan suerta zitekeen ezbehar xumeren baten ondorioz. Azken hauetan, eskuarki, kalte laburrak eta, gehien-gehienez, hiruzpalau heriotza bakarrik izaten ziren. Heriotzei buruz ari garenean «bakarrik» hitza erabiltea zilegia bada, behintzat.
Ekaitzik larri eta ezagunenak -heriotza eta untzigaltzerik gehienak ekarri zituztenak, alegia-, hain erdibituta utzi zituzten arrantza-komunitateak, bizi-bizi jarraitzen dute oraindik kostaldeko biztanleen gogorapenean. Bermeon, adibidez, azken urteotan, duela 100 urte -1912an, hain zuzen- gertaturiko hondamendi handi bat gogoratzen dute herritarrek, hainbat gomuta-ekitaldi antolatuz. Baina hau bezalako gertakariak ez dira Bizkaiko herri honetan bakarrik ematen. Itsas-jendearen artean nekez aurkituko dugu, norberak bizi duelako zein beste norbaiti entzun diolako, oraintsuago ala antzinarago gertaturiko ekaitz galgarriren baten berri ez duenik. Are gehiago, hain sustrai sakonak bota ditu itsastarren artean noiz-behinka gerta ohi ziren ekaitz beldurgarrien gomuta, huts egiteko ikara barik baiezta daiteke, portuetan andrazko alargun ugari uzten zuen itsas-ortzikararen irudi iluna bezain beldurgarria, arrantza-herrietako biztanleen irudipen kolektiboan barru-barrutik sarturiko imajina dela.
Aldiz, edozein lan-egunetan gertatzen ziren hondorapen xume eta heriotza bakanen irudia ez dago hain errotuta itsastarren gomuta kolektiboan. Badirudi, gertakari hau itsasoko bizitza latzaren berezko osagaitzat hartzen dela eta, beraz, inork ez duela uste portu-herrietan, lantzean behin arrantzaleren bat edo batzuk itsasoan galdu izana, bereiziki aipatu eta nabarmentzea merezi duen gauza denik. Kostako biztanleen gogoan hain itzal handirik ez uzteak, ordea, ez du adierazi nahi, hauek, -edozein lan-egunetan gertatu zitezkeen itsasperatze txikiak, alegia- ekaitz handi eta ikaragarriak adina trajikoak eta, luzera ikusita, haiek bezain kaltegarriak ez zirenik.
Trajikotasunari dagokionez esan behar dugu giza-harremanen ikuspuntutik behinik behin, oso gogorrak izan behar zutela banakako hondorapen huek, batez ere euren laguntza emateko aukera barik untzibarruko lagunak begien aurrean itotzen ikusten zituztenentzat. Edozein untzitan arrantza-lanetara itsasoratzen zirenen artetik kideren bat edo batzuk ur gazian betiko galduta lehorrera itzuli beharra, esperientzia astuna eta latza izan behar zen zalantza barik gure aurreko marinelentzat. Eta hori horrela bazen barruko edozein lagunekin, are astunagoa eta latzagoa zen oraindik, galdutako gizona hurbileko senditartekoren bat zenean: semea, aita, anaia, lehengusua… eta abar.
Nahikoa da heriotza bakan hauetako bat nola gertatu zen ikustea, hauek ere baldintza izugarri trajikoetan ematen zirela ohartarazteko. Ikus dezagun, esate baterako, Kantauri itsasoan, 1864. urteko martxoan gertaturiko heriotza bati buruzko zehaztasunak. Egun horretan, Bermeoko Alkateak egitateak argitzeko prestatu zuen txostenak azaltzen duenez, Ignacio Maretxeagaren potina itsaroatu zen goizean goiz, Domingo Ugalde patroi zeramala ,»…con destino a la pesca…». Arratsaldeko orduetan, berriz itzuli ziren herrira batelean itsasoraturiko gizonak, bat izan ezik. Itzuli zirenei zer gertatu zitzaien galdetu zitzaienean, ondorengoak bezalako deskribapenak egin zituzten:
«…que esta mañana ha salido al mar en la lancha de Ignacio de Marecheaga que patroneaba Domingo de Ugalde; que estando pescando han dado la señal de retirarse porque el tiempo se presentaba de mal aspecto; que como el tiempo se presentaba más recio ha mandado se tome segundo nro al trinquete y que se tuviese cuidado de aflojar la escota cuando cargase el tiempo y de apretar cuando no hubiese peligro; que en esto una de las veces que había que apretar o casar la escota, se ha levantado uno de los tripulantes llamado Antonio, cuyo apellido ignora, y era el encargado de tener quieta la lancha durante la pesca, como tenedor de lancha, y al ir á agarrar la escota, se ha caído a la mar en un balance de la lancha; que al ver esto, tanto el declarante como los demás tripulantes han procurado salvar al Antonio, más este se les ha metido debajo de la lancha y no ha podido agarrarle; que al observar esto han bajado el trinquete y tanto su lancha como la de Sebastián de Ortube que también venia a su lado han dado vuelta y han ido al punto donde estaba el Antonio, más como este no sabía nadar se les ha ido al fondo, sin que pudieran salvarle; que visto que ya no podía prestar socorro alguno, se han puesto en camino en dirección a este puerto, más como la lancha no podía gobernar por falta de timón, ha arrivado al puerto de Elanchove, donde ha quedado la lancha al cuidado de Cornelio de Marecheaga…» (Juan Antonio Bastarretxearen adierazpena).
Ikusten denez, «…un valance de la lancha…», “…un golpe de mar…” edo antzeko gora-beheraren baten eraginez, untzibarruko gizonek lankide bat itsasora erortzen eta zuzenean itotzen ikus zezaketen euren begien aurrean, ezer egiteko posibilitaterik gabe. Une batetik bestera, bada, eurekin batera arrantzara urten zuen lagunik gabe gelditzen ziren. Eta esan bezala, berez, trajikoa eta gogorra den gertakari hau, are latzagoa bihurtzen zen itotakoa sarri gertatu ohi zenez, barruko gizonen baten anaia, semea edo senditartekoa zenean.
Eta horrelakoak, asko eta asko gertatzen ziren euskal kostaldean. Hain maiztasun handiz ematen ziren horrelako kasuak, bertsolarien kopletan ere argi jasota gelditu zen arrantzaleen bizitzako penarik handienetako bat horixe zela, alegia, egunsentian itsasoratzen zirenak ez zekitela arratsean lehorrera itzultzeko zoria izango zuten. Horrela adierazten digu egile ezezagun baten bertso honek:
“Bertso berri batzuek nijua jartzera
Arrantzalien penak adieraztea:
txalupa txar batean goaz itsasora,
lehorrik azaldutzen ez den parajera
jakin be bueltatuko geraden etxera”
Baina mingotsez ganera, kaltegarriak ere baziren, era honetara gertatzen ziren naufragio edota ezbehar txikiak. Perspektiba apur batekin ikusita, ia-ia ekaitz handiak sortarazitako hondamenak beste. Har dezagun puntu hau frogatzeko baxurako arrantza-arloan, oraintsura arte, behinik behin, garrantzirik gehien izan duen Euskal Herriko portuaren adibidea: Bermeo. Herri honetako arrantzaleen artean, hiru hondamendi nagusi gertatu izan dira azken 200 urteetan. Lehenbizikoa 1800 urteko martxoaren 31an jazo zen eta 49 heriotza ekarri zituen. Portuko arrainuntziak, legatzetan itsasoratu ziren egunsentian eta “…como de las quatro á las cinco, levantó un uracán (sic) de viento ventabal (sic) que se anegaron diferentes barcos y se aogaron en ellos todos sus tripulantes…” .
Hamarkada batzuk geroago, 1878ko apirilaren 20an, hain zuzen, beste 85 bermeotar ito ziren itsasoan. Bigarren honetan ere ezustean inguratu zitzaien ekaitza itsasoko lanetan ziharduten arrantzaleei. Parrokiko arduradunak idatzita utzi zuenez, egun hartan, goizaldeko bostetan itsasoratu ziren portuko txalupak, eguraldirik zoragarrienaz. Halaz ere, «…a las doce y media en punto -zehazten du idazkiak- hallándose éstas en alta mar a la pesca de merluza, desencadenó súbitamente una furiosa tempestad de vendabal uracanado que anegó en toda la costa diferentes lanchas y entre ellas catorce de este puerto, de cuyos tripulantes perecieron hasta 85…» . Zoritxarreko egitate hau, euskal kostaldean sekula izandako hondamendirik handienatzat izan zen hartua bere garaian . Eta horrela izango zen agian, handik urte gutxira, ikusiko digunez, marka hau hautsita geldituko bazen ere.
Hirugarrena, -marka hautsiko zuena, alegia- 1912.ko abuztuaren 12an gertatu zen. Arrantzan zeuden lekuan bat batean agertu zen galarrenaren eraginez, 116 gizon galdu zituen herri honek itsasoan. Hemen ere, Eleizako parrokoak, berba larriak erabili zituen gertaturikoa heriotza-liburuetan aipatzerakoan. Zoritxarreko egun hura, era honetara kalifikatu baitzuen: “…Día de infausta e imperecedera memoria para el pueblo de Bermeo…” .

XIX mendean, Kantauri itsasotik ibili ohi ziren atuna harrapatzeko txalupa bat (Jose Maria Uzelairen margo batetik jasoa)
Erretoreak idatzi zuenez, aipaturiko hirurak, ahaztezineko egunak izango ziren bene-benetan bermeotarrentzat, arrantzaleen familia asko eta asko negar eta zoritxarrean murgilduko baitzituzten. Baina orain azpimarratu nahiko neukeena da, noizean behin gertatzen ziren hondamendi herraldoi eta larri hauen ondoan, maiz ematen zirela garrantzi gutxiagoa zuten hondorapen txikiak ere; eta azken hauen ondorioz urtero-urtero kantauriko uretan itotzen ziren banaka edo binaka itsas-gizonak kontuan hartuta, ia edozein mende-laurdenetan hilten zela, zoritxarreko egun hauetako bakoitzean betiko desagertzen zirenen beste. Azter dezagun, adibidez, Bermeon bertan, 1840tik 1865ra bitarteko urteetan kantauriko itsasoan ito zirenen kopuruak. Denbora-epe honetan ez zen, aipatu herriko itsastarren artean, zoritxar handirik gertatu. Baina horrek ez du esan nahi itsasoan, hagatik ala besteagatik, heriotzarik gertatu ez zenik. Gertatu zen, bai, eta ez gutxi. Begira bestela hurrengo laukia:
1840tik 1865ra bitartean Kantauri itsasoan hil ziren Bermeoko arrantzaleak.
URTEA |
ITSASOAN ITOTAKOAK |
|
1840 |
8 |
|
1842 |
4 |
|
1843 |
12 |
|
1846 |
10 |
|
1848 |
10 |
|
1849 |
2 |
|
1850 |
1 |
|
1852 |
6 |
|
1856 |
1 |
|
1857 |
2 |
|
1860 |
14 |
|
1864 |
14 |
|
1865 |
2 |
|
Denetara |
86 |
Ikus daitekeenez, oso esanguratsuak dira aurreko zutabeetan agertzen zaizkigun datuak. 1878 urteko ekaitzean 85 bermeotar eraman zituen itsasoak. Baina, teorian, behintzat, ezbeharrik gabeko urtetzat ditugun 1840tik 1865ra artekoetan, herri honetako 86 gizon hondoratu ziren betiko kantauriko itsasoan. Hau da, zoritxarreko urte hartan baino bat gehiago. Datu hauek guztiak erakusten ematen digute, euskaldunon itsasoa, mende honen haserako hamarkadetara arte, txalupa, traineru eta potin ahulekin bakar-bakarrik zebiltzan arrantzaleentzat benetan arriskutsua izan bada, ez dela izan, soilik, noizean behin ekaitz handi batek itsaso ganean zegoen oro narras eraman eta garbitzen zuelako, arrantzaleen artean ehundaka baja sortaraziz. Hori gauza larria zen, jakina. Baina horrez ganera, urtero gertatzen ziren hondamendi txikiak ere, eragin izugarria zuten arrantza-herrien demografian; eta aurten bi, hurrengoan lau, eta bost urte garrenean beste hiru, pila bat ziren, luzarora, euren hilobia kantauriko ur gazietan aurkitzen zuten itsas-gizonak. Ixilean, hondamendi handiak sortarazten zuten zarata eta abarrots barik baina, epe luzera, lekuak lekuko demografian, hauek adina kalte sortuz. Horrela ulertzen da portu-herrietako biztanleei buruzko estatistika historikoetan andrazko eta gizonezko alargun-kopuruen artean somatzen den desoreka.
2.- SEGURTASUNERAKO NEURRIAK.
Aurreko atalean ikusi dugunez, iraganean, arrisku handiko itsasoa izan da kantaurikoa euskal arrantzaleentzat. Hortakoz, euren bizitza egoera galbidetsuetatik babesteko asmoak bultzatuta, zenbait neurri hartu beharrean aurkitu ziren gure kostaldeko itsastarrak. Lantxo honen helburua, hauetako batzuk aztertzea da, lan-komunitate tradizional batek bere kideen segurtasuna bermatzeko jarraitzen zituen bideak eta erabiltzen zituen tresnak ezagutzeko, argibide ederra emango digutelakoan.
Ikus ditzagun, bada, euskal itsasoko arrisku galgarriei aurre emateko, gure kostaldeko arrantzaleek asmatu eta erabili zituzten neurririk garrantzitsuenak. Hauen azalpenarekin aurrera jo aurretik, alabaina, esan beharrekoa dela uste dut, Euskal Herriko arrantza-komunitate tradizionalak kofradien inguruan egituratuta egon izan direnez, itsastarren anaidiak izaten zirela, gehien bat, -taldearen borondate eta nahiak bideratu eta formalizatzeko tresna zirenez gero- segurtasun-neurri hauek ezartzen zituztenak.
2.1.- Itsasuntzien neurria eta egoera ona zaindu.
Gaur egunean bezalaxe, iraganean, untzia zen -txalupa handia, trainerua, potina zein batel txikia- euskal kostaldeko arrantzaleek euren lanerako behar zuten lehenbiziko eta oinarrizko tresna. Garrantzia handikoa zen beraz, arrantza-gizon hauentzat, behar bezalako untziak -hau da, sendoak eta ondo eginak- edukitzeaz ganera, untzi horiek ederki zainduta eta egoera egokian mantentzea. Eta hori, ez bakarrik itsasoan egin beharreko arrantza-lana ahalik eta erarik eraginkorrenean egiteko; ez bada arrantzaleen bizitza euskal kostaldeko eguneroko ekaitzetatik ezin hobean babesteko.
Arrantza-arloko itsas gizonen segurtasuna bermatu nahiak, arrantzaleak itsasoratu behar zituzten untzien neurriak eta egoera zehatz-mehatz arautzera eraman zuen euskal kostaldeko kofradia asko. Sarritan, arrantza-lanetan jardungo zen untzi bakoitzak, itsasora urten ahal izateko barruan eraman behar zuen gizon-kopurua eta barneratu behar zituen tresnak ere arautuak izan ohi ziren anaidien ordenantza edota batzarretako erabakietan. Leku batzuetan, horrez ganera, urteko kosterarik garrantzitsuenak hasi baino lehen, beren-beregizko ikuskariak izendatzen zituzten itsastarren anaidiek, arrantzara urten behar zuten untziak, aldez aurretik ezarritako erregelak betetzen zituzten konprobatzeko. Mutrikuko kofradian aurkitzen dugu diogun honen adibiderik argienetakoa. Anaidi honetako ordenantza zaharrek honako hau ohartematen zuten 18. kapituluan:
«Para que con más seguridad puedan navegar, especialmente en la pesquería de besugos en el invierno y de atunes en el verano, que las dichas pinazas que se hicieren de aquí adelante sean y tengan cada una quince codos de largo de branque a branque y en ancho e alto a ello conveniente proporción e que sean bien aparejadas e anden con suficientes marineros conforme conviene a la seguridad dellos e de la gente que en ellas hubieren de navegar (…) y los mayordomos que son o fueren tengan especial cuidado de visitar las dichas pinazas…»
Baina arrantza-mota ezberdin askotan jarduten zuten euskal kostaldeko itsasgizonek, eta ez denak arrisku berekoak. Horregatik, leku askotan, mailakatu egiten zen kofradiaren puntu honekiko arauketa ere: untzirik txikienei, arrisku barik burutu zitezkeen arrantza-mota jakinetan jarduteko baimena ematen zitzaien bakar-bakarrik eta itsaso zabalean eta negu gorrian burutu beharreko arrantza-jardunetan aritzeko ahalmena, aldiz, txalupa handiei aitortzen zitzaien soilik. Mundakako kofradiak, adibidez, erabat debekatuta zeukan batelez aingira-arrantzan itsasoratzea, untzi handietan bakarrik egin baitzitekeen arrantza-mota hau .
Aipatua bezalako neurriak, hala ere, ez ziren beti paketsuak izaten. Bermeon, adibidez, tira-bira tentsiotsuak gertatu ziren XIX. mendearen bigarren partean kofradiako nagusien eta bateleroen artean. Anaidiak, aspalditik debekatua zien bateletako arrantzaleei itsaso zabaleko kaletara arrantzan joatea. Hauek, ordea, ez zuten erregela hau betetzen eta 1858. urteko urtarrilean, batzar nagusi batera deitu zieten anaidiko agintariek batelen jabeei. Asko eztabaidatu ondoren honako akordio honetara heldu ziren batzuk eta besteak:
«…que considerando las desgracias que tal vez puedan sobrebenir (sic) con la libertad amplia en todas estaciones del año a las calas de alta mar que se otorgase a los boteros, y persuadidos, como se hallaban de que en los meses de Julio y Agosto no es de temerse desgracia ninguna por la vondad (sic) del tiempo, conbenían (sic) en que los boteros á escepción de los dos meses indicados, no podrán dedicarse á la pesca no siendo en los puntos en que hasta hoi (sic) lo hacen por disposición del Señor Comandante de Marina…»
Ikusten denez, bada, uztaila eta abuztuko hilabeteetan izan ezik, galerazo egiten zitzaien bateleroei baimenduriko hiru-lau puntuetatik kanpo arrantzan jardutea. Hauek, dena den, kofradiaren barruan, erabakiarekiko adostasuna agertu bazuten ere, ez dirudi hitzarturikoarekin oso gustora zeudenik. Eta handik gutxira, Marinako Komendanteari zuzenduriko idazki bat bidaliarazi zioten herriko alkateari, kofradiaren kontra era guztietako irain eta salaketak adieraziz. Besteak beste, zera esaten zuen idazkiak, hots, harturiko neurria ez zela segurtasun arrazoietan oinarritzen, untzi handiak zein batelak ahultasun berdintsukoak zirelako itsasoko arriskuen aurrean. Euren ustez, bateleroei kalte egitea zen akordioaren xede bakarra, batelez, sarri askotan, untzi handietan baino gehiago irabazten zelako. Ez dirudi, ordea, kofradiaren akordiak, neurri batean behinik behin, oinarri arrazoitsu eta sendorik ez zuenik, 1878ko hondamendia gertatu ostean, berriro erabaki baitzen anaidiaren baitan, neurri jakin batzuetara heltzen ez ziren traineruak ezin zezaketeela: «…ni deberá desde el 11 de Noviembre de cada año hasta el 1 de marzo seguiente pescar de tres millas fuera del cabo de Machichaco al Norte y en toda su línea para el Este, pero sí en los demás meses intermedios y en todo el año dentro de la línea espresada, así como en la bahía…».
Untzien berezitasunei buruzko segurtasun-neurriak, bereiziki beharrezkoak gertatzen ziren berez arriskutsuak ziren arrantza-motetan. Horietakoa zen, esate baterako, balearen arrantza; itsaso aldakorrean ibiltzeaz gain, dimentsio handiak zituen izaki baten kontra jardun beharra eskatzen zuelako. Horrelakoetan, kofradia batzuk, bale-arrantzarako beharrezkoak ziren tresna eta tramankuluak barruan eramatea galdatzen zien untzien jabeei, euren txalupekin itsasoratu eta baleen ehizan jardun nahi bazuten behintzat. Eta horrela ez egitekotan, harrapa zitezkeen baleak eurenganatzeko eskubide guztiak galtzen zituzten. Argi eta zehatzak izaten ziren puntu honi buruzko arauak. Hona hemen adibide bat: San Mateo egunerako (azaroaren 21) bale-arrantzan ibilteko asmotan zeuden untziak, arpoiekin, txikotekin eta gainontzeko tresnekin behar bezala horniduta ez bazeuden, xedatzen zuen Lekeitioko araudiak, «…se tendrán por no parte ni derecho habientes en la matanza de dhos peces…» .
2.2.- Kostako puntu garrantzitsuetan argiak piztea.
Hauxe genuen arrantzaleen segurtasunari adi itsas-kofradiek hartu ohi zuten beste neurrietako bat: Itsasertzeko lekurik nabarmenetan argiak piztea, gauaren iluntasunak, ekaitzen eraginak edo behe-lainoak ikusmena eragozten zutenean, arrantza-kaletatik herrira itzuli nahi zuten itsas-gizonak nora ezean ibili ez zitezen. Argi hauek suzkoak izan ohi ziren, noski, eta portu ezberdinetako anaidiak hartzen zuten euren gain, sutea piztu eta mantenetzeko beharrekoak ziren gaien kostua: egurrak, pikea eta abar.
Hondarribian, San Telmoren elizatxoaren inguruan piztu ohi ziren lehenik argiok, baina, gerora, lekuz aldatu zituzten eta hiriaren aurreko ondartzara eraman. Donostian ere ezaguna da oso, Motako gazteluaren ondoan jartzen zela arrantzaleei etxerako bidera erakutsi behar zien argia. Mutrikun, berriz, nasan eta talaitxoan pizten ziren suak. Santa Katalina izeneko ermitaren alboan egiten zuten su mundakarrek. Eta azkenez, Bermeoko kofradiak leku ezberdin askotan piztu izan ditu argiok urteetan zehar baina, azken denboretan, portuaren sarrera ondoan zegoen Bastarre izeneko lekua erabili ohi zuen horretarako. Herri honetako kofradiak andrazko bat zeukan beren-beregi eginkizun hauek burutzeko eta 1878ko araudiak argi eta garbi zehazten zituten bere egitekoak:
«Hará hogueras o encenderá luz clara en buen farol aseado, que fijará en el punto de Basterra, cuando las embarcaciones pescadoras regresen al puerto y haya rompientes cualquier día del año en los arrecifes esteriores de Santa Clara para que se alejen de estos y entren por la barra al puerto, con cuyas señales continuará hasta que entren todas ellas en él…»
2.3.- Untzien porturako sarrera arautzea.
Itsasoa haserratu edota eguraldia okertzen zenean, ez zen nahikoa arrantza lekuetatik lehorrera itzultzen ziren txalupa eta traineruei jarraitu behar zuten bide egokia argien bitartez erakustea. Portu askotan, barra arriskutsuak zeuden kaiaren sarreran eta oso zaila eta neketsua gertatzen zen, *batez ere itsasoa bare ez zegoenean* moilaz inguraturiko esparru babestura sartzea. Haatik, ez ziran gutxi izaten, kofradiak pizturiko argi eta suteei esker portuaren ahora inguratzea lortzen zutenen artetik, barraren ur-hesia gainditu ahal izateko, gorriak eta bi ikusten zituztenak.
Arazo hau, pentsa daitekeena baino larriagoa zen. Portuen aurreko barrak gurutzatzerakoan, untzien urperatze ugari eta itsas-gizonen heriotza asko gerta ohi ziren. Lan honetako 1. puntuan jaso ditugun 1840tik 1865ra arteko heriotzetan, barrak zeharkatzerakoan edota portuen aurre-aurrean gertaturiko hondorapen bat baino gehiago aurkitzen dugu. Simon de Echebarria arrantzale bermeotarra, esate baterako, «…fue aogado (sic) en la Barra de Motrico el mes de enero de mil hochocientos (sic) treinta y seis…». Sei urte geroago, Juan Pedro de Arreche izeneko beste arrantzale bat ere, «…en la barra de Mundaca…» hondoratu zela esaten digute heriotza-liburuek, eta bertan galdu zuela bere bizia.1843. urtean, Pascual de Rentería eta bere untzibarruko lagunak «…en la barra de Pasajes…» hondoratu ziren. 1849. urtean, berriz, Pedro Beotegui izeneko arrantzaleari buruz, «…se haogó en Canala…» diosku Bermeoko Santa Maria Eleizako agiriak; alegia, Mundakako barraren aurrean ito zela. Hurrengo urtean, Jose de Mardaraz bermeotarra ere «…se ahogó frente a Mundaca…». Hango barra gurutzatzerakoan seguru asko. Ikusten denez, bada, ez ziren txantxetakoak kai batzuen aurreko barrak zeharkatzeak sortarazten zituen arriskuak.
Kofradiek, arau zehatzak eman zituzten arazo larri honi aurre emateko xedez. Portu bakoitzak bere arazoak bazituen ere, orohar, zentzu eta edukin berdin samarrekoak zirela baiezta dezakegu kostako leku ezberdinetan puntu hau arautzeko eman ziren erregelak: Itzultze bidean etorri eta portura sartzea lortzen zuen txalupak, bere atzetik zetorrenari itxaron behar ziola agintzen zuten itsas-anaidi askotan emandako arauak, harik eta hau ere arazorik gabe sar zitekeela bermatuta gelditu arte. Behin hori egiaztatuz gero, askatasun osoz lurreratu zitekeen lehenbizi heldutako txalupa, eta sartu berriaren txanda zetorren; bera gelditu behar zen orain hurrengoaren zai. Oinarrizko lerro nagusi hauen baitan, dena den, kofradi guztiek ez zieten portuaren ahoan gelditu behar zuten txalupei gauza bera galdatzen. Batzuetan, atzean zetorrenari itxarotea besterik ez zitzaien eskatzen txalupei, inguratzen zena arriskutik kanpo gelditu arte. Eta okerren bat gertatzekotan, laguntzea ematea, noski. Plentziko ordenantza zaharrek arautzen zuten era honetara:
«…la primera pinaza que viniese a pescar haya de estar esperando hasta que otra pinaza sea llegada y entrada en salvedad en la barra de la dicha villa. Y la segunda pinaza espera a la otra, de manera que de continuo esté una pinaza sean puestas en salvedad para que si por ventura se peligrase alguna pinaza con la dicha mar brava, entrando en la dicha barra socorra la tal pinaza que estuviere en la barra esperando a cada pinaza la gente, porque no perezca…»
Inoizkotan, zai egoteaz ganera, heldutako txalupak lagundu egin behar zion hurren zetorrenari portuaren aurreko barra iragaten, keinuak egin eta aholkuak amanez. Batez ere zein unetan aurrera egin zitekeen adierazi behar zion, barra arriskurik gabe zeharkatzeko. Hauetan, aurrekoetan ez bezala, jarrera aktiboa hartzea eskatzen zitzaion hasera-haseratik aurreko txalupari, atzean zetorrenaren mesedetan. Begira, adibidez Mundakako itsastarren kofradian xedatutakoa:
«…el primer barco ó chalupa que hubiese salido y pasado la varra haia de aguardar a dar seña y consejo de quando puede abanzar la chalupa ó barco inmediato que le siguiente y es lo mismo al otro alternatibamente hasta que unas y otras chalupas baian y caminen seguidos…»
Azkenez, lekurik arriskutsuenetan, ez zen nahikotzat hartzen atzean zetorrenari begira egotea; ez eta, horrez ganera, barra gainditzen laguntzea ere. Ondo zeuden horiek baina portuaren egoera txarraren haritik, arrantzaleen segurtasunak neurri sakonagoak eskatzen zituen; hain zuzen ere, txalupa biak, aurrekoak eta ostekoak, arrisku guztia uxatu dutela bermatu arte, txikotez eta sokaz zenbait lotura egitea. Lekeitiko 1766ko ordenantzak argi askoak ditugu puntu honetan:
«…ninguna chalupa entre dentro de los muelles y así en el cay sin que se asegure su inmediata chalupa, sino que preveniendo con su arpeo y estacha le haia de aguardar junto a la nasa y entrada de dhos muelles y así asegurada aquélla la siguiente haia de hacer la misma observancia y todas subsiguientemente…»
Laurogei bat urte geroago kofradia honetan prestatu zuten araudi berrian, zehaztasun gehiagoz jasotzen zen honelako egoeretan txalupek egin behar zutena:
«Se asegurarán a la entrada de la dársena las chalupas cuando lo exija la impetud (sic) del mar con una estacha de 140 brazas y permanecera con todos los remos á fuera sobre dicho chicote hasta tanto que llegue otra y se asegure con el otro chicote de la dicha estacha, cual permanecera y hará la misma operación y así seguirán hasta entrar ó asegurar todas las lanchas de este puerto por si en caso que ubiese alguna aberia en la barra para darle socorro…».
Ikusten denez, bada, sarrera neketsua zuten portuetan txalupen itzulera segurtasunez bermatu nahiak, hamaika kezka eta buruhauste ematen zieten kofradietako arduradun nagusiei.
Gure arranatzaleen untzietan lurrun-indarra sartu zenean, elkarri laguntzeko bete behar hau porturako sarreretatik itsaso zabalera hedatu zen. Arrantzuntziak belaz edo erramuz zebiltzanean, ez zegoen, oro har, itsaso zabalean batak besteari lagundu beharrik. Bakoitzak bere baliabideak zituen untzia mogimenduan jartzeko eta ezbehar oso larriren bat gertatu ezik, ez zuen inoren laguntzarik behar izaten portura itzultzeko edo beste edozein lekura joateko. Untzietan makinak sartu zirenean, berriz, hauek bihurtu ziren enbarkazioen bultzatzaile bakarrak eta makina zapuztuz gero, olatuen joan-etorrian, inora mugitzeko posibilitate barik gelditzen ziren arrantzaleek. Ezinbestean behar zuten besteen laguntza, etxeratu eta euren bizitza salbu jarri nahi bazuten. Horregatik, atoi-araudiak onartzen hasi ziren zenbait kofradiatan, untzien arteko elkar laguntza bete-beharrak ezarriz..
2.4.- Eguraldiaren arabera arrantzaleak noiz itsasoratu zitezkeen erabakitzea eta behin itsasoratuz gero noiz etxeratu behar zuten agintzea.
Kantaurikoa bezalako itsaso hain aldagarri eta fidaezinean jarduteak, arrisku asko zerkarzkiela ikusi dugu, bertan zebiltzan arrantzaleei. Arrisku horiek uxatzeko itsastarren kofradiek hartzen zituzten zenbait neurri ere aztertuak ditugu aurreko ataletan. Baina, beharrezkoak eta onuragarriak izan arren ere, orain arte aztergai izan ditugun neurriak ez zuten, osoan behintzat, arrantzaleen lan-arloko segurtasuna bermatzen. Segurtasun honen areriorik okerrenak ekaitz eta galarrenak zirenez *eta bereiziki, aldez aurretik ohartemanezinak; hots arrantzaleak itsasoan zuedela, ustekabean, une batetik bestera inguratzen zitzaizkienak* horiengandik ihes egitea ahalbideratuko zien mekanismoak behar zituzten itsastarrek euren eguneroko lana gutxiengoko babesarekin burutu ahal izateko.
Oso garrantzitsua zen, haatik, eguraldiaren arabera, arrisku barik noiz itsasoratu zitekeen jakitea eta, behin itsasoratuz gero, itsasoaren egora okertzen zela eta lehorreratzea noiz egiten zen komenigarria ezagutzea.
Gaur egunean oso tresna aurreratu eta fidagarriak daude eguraldia aurrez igarteko. Antzinako denboretan, ordea, ez zuten horrelakorik. Hortakoz, urteetako esperientziaz baliatu behar ziren gure aurrekoek aizearen eta hodeien ezaugarrietan eguraldiaren joera aurrikusteko. Baina eguraldiaren norabidea zeruan irakurtea ez da beti gauza erraza. Luzaroan urtziaren lerroak irakurri nahian ibilitakoek ere huts egiten dute sarri, euren eguraldiari buruzko iragarkietan, natura ez baita arau jakin eta errepikatuetara makurtzen. Haatik, euren lanaren segurtasunerako behar-beharrezkoa bazuten ere, itsasoko urak noiz izango ziren bare eta, aldiz, ekaitzak noiz etorriko ziren jakitea, ezinezkoa zitzaien eguraldia zehatz-mehatz eta inolako zalantza barik aurrikustea.
Hala ere, arrantzaleen segurtasuna bermatzen saiatu behar zuten.
Baina nola lortu hori aipaturiko baldintzetan?
Euskal arrantzaleek, ikusiko dugunez, sormen handiz egin zieten aurre erronka hauei.
2.4.1.- Itsasoratzeko eta lehorreratzeko erabakiak hartzeko bide ezberdinak.
Itsasora urten eta eguraldia okertzen zenean lehorrerako bidea hartu ala ez hartzekoKantauri itsasoko arrantzaleen komunitateetan, talde osoaren ardurako gauzatzat hartzen zen eguraldiaren igerketari eta, honekin hestuki lotuta, arrantzara urten ala ez urten erabakitzeari buruzkoa. Gure aspaldiko itsastarrek ez zuten begi onez ikusten zalantzazko eguraldia zegoenean itsasora joan ala etxean gelditzeari buruzko erabakia untzijabe bakoitzak bere kasa hartzea. Ekaitzen arriskupean itsasoratzea gauza serioa zen oso; zorteak okerrerako bidea hartzekotan, komunitate osoari eragiten zion ausarkeri onartezina. Beste horren beste gertatzen zen itsasoan arrantzan ibili eta eguraldiak okertze-bidetik abiatuko ote zenaren susmoa ematen zuenean. Orduan ere banakako arrantzaleei ezezik, kofradiko guztiei zegokien kontuz ibili eta ibilaraztea, zoritxarren bat gertatzekotan, kofradia osoa suertatzen baitzen nola edo hala ikutua. Perez Bilbaok oso grafikoki azaltzen digu lan-segurtasuna behar bezala ez babesteak komunitatean duen eragina. Arrantzaleen itsasoratzea eta lehorreratzea nola edo hala arautuko ez balitz, esaten digu autore honek,»…ontzi bakoitza bere aidera ibiliko litzake. Bakoitzak berak gura dauen orduetan urtengo leuke itsasora. Eta Zer pasako litzake?. Zeinek goizako hasiko litzakez urteten, desorduetan, kalako lekurik onenak atrapateko. Eta zeinek beranduago portura etorten. Eguraldi txarrean, edo txarrerantz doanean, itsasora joango litzakez ontzi batzuk, barruko gizonak egoera arriskutsuetan ipiniaz. Hori nora ez dala, arraintza-gizonaren lana, berez neketsua eta latza eta esker gitxikoa dana, oraindino gogorragoa bihurtuko litzake, alkar arteko konpetentziaren eraginagaz, anarkian jausi arte…»
Arrazoi hauek guztiak kontuan hartuta, komunitate osoari zegokiola uste zuten, aipatuak bezalako erabakiak hartzea. Edo beste era batera esanda, akordio hauek guztiak inola ere ezin zitezkeela arrantzale bakarren esku utzi, bakotitzak nahi zuena egin zezan.
Lan-segurtasunaren kontua talde-arazotzat hartzea ez da harritzekoa. Gremioen tankerako erakundeak izaki, kofradien helburuetako bat bere kide guztien jardun profesionala ildo berdinetatik ibilaraztea zen. Eta lanaren beste zenbait arlotan ere kofradia bakoitzak bere barruko guztientzat arau bakarra ematen zuenez *horrela gertatzen zen, adibidez, arrantzarako erabil zitezkeen apailu eta tresnekin edota porturaturiko arrainaren salmentarekin* itsastarren segurtasunari dagokionean ere jokabide berdina jarraitzen zuten: Norbanakoaren askatasuna murriztuz eta komunitateko kide guztien jarduna parekatu edota berdinduz.
Baina, nola hartzen zituen arrantza-komunitateak erabaki hauek guztiak?.
Leku askotan taldean: untzijabe eta lemazainen batzarretan, hain zuzen. Itsastarren arteko ohitura zaharrei jarraituz 1790. urtean Donostiako Kontsulatuak eman zuen araudiak, adibidez, honakoa ezartzen zuen bere 12. kapituluan, alegia, egunsentian, itsasorako bidea hartzeko orduan, eguraldia ainkolo-mainkolo agertzen bazen, lemazainen batzarra egin behar zela, nola jokatu behar zen erabakitzeko:
«…consultarán los patronos sobre el tiempo y hora en que convenga salir a la pesca; si bien el que no conformare con la opinión de los demás y quiera aprovecharse de aquél día de pesca sin deternerse por la inconstancia del tiempo o del semblante, podrá salir a ella, mediante a que puede bolver sin riesgo al punto que le obligue el mal tiempo, y lo propio se practicará estando en la cala o parage de pesca, quando variase el tiempo o por otras causas.»
Hau bezalako arauak ez dira euskal portuetan bakarrik eman. Kantauriko kostalde oso-osotik zabalduta zeuden hurrean. Luarcan, adibidez, Asturias erdian, honen antzeko bidea jarraitzen zuten arrantzaleek, goizaldean, eguraldi zalantzatsua agertu eta, itsasoratu ala lehorrean gelditu erabaki behar zutenean: txalupetako lemazainak la Mesa izeneko lekuan batzen ziren -hots, mahai borobila dagoen arrantzaleen auzoko enparatza txiki batean- itsasoratu behar zuten ala ez eztabaidatzeko. Adostasuna lortzen zutenean aho batez erabakitakoa egiten zuten. Aitzitik, iritzi bateraturik lortzen ez bazen, botu bidez hartzen zuten erabakia. Bozketa ekitaldia, bestalde, oso berezia zen. Mahaiaren ertza batean etxea irudikatzen zuen zerbait margozten zuten: Etxea, gurdia…etab. Kontrakoan, berriz, itsasoko lanaren ikur bat: untzia, arpoia…etab. Gauzak horrela, batzarrean zeuden lemazainak, mahaiaren bazter batean ala bestean biltzen ziren bakoitzaren iritziaren arabera: Etxearen zokoan lehorrean gelditzearen aldekoak eta arrantzarako bidea hartzea nahiago zutenak, berriz, itsasoaren aldean .
Eguraldia arrisku barik itsasoratzeko moduan zegoen erabakitzeko sistema honek, bere abantaila eta eragozpenak zituen. Alde batetik, erabakien argitasuna eta zuzentasuna bermatzen zuen, komunitate osoari zegokion erabakia, komunitate horren ordezkaririk behinena zen batzar orokorrak hartzen zuelako. Lemazain orok zuen batzarrean bere iritzia emateko aukera eta denek zuten, baita ere, bakoitzak bere botua emateko eskubidea. Eguraldiaren pronostikoa oker egiten bazuten, denak ziren horren erantzule eta ez zegoen, beraz, eginiko errakuntza inori leporatzerik. Baina horrez ganera -eta oso garrantzitsua zen puntu hau, kofradikide batzuk besteak baino ausartagoak baitziren itsasorako bidea hartzeko orduan- sistema hau jarraituz gero, inork ezin zuen batzarrak agindurikoaren aurrean entzun-gor egin; inork ezin zituen erabakiak bete barik utzi, ez zitzaizkiola jakinarazi aitzakitzat erabiliz.
Baina sistema honek bazuen eragozpenik ere. Batzarkide denak bildu eta erabakiak hartzeak denbora eskatzen zuen. Eta horrek atzeratu egiten zuen itsasorateko ordua, arrantzarako denborea laburtuz. Baina horrez ganera, sistema honek ez zuen biderik ematen, behin, kaletara joateko erabakia hartu eta gero, kofradiko untziak itsaso zabalean arrantzan ibili eta eguraldiak okertze-bidea hartzen zuenean, lehorrera itzuli ala itsasoan jarraitzeko erabakia behar adina azkar hartzeko. Eta egoera honetan harturikoak izaten ziren, egia esan, erabakirik garrantzitsuenak. Goizean goiz, itsasoratu baino lehen eguraldia aztertu eta arrantzara joateko moduan dagoen erabakitzea ez zen erraza izango, seguru asko. Baina hori bezain zaila izateaz ganera, untziak arraintza-lekuetan jardunean zeudela zerua ilundu eta hedoi beltzez betetzen hasten zenean etxera itzultzeko agindua ematea, erabaki larria zen; bizkor eta azkar hartu behar baitzen, ekaitza inguratzen zenerako untzi guztiak jadanik portura helduta egotea gura bazen behintzat.
Honen harira aipatu behar da, hondoratzeak eta, oro har, kantauriko uretan gertatzen ziren zoritxarrik gehienak -bai heriotza asko zerkartzatenak, bai giza-galtze bakanak sortzen zituztenak ere- untziak itsasoan zeudela ezustean agerturiko ekaitzek sortzen zituztela. Nahikoa da gure kostaldeko eleizetako heriotza-liburuak begi bistan jartzea horretaz konturatzeko. Ikus ditzagun, adibide gisa, bateren batzuk. Bermeoko arrantzaleen artean 12 hil utzi zituen hondoratze bat, adibidez, honela agertzen zaigu deskribatuta: «…el día 19 de febrero de 1843, habiendo salido a pescar y haber entrado de repente un temporal ó uracán (sic) muy fuerte y de 15 individuos que tenían de tripulazión la Lancha únicamente se salbaron (sic) tres, y las otras doce perecieron…» . Goragoko lerroetan aipatua dugun 1878ko ekaitz larria ere antzera sortu zen hurrean: «…á las doce y media en punto hallándose éstas (untziak) en alta mar a la pesca de merluza, desencadenó súbitamente una furiosa tempestad de vendabal uracanado (sic) que anegó en toda la costa diferentes lanchas…» .
Herri literaturak ere modu ederrean jaso du, kantauri itsasoan denboraltza eta ekaitzik gehienak ezustean sartze hau, arrantzaleentzat zein arazotsua zen. Hona, adibidez, egile ezezagun baten bertsoak honi buruz esaten dutena:
“…Orain egunagatik egualdi seguru,
minutuki bestera muantza hartzen du;
haize eta kaskabarrak zerua ilundu,
berak salbetziatik treza denak galdu,
arrantzale tristiak makinabat lan du.
…………………………………………….
Kalara jun ta hasten dirade arrantzan,
zerbait harrapatzeko ustez esperantzan;
kordelak askaturik nork bere pobrezan,
gero ekaitzaren bat egualdi mudan izan,
denak utzi-ta etxera galdu ez deditzan.”
Behin itsasorako baimena emanez gero barreiatu egiten ziren untziak handik eta hemendik, arrantzarako lekurik hobeenen bila. Gauzak horrela, eguraldiaren itxura okertzen zenean -eta okertze hori, maiz, aurreko aipamen bietan ikusi dogunez, «…de repente…», «…súbitamente…» edota horien antzeko erara gerta ohi zen-, nola deitu leku batera sakabanatuta zeuden untzi guztiei, egoerak eskatzen zuena bezainbeste arin bildu eta etxeratzeko erabakia har zezaten ?. Kasurik txarrenetan, beranduegi itsasoan zeudenen bizitzak salbatzeko. Baina hobeenetan ere, nekez; sailtasun askorekin. Eta edozein kasutan, itsasoan zeudenen bizitzak salbatzeko sasoiz ibiliko direla inola ere bermatu barik. Haatik, lemazain guztiak batzartzearena baino sistema azkar eta eraginkorragoa behar zuten euskal itsastarrek, batez ere egoeraren larritasunak bizi-bizi jokatzen eskatzea zuen suposamenduetarako. XIX. mendeko erdialdean gertaturiko auzi batek oso argi agertzen digu zein neketsua izaten zen eguraldiari buruz hitz egin behar zen bakoitzean, arrantza-kaletatik zebiltzan untziak leku batera biltzea: 1838. urteko otsailaren 18an Elantxobeko zortzi untzi itsasoratu ziren eguneko arrantzaldia burutzen. Horietatik hiru inguru berdintsutik ibili ziren eta gainontzeko bostak, berriz, lehenbizikoek aukeratu zuten lekutik nahiko urrun zegoen kala batera abiatu ziren. Horrela zeudela, auziko idazki batek agertzen duenez,
“…la lancha señera que se dividió con las otras dos de su comitiva, parece que hizo seña para regresar y no fué observada por la en que tripula mi parte, ni por las otras cuatro que estaban en su inmediación, muy remotas de las dichas tres y ocurrió, que volviéndose estas al puerto, quedaron las cinco en la mar continuando su pesca…”
Hori ikusita, zenbait portutan, erabaki hauek guztiak hartzea komunitate osoaren esku utzita bazegoen ere, kofradiak, kargu berezi batzuk zituen bere egituraren barruan, beren-beregi eguraldiaren kontuetaz eta itsasoratze edota lehorreratze kontuetaz arduratzeko. Kargu hauek señero edo itsas-alkatearena ziren.
XVIII. mendeko dokumentu batek oso modu labur eta gardenean agertzen duenez, kargu honen egitekoa, laburrean esanda, honakoa zen: «…conocimiento del tiempo en que deven (sic) ir o dejar de ir (itsasora, alegia) y iendo (sic) su buelta o permanencia…» .
Euren zeregin garrantzitsu hau burutzeko, aginte-maila ezberdinak zituzten portu ezberdinetako señeroek. Leku batzuetan jaun eta jabe ziran eguraldiari buruzko erabaki guztiak hartzeko, arrantza-komunitateko beste inor ez baitzen kontu horietan sartzen. Beste batzuetan, ordea, batzarrera deitzea ezinezkoa edo desegokia suertatzen zenean bakarrik aitortzen zitzaien erabakiak hartzeko ahalmena.
Señeroei autonomia eta aginterik gehien aitortu izan dien kofradia, Bermeokoa izan da zalantza barik. Agian, itsasoratzeko eta lehorreratzeko eguraldiaz zerbait erabaki behar zen bakoitzean lemazain guztiak batzartzen ibilteko arrantza-komunitate handiegia izateagatik edo, herri honetako kofradiak, oso goiztik sartu zuen señeroarena bere barne karguen artean eta hasiera-hasieratik jantzi zuen kargu hau aginte handiz. Ordenantzarik zaharrenak erregearen baimena lortu zutenerako *XVI. mendean gertatu zen hau* arrantzale bermeotarrek bazuten, jadanik, eguraldia aztertzeaz eta arrantzara urten ala lehorrean gelditu behar zuten agintzeaz arduratzen zen kargu hau.
Baina, azter dezagun sakonago señeroaren irudia.
Gauza nabarmena denez, gaztelaniazko seña-tik datorkio señeroari bere izena. Jatorri honen esangurea ere erraz ulertzekoa da. Harturiko erabakiak gainontzeko kofradikieei jakinarazi behar zienean, keinu jakinak erabilten zituzten señeroek; kofradiaren barruan aldez aurretik hitzarturiko keinuak, alegia. Hortakoz, señak egiten zituztenak ziren señeroak. Anaidiaren baitan aldez aurretik hitzarturiko keinuak egiteko erantzukizun berezia eskuratuta zutenak. Dokumentu zaharretan ez da zehazten erabakien jakinarapenak egiteko zernolako keinuak erabilten zituzten baina, seguruenean, ikurrin bereziez eta ontziaren belez baliatuko ziren eginkizun horretarako. Elantxobeko portuan XIX. mendearen erdialdean gertatu zen auzi baten agertzen denaren arabera, herri honetako arrantzaleen artean, itsaso zabaletik etxeranzko bidea hartu beharra agintzen zuen señeroen keinua honako hau zen, alegia, belak eta aurreko mastapaloa jaistea. Horrela esaten zuten behintzat, auzian barrena señeroei keinu hori behar bezala ez egitea leporatzen zietenek: “…pudo tal vez dar margen, el que, no hubiese la que tenía al cargo de hacer la seña, vajado sus velas y el palo ó maste de proa, como era de su obligación, pues que este es el distintivo con que debe aparecer la señera, para ser conocida como tal y fijar en ella la vista para obedecer á sus órdenes…”
Kofradia barruan señeroak edukitzeak, azkar ibili behar zenetan azkar jokatuko zela segurtatzen zuen. Ez beti ekaitz sartu berriak sor zitzakeen kalte guztiak ebitatzeko adina bizkor baina, edozelan ere, bizitasun nahikoz; kasu hauetan, ez baitzegoen, zerua iluntzen zenean, untzi guztiei gune jakin batera deitu eta denak bildu ondoren, erabakia hartu arte eguraldiari buruz eztabaidatzen ibili beharrik. Señeroek eurek erabakitzen zuten zer egin behar zen eta erabakitakoa gainontzekoei jakinaraziz gero, une berean jarraitu behar zuten arrantzaleek haien agindua. Ados egon zein ez egon.
Gorago ikusi dugun espedienteak , argi asko adierazten digu nola jokatzen zuten itsasoan zeuden arrantzaleek señeroek etxera bueltatzea adierazten zuen keinua agertzen zutenean: Domingo de Ugalde, kaltetua gertatu zen untziaren patroiak azaldu zuen, behin kalara iritsiz gero «…se han puesto a pescar y allí han permanecido hasta cosa de una á dos, en que se ha levantado la seña de retirarse porque amenazaba el tiempo; que tan pronto como han visto la seña han dispuesto volver al puerto y se han puesto en movimiento en esa dirección…». Juan Antonio Basterrecheak era antzekoa aitortu zuen: «…que estando pescando han dado la señal de retirarse por que el tiempo se presentaba de mal aspecto…». Zehatzagoa zen behar bada, Sebastian de Ortuberen adierazpena: «…tan pronto como han visto la seña que han levantado los señeros mandando retirar al puerto, el declarante se ha puesto en dirección a este puerto dejando de pescar en la altura…» .
Ikusten denez bada, señeroek emaniko aginduen aurrean, puntuan betetzea besterik ez zuten gainontzeko kofradikideek. Bai arrantzale arruntek, bai lemazain edo patroiek ere. Ez zegoen, hemen, iritzirik agertu edota bozketa eskatzeko aukerarik. Kofradiak señeroen eskuetan utzita zuen erantzukizun hau eta señeroen esanak, lemazainen batzarrean harturiko erabakiaren pareko balioa zuen. Are gehiago, itsasoan arrantzan zeudela señeroek eurek ere elkarren artean berba egiteko denborarik edo aukerarik ez bazuten, beste señeroen aginduak betetzera behartuta zeuden. Nahikoa zen batek etxeratzeko moduko eguraldia dagoela uste izatea, gainontzeko guztiak, lehorreranzko bidean bere atzetik abiatzeko beharra izan dezaten. Argia zen oso, puntu honetan, Bermeoko kofradiak 1878. urtean onartu zuen araua:
«Cuando un señero observare en el mar tiempo receloso procurará en cuanto pueda y á la mayor bevedad conferenciar con los otros señeros cercanos y si convinieren en ordenar arribada izarán sus señales navegando para este Puerto; si hubiere discordia entre ellos decidirá la mayoría, cuya resolución llevarán a efecto; pero si no pudiesen celebrar la conferencia por hallarse muy distantes unos de otros ó porque el tiempo o la mar arrecian, en cualquiera de estos casos el Señero que juzgare receloso el cariz izará en su punto la señal de arribada y todas las embarcaciones, incluídas las señeras, que vieren que aquel navega en bela para este Puerto, arribarán también a este…»
Baina señeroen bizkar ganean eguraldiari buruzko erabaki guztiak uzteak ere bazuen arazorik. Lemazainen batzarretan oinarritzen zen sistemak ez bezala, señeroekin jokatzeak bizkor ibiltea ahalbideratzen zuen, bai, egoerarik arriskutsu eta larrienetan, baina ez zuen, beti, harturiko erabakien egokitasuna bermatzen. Lehenik eta behin, señeroen erabakiak ez zirelako beti kofradikide guztien gustokoak. Batzuk ausartegiak zirela esango zuten bitartean, ez zen faltako, beste alderdian, koldarregitzat hartuko zituztenik. Eta seguruenean, denek izango zuten arrazoi-izpiren bat. Bere ipuin kostunbristetako batean argi asko islatzen du Juan Arzadun idazleak zein zaila zen señeroen lana ondo eta denak asetzeko moduan betetzea .
Alde batetik, ekaitzen arriskupean arrantzara urtetzeak ekar zitzaketen ondorio larriak behar bezala neurtu gabe itsasoratzeko baimena emateak, hondorapen, heriotza, galera eta zoritxar ugarien iturri izan zitekeen, arrantza-komunitatean, hain arinkeri kritikagarriz jokatu zuten señeroekiko iritzi txarra zabalduz. Pentsa dezagun zernolako egoeratan geldituko ziren gainontzeko arrantzaleen aurrean, behar adina aztertu eta neurtu barik itsasoan ibilteko askatasuna eman zuten señeroak, euren erabakiaren ondorioz hondorapenen bat gertatuz gero. Argi dago bada, zuhur eta lur ibili beharra zutela arrantzara urtetzeko edota itsasoan jarraitzeko baimena ematen zuten bakoitzean. Baina, beste alde batetik, ordea, itsaso handiei beldur gehiegi izateagatik edo behar baino gehiagotan itsasoratzeko oniritzia debekatzea ere kaltegarria izan zitekeen komunitatearentzat. Azken batean, arrantzan egiteko zeuden arrantzaleak -hortik bizi baiziren eurek eta euren familiak- eta kanpora adierazten ez bazuten ere, sakonean, argi ikusten zuten denek, arrazoi garbiak zeudenean baino ez zela zilegia itsasora joateari oztopoak jartzea. Arrantzan egin barik, etxean-etxean luzaroan ibiltea ia-ia hondorapena bezain suntsikorra zen eurentzat. Hondamendiaren ondokoa; arrantza-egunak ezin baitzitezkeen alperrik galdu arrantzaleen eta euren familien bizi-bidea galzorian utzi barik. Itsasora urten ezinik denboretan egon beharrak herri arrantzaleetan sortzen zuen egoera negargarria ere ondo baino hobeto jasotzen du Juan Arzadunek bere ipuinetan .
Señeroen eginkizuna hain zaila eta orekaz egikaritu beharrekoa izaki, erraz ulertu daiteke arrantza-komunitateetan beti izango zela zer esana haiek emandako aginduak kritikatzeko. Erabakiak lemazainen batzarretan hartzen ziran portuetan baino gehiago, noski, azken hauetan, denek baitzuten iritziak azaldu eta botua emateko aukera.
Baina ez zen hau señeroekin jokatzeak arrantza-komunitateetan sortarazten zuen arazo bakarra. Eguneroko kontua izango ez bazen ere, inoizkotan, gertatuko zen gertatu, señeroek euren kargua maltzurkeriz eta oker erabiltea; gura izanda, zegozkien ahalmenak batzuen mesederako eta besteen kalterako erabiltea, alegia. Bermeon 1530. urtean gertaturiko auzian aurkitzen dugu honen adibide argi bat. Urte honetan, Juan de Aikiz izeneko bermeotarrak Karlos V errearengana jo zuen, bere herriko kofradian señeroekin gertatzen ari zena salatuz. Bere esanaren arabera, behin, euren arrantza-lana amaitutzat eman eta gero, maiz, señero eginkizunetan zebiltzanak, lehorreratzeko agindua eman ohi zuten itsaso zabalean, txalupa denak porturako bidea hartzen behartuz. Kontua da, ordea, agindu hau, eguraldi okerraren ezaugarririk txikiena barik ematen zutela sarri askotan; hots, euren lana amaitu ostean, oraindik arrantzan zeudenei kalte egitearren bakarrik. Eta jakina, eguraldi ederra zegoela eta, señeroen aginduari kasurik egin barik itsasoan gelditzen zirenei zigor gogorra ezartzen zieten euren aginduak ez betetzeagatik.
Auzi luze baten ostean, Aikizen aldeko agindua eman zuen Karlos enperadoreak, honako hau xedatuz:
«…si se aberiguare que alguna bez alaren la seña sin aber señales de mal tiempo en el cielo o en la mar, en tal caso, todos lo que syguiesen pescando lo puedan hacer e por ello no pierdan la sardina e pescado que pescaren e truxieren a la villa e que si por los mayordomos o confrades les fuere tomada la dha sardina o pescado que contando al alcalde de la dha villa (…) de forma que tal les haya de bolber e restituyr la dha sardina e pescando a las personas a quyen fué tomado…» .
Ikusten denez, bada, señeroen lana gainontzeko kofradikideei gehiago ala gutxiago gustatzeaz aparte, gerta zitekeen baita, itsas-alkatearen kargua betetzen zeudenak ere, euren agintea helburu okerrarekin erabiltea. Arrisku hau, pentsa daitekeena baino kezkagarriagoa zen iraganeko euskal arrantzaleentzat. Elantxobeko portuan 1838. urtean gertaturiko auzi batean adierazten zenez, Bizkaiko herri honetan señeroei ez bazitzaien inoiz erabakiak hartzeko agintea eman, aginte hori oker erabilteko arriskua baztertzearren izan zen:
“Hay costumbre -esaten zuen aipatu auzi horretako agiri batek, señeroen inguruko ohiturak deskribatzeko xedez- de tener lancha señera para regresar al puerto todas a la par, a de una vez con obligación de obedecer á la seña, a fin de no parar perjuicio por la ó las que se detengan continuando su pesca, menoscabando los intereses de las que regresen, teniendo por pacto, el que hayan de reunirse las lanchas en alta mar y conferenciar sobre si deve ó no regresarse á fin de evitar de este modo el capricho ó voluptuosidad de la que quiera, sin causa, dar su vuelta para el puerto.”
Horiek horrela, nola jokatu behar zen señeroen eginkizunak zuzen eta artez egikarituko zirela bermatzeko?.
Karlos Vren aginduak, ikusi dugunez, zera esaten zuen, alegia, hori gertatzen zenean, arrantzaleek ez zeukatela señeroen agindua jarraitu beharrik. Baina hau ere ez zen urtenbide egokia. Kofradikide bakoitzaren eskuetan gelditzen bazen señeroek emaniko agindua arteza ala okerra zen baloratzea eta, horren arabera, bete ala ez betetzeko erabakia hartzea, handik laburrera, puzkatua geldituko zen, seguru asko, sistema osoa. Horregatik, erdi bidetik jo zuten Bermeoko itsastarrek. Señeroen aginduak ezinbestean bete beharrekoak izaten jarraituko zuten kofradiko arrantzaleentzat, baina señeroekin batera, kofradiak, hauen lana kontrolatuko zuten beste kargu batzuk izendatuko zituen. Ez dakigu zehatz-mehatz kontrol-bide hau noiz ezarri zen Bermeoko anaidiaren barruan baina, XVIII. menderako, bazuten, jadanik, herri honetako itsastarrek, señeroen ondoan, hauen lana ikuskatu eta gainbegiratuko zuten bigarren señeroak izendatzeko ohiturea . Geroztik, berariazko arauketa batean jasoko zen aspaldiko ohitura hau. 1878ko araudiak, esate baterako, kapitulu oso bat zeukan Contra-señero-en egitekoak arautzeko. Hauek, señeroen lana ikuskatzea zuten eginkizun nagusi eta señerorik ez zegoen lekuetan señeroen beharra egitea.
Baina, esan dugunez, kofradia denetan ez zitzaion señeroari Bermeon aitortu izan zaion aginte-maila handia eskuratu. Euskal kostaldeko zenbait portutan, señeroaren irudia ezaguna bazen ere, kargu honek, herri hartan baino eginkizun eta ahalmen askozaz murritzagoak zituen. Leku batzuetan -Lekeitio eta Mutriku tartean- señeroek, ez zuten beste zereginik, lemazainei batzarretarako deiak luzatu eta batzarrean harturiko erabakiak aplikazio-bidean jartzea baino. Gehien-gehienez, goizalde partean ekaitz indartsua zenean, beste inorekin kontsultatu barik erabaki zezaketen etxe-eguna egitea. Ganerako guztietan, señeroek ezin zuten berez ezer erabaki; batzarraren eskuetan zegoen zer egin erabakitzea.
Von Humboldt euskaltzale alemaniarrak, XIX. mendearen haseran Lekeitiko arrantzaleek nola jokatzen zuten deskribatu zigun pasarte eder askoan, itsasora joan ala lehorrean gelditzeari buruzko erabakia hartu behar zutenean: «…señero bi joan ohi dira goizero eguna egin bezain laster, portuaren ondoan dagoen talara. Itsaso handiegia badago ez diote inori itsasoratzen uzten. Horrelakorik ez badago, deiak egiteko dauden 24 edo 26 neskei deitzen diete. Oraindik beste eztabaidatxo bat egiten dute eta arrantzaleei dei egiteko agindua ematen dute. Neskak herriko kaleetatik barreiatzen dira. Jagi zaitez Jaungoikoaren izenean. Arrantzaleak eta euren laguntzaileak batzarra egiten dute. Orduan, eztabaida berri bati ekiten diote lemazainek eta botoen gehiengoaren bitartez erabakitzen da itsasoratu behar den ala ez». Bozketa, «atabaka» izeneko urna batean egiten zen eta señeroak ziren botuak zenbatu eta bozketaren emaitza gainontzekoei jakinarazten zienak
Denboraren iragateak, ez zuen, hurrean, ohitura hau gehiegi aldatu. 1848ko kofradiaren ordenantzantzak, horrela, zera arautu zuen bere 14. kapituluak:
«En todos los tiempos recelosos que sehan (sic) llamados se presentarán en la Talaya los maestres de chalupas conferenciando con los señeros sobre si han de salir á pescar y lo que resuelba la mayoría se ejecutará…»
Baina itsasoan arrantza-lanetan zeudela ekaitzen bat sartzen zenerako ere, Lekeitioko kofradiak ez zeukan aurrikusita lehorrera itzuli ala lanean jarraitzeko erabakia señero bakarren eskuetan uztea. Orduan ere, arriskutsua izan arren, ezinbestekoa zen untziak batzartu eta taldean erabakia hartzea:
«Si por recelo del tiempo bolviesen á este puerto las chalupas llegándo a la mayoría, se pondrán los dos señeros de costumbre en facha en buelta de tierra hizando señal de costumbre y se pasarán todas las demás embarcaciones á sotabento de dhos señeros y lo que resuelba la mayoría se agecutará estando en junta las chalupas deliberando pasar á la cala ó bolber al puerto y á la vista estubiesen algunas otras serán obligadas estas aproximarse en todos los tiempos recelosos…»
Elantxoben ere jokabide berdina jarraitzen zuten. Hemen, ordea, itsasotik lehorreratzeko agindua emateko señeroek gainontzekoen iritzia eta botua jaso beharra, eguraldiak horretarako aukera uzten zuenean bakarrik gertatzen zen . Hau da, lemazainak batzarrean biltzeak arriskua gehiegi larritu zezakeenean bakarrik erabaki ahal zuten señeroek, bakarrean, arrantzan zeudenak noiz arribadan etxeratu behar zuten. Horrek, noski, arazoak sortzen zituen ugari. Horietako bat, esate baterako, XIX. mendearen erdialdean gertatu zen. 1838ko otsailaren 18an Elantxobeko portutik itsasora urtendako txalupak, elkarren artean oso urrun zeuden puntuetan ekin zioten arrantza-lanari. Horietako batzuk, eguraldi okertu egin behar zela uste izan eta lehorreratzeko erabakia hartu zuten. Gainontzekoak, ordea, hain urrun zeuden hauengandik, ez zuten ikusi señeroek eginiko keinua eta itsasoan jarraitu zuten. Azken hauek, noski, batzarra egin behar izan zela uste zuten, eguraldiak horretarako bidea ematen zuelako eta haiek, ordea, ezetz .
2.4.2.- Señeroaren irudia arrantza-komunitateen baitan.
Aurreko lerroetan azaldu bezala, señeroa ez zen kofradia guztietan ematen zen kargua. Bizkaian ugariagoa zen Gipuzkoa aldean baino. Azken honetan, Hondarribia eta Motrikuko portuetan bakarrik zeuden señeroak. Jaurerrian, berriz, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo eta Plentziako kofradietan zegoen kargu hau.
Ikusi dugunez, señeroaren irudiak ez zuen leku bera betetzen euskal kostaldeko kofradia guztietan eta bere gain hartzen zituen egitekoak ere ezberdinak ziren leku batzuetatik besteetara. Halaz ere, karguak ezaugarri bateratsuak zituen leku guztietan. Ikus ditzagun garrantzitsuenak.
Portu guztietan, lojikoa denez, itsastar zaharra eta arrantza kontuetan jakintsua izatea eskatzen zitzaien señero izateko izendatuak zirenei. Eginkizun zaila zen kargu honek eskuratuta zeukana eta ezinbestekotzat hartzen zen, señero lanetan jardun behar zutenak eginkizun horietan jantziak izatea. Horrez ganera, lekurik gehienetan, untzijabeek bakarrik eskuratu zezaketen kargu hau. Tostartekoen artean ere izango ziren noski, señeroari zegozkion zereginak behar adina zuhurtasun, arreta eta arduraz betetzeko gai zirenak, baina maestreek bakarrik eskuratu zezaketen kargu hau. Horrela zen behintzat kasurik gehienetan. Euskal kofradietan -XVII. mendearen erditik aurrera behinik behin-, ontzijabeak nagusitu ziren anaidiaren egituraren barruan, tostartekoak bazterrean utzi eta aginte osoa euren esku bakarretan bilduz. Hori horrela izanik, ez da harritzekoa señeroaren kargua ere eurenganatu nahi izatea ikusi dugunez, aginte handia baitzuten arrantza-komunitateetan. Joera honek, alabaina, bazuen salbuespenik. Mutrikuko kofradiaren ordenantza zaharrak ate zabalak uzten zieten tostartekoei ere, izendatuak izanez gero, señero lanetan jardun zitezen. Araudi honek 19. kapituluak, hitzez-hitz esaten zuen, horrela, señeroak, “…maestres pinaceros o no…” izen zitezkeela. Ez dut uste, dena den, ordenantzek aukera hori utzi arren, tostartekoek kargu hau maiz eskuratuko zutenik.
Kofradiarik gehienetan, señeroak, maiodomoa eta gainontzeko karguak izendatzen ziren egun berean eta bide berdin-berdina jarraituz izendatzen ziren. Joerarik zabalduenaren arabera, beraz, anaidiaren egunean, kofradiko agintariak aukeratzeko urtero egin ohi zen batzarrean egiten zen izendapena. Hau, ordea, ez zen leku denetan. gertatzen. Mutrikun, adibidez, Maiordomoaren eginkizuna zen hauen aukeraketa eta Lekeition ere, XVIII. mendearen erdialdearen ostetik, behinik behin, maiordomoak izendatzen zituen señero biak, nahiz eta urte batzuk geroago, -1783. urtetik aurrera, hain zuzen ere- horietako baten izendapena aurreko urtean señero izandakoen esku gelditu.
Izendatze-sistemari dagokionez, bi jarraitzen ziren batez ere euskal portuetan, alegia, aukeraketa eta zozketa. Aukeraketaren kasuan, formula ezberdinak erabilten zituzten portu ezberdinetako arrantzaleek euren señeroak izendatzeko. Zuzeneko-hautaketa batzuetan, fase biko hautaketa besteetan, eta abar. Zozketari dagokionez, sistema hau oso zabalduta zegoela esan behar dugu señeroen izendapenaren kasurako. Elantxobe eta Mundakako kofradietan, esate baterako, zotz egiten zen kargu hau ontzijabeen artean. Kofradi bi hauetako liburuetan maiz agertzen zaizkigu sistema hau erabili izanaren aipamena: “…salieron en suerte rigurosa…”; “…se echaron suertes entre los restantes maestres de barcos para los señeros o alcaldes de mar…”, eta abar. Zenbait kasutan zozketa bera nola egiten zen ere badakigu. Bermeon, adibidez, XVIII. mendean, hau bezalako aktak jasotzen ditu akordio-liburuak: “…habiéndose echado suertes de veinte y ocho barcos, escribiendose los nombres y apelllidos de sus dueños en cada papel que bien revueltos salieron en su suerte rigurosa los barcos de las compañías de…”
Nolanahi ere, aipatzekoa da, izendatze-sistema ugari eta ezberdinak izan arren, señeroen izendatzea, azken batean, ontzijabeen esku zegoen prozesu bat zela . Eta ez da harritzekoa. Eurenak baitziren ekaitzen eraginez gal zitezkeen untziak eta gainontzeko ondasun materialak.
Itsas alkateen kopuruari buruz esan beharra dago bat baino gehiago izan ohi zirela portu bakoitzean. Eta ez arrazoi barik. Aurreko lerroetan ikusi ahal izan dugunez, behar-beharrezkoa zen señeroen izen onerako, kargu honetan zeudenek hartzen zituzten erabakiak ahalik eta neurtuenak eta egoera ezberdinetara ahalik eta egokituenak izatea. Eta jakina denez, pertsona biren artean harturiko erabakiak landuagoak eta helduagoak dira beti, -iritzi ezberdinen kontrastea baitaramate atzean-, pertsona bakarrarenak baino. Horiek horrela, Hondarribian, Lekeition, Mundakan eta Plentzian, itsas-alkate bi izendatzen ziren urte bakoitzean. Mutrikun, ordea, lau; bi itsas handietan lanetan zebiltzan untzien sartu-urtenak zuzentzeko eta beste bi euren arrantza-jarduna itsasertze ondoan burutzen zuten batel eta traineru txikien kasurako. Bermeon, berriz, hasieran lau izan bazieren ere, 1750. urtean, señeroen kopurua seira igotzea erabaki zen anaidiaren batzarrean .
Señeroen irudia aztertzen gaudelarik, oso garrantzitsua da ohartaraztea, kofradien egituran barrena, aginte handiko karguak zirela. Hain garrantzitsuak ziren arrantza-komunitatearen segurtasunarentzat itsas-alkateek eskuratuta zituzten eginkizunak, leku askotan, euren aginduak betetzen ez zituzten kofradikideei zigorrak ezartzeko ahalmena zuten aitortuta. Leku batzuetan ahalmen hau salaketak aurkeztera mugatuta zeuden eta gero, kofradikideen batzarra zen zigorra formalki ezartzen zuena. Zenbait lekutan, berriz -Mundaka eta Bermeon bereiziki- señeroak eurek ziran, beste inoren laguntza barik, zigorra ezartzen zutenak. Mundakan, 1755ko ordenantzen arabera, itsas alkateek aginte osoz zigor zezaketen “…cualquier maestre capitán de varco o individuo de la cofradía hasta en cantidad de cinquenta reales de vellón que no les obedeciese ni quisiesen bolber estando en la mar a casa haciéndoles seña de que recalan ha de hacer mal tiempo y correr peligro de sus vidas y hacienda…”. Bermeon, berriz, hitzez-hitz ahalmendu zituzten señeroak euren aginduak urratzen zituztenei zegozkien zigorrak ezartzeko. 1740. urteko abenduaren 20an, horrela, kofradikideen batzarrak akordatu zuen: “…para lo cual -zigorrak ezartzeko, alegia- davan y dieron a dhos señeros el poder y facultad necesaria…”
Zigorrak bi modutakoak izaten ziren. Izunak eta agindua urratu ostean barruraturiko arrainaren komisoa.
Señeroarena, irudi oso errotua izan da euskal arrantza-komunitateetan eta bereiziki, Bizkaikoetan. Horregatik, portu-herrietako folklorean eta abestietan, maiz agertzen zaizkigu kargu honi eginiko aipamenak. Ia gehienetan, kargu honen egitekoekin sartzen dira abesti hauen letrak, arrantzale banakoen bizitzan zuten eragina azpimarratuz. Horrez ganera, herriak sorturiko literaturan maiz agertu ohi diren ironia, malezia eta gordinkeria ere ez zaie falta. Hona hemen, adibidez, kantu beraren bertsio bi: Bata Lekeition jasoa eta bestea Bermeon.
Bermeoko bertsioa.
Señero santar, lotsabakue
beti itsosorako orduan
andra ederrea ohean itxita
urte guztiko kontua.
Lekeitioko bertsioa.
Señero gaizto demoniñua
beti itxasorako deia
lau sagar gordin ta ogi puzka bat
egun guztiko jakia.
[…] Bermeon, adibidez, tira-bira tentsiotsuak gertatu ziren XIX. mendearen bigarren partean kofradiako nagusien eta bateleroen artean. Anaidiak, aspalditik debekatua zien bateletako arrantzaleei itsaso zabaleko kaletara … […]