Gaur betetzen da mende osoa, 1912ko udan, galerna zakar baten ondorioz, Bizkaiko 143 arrantzale itsasoan betiko galdu zirenetik. Ezbehar negargarria izan zen hura. Gertakizun dramatikoa. Itotakoen artetik, gehienak bermeotarrak ziren: 116, hain zuzen ere. Lekeitarrak, 16; elantxobetarrak, 8 eta ondarrutarrak, 3. Uda eskasa izan zen, 1912ko hura, arrantzaren ikuspuntutik. Atun gutxi harrapatu zuten euskal arrantzaleek. Horixe diote behintzat urte hartako kronikak. Eguraldia ere ez zuten beste mundukoa izan. Hala-nolakoa izan omen zen itsasora sartu nahi zuenarentzat. Etxegun bat baino gehiago jasan behar izan zuten euskal arrantzaleek abuztu hartan.
Haatik, hilaren 12an, itsasorako bidea hartu zutenean, gogotsu eta itxaropenez beterik joan ziren Bermeoko arrantzaleak. Galdutako egunak berreskuratzeko ahalegin berezia egin behar zuten, iraileko Andra Mariak baino lehen. Horrez ganera, hilaren 16an San Roke eguna zen. Jai eguna Bermeon. Aspaldiko jai eguna. Eta tradizioari jarraiki, egun horretarako etxera etorri beharra zeukaten herriko arrantzaleek egunari ospakizun-giroa emateko. Zeregin handia zeukaten, haatik, hurrengo hiru-lau egunetan, partila mamitsua lortu nahi bazuten.
Paketsu zegoen itsasoa, goiz hartan. Eta zerua, berriz, eguzkitsu. Udako egun argitsu tipikoa zen. Berehala sartu ziren ur handietara. Eta atun nahiko harrapatu zuten. Baina iluntzean, erabat aldatu zen panorama. Zerua bat-batean ilundu eta itsasoa zorabiatzen hasi zen. Une batetik bestera, ikaragarrizko galernaren eraginpean ikusi zuten euren burua. Bazuten horren susmoa, baina itsasoan gelditzea erabaki zuten, galerna txikia izango zelakoan. Baina aparteko galerna izan omen zen egun hartakoa. Beldurgarria. Indartsu-indartsua. Noizean behin baino ematen ez diren horietakoa. Eta zoritxarra ekarri zuen Bizkaiko arrantza-herrietara. Bermeora, batez ere. Santa Eufemiako parrokoak, Quintin Goikoetxeak, honako hitz hauek idatzi zituen galernaren ondorioz hildakoen zerrenda amaiezina heriotza-liburuan jaso aurretik: «Día doce de agosto de mil novecientos doce. Día de infausta e imperecedera memoria para el pueblo de Bermeo, en el que perecieron ahogados en alta mar, ciento diez y seis bermeanos, dedicados a la pesca de bonito, a consecuencia de una horrorosa galerna que se desencadenó hacia las cinco de su tarde, a la distancia de unas treinta y cuatro millas al norte del Cabo Machichaco»
Bermeon, galerna horren gogorapen bizia egon izan da beti. Itsasoan galdutako 116 gizonek, izugarrizko zuloa sortu zuten herrian eta, familia askotan, belaunaldiz belaunaldi eutsi diote Kantauriko urpean itotako aitonaren edo senditartekoren baten memoria.
Baina aurten, gertakizun latz huraren mendeurrena dela eta, garrantzi berezia eman nahi izan zaio egunari. Goizean, bi meza egon dira herrian. Bat, nagusia, Santa Marian izan da; orain ehun urte galdutakoen hiletak ospatu ziren eleizan bertan. Bigarrena, berriz, Gaztelugatxeko Donienen eman da; hots, Bermeoko arrantzaleen ohitura, sineskera eta sineskerien unibertsoan, leku aipagarria betetzen duen eleizan.