Duela laupabost urte gertatuko zen gehientsuenez. Bizkaiko Foru Aldundiak San Inazio eguna ospatzeko urtean-urtean antolatzen duen ekitaldian izan zen. Orfeoi bat zegoen sarrerako eskaileretan San Inazioren martxa ezaguna abesten. Euskaraz, jakina: “Inazio, gure patroi handia, Jesusen konpañia, fundatu eta dezu harmatu…”. Euren ildoa jarraituz, nik neuk ere abesteari ekin nion. Une horretan, nire ondoan zegoenak -pertsona publiko oso ezaguna Bizkaiko bizitza politikoan- harrituta bezala begiratu nindun. “Ba al dakizu abestia?”, galdetu zidan. “Bai ba”, erantzun nion. “Zuk ez, ala?”.
Ez nuen erantzunari itxaron beharrik izan. Bere aurpegiak eman zidan erantzuna. Ez zekien. Are gehiago, ez zitzaion harrigarria egiten berrogeita hamar urte inguruko bizkaitar euskaldun batek San Inazioren martxa ez jakitea. Nik ezin nuen sinestu, baina berak erabat normaltzat hartzen zuen. Eta okerrena ez zen hori izan. Aldundiko karguak, gonbidatuak eta kazetariak bilduta zeuden lekura heldu ginenean, bertan zegoen jendeari galdetu genion ba ote zekiten San Inazioren martxa. Bada, harrigarria dirudien arren, haien artean ere ez genuen bat bera aurkitu martxa behar bezala abesteko gauza zenik. Batek edo bestek bazekien, jakin, nola hasten zen abestia -«Iñazio, gure patroi handia…»– baina ezer gutxi gehiago.
Nik uste nuen San Inaziorena bezalako euskal abesti tradizionak ez jakitea, oraingo jende gaztearen kontua zela. Baina oker nenbilen. Erabat oker. Jende heldu askok eta askok ere ez daki. Horrek esan nahi du hiru-lau hamarkada barru, iraganeko abesti historikoa izango dela; orfeoiak eta abeslari profesionalak bakarrik abesten duten horietakoa. Eta martxa tradizionalaz ari naizen arren, beste horrenbeste baiezta daiteke gaztelaniazko bertsioaz -“Fundador, sois Ignacio y General, de la compañía real, que Jesús con su nombre distinguió…”– eta aldaera sabinianoaz: “Iñaki, Jaunguak bidalduba, ludijan ixatera Josuren Guradijen Buruba…”.
1932 urtearen aurretik -urte horretan antolatu zen Aberri eguna lehen aldiz- uztailaren 31an ospatzen zela esan dezakegu Aberri eguna. Loiolako Inazio deuna jatorri euskaldunekoa zelako-edo, Eusko Alderdi Jeltzalea ere San Inazio egunean eratu zelako-edo, kontua da euskaltasunaren ospakizun gisa hartzen zela zenbait lekutan uztailaren 31ko jaia. Eta frankismoaren tarte luzean ere, Aberri eguna debekatuta zegoenez, San Inazio egunari ospe handia emanez gogoratu eta goraipatzen zuen zenbaitek euskal aberria.
Baina asko aldatu dira gauzak azken hamarkadetan. Aberri eguna ospatzea librea da egun. Euskadi aberritzat hatzen duen orok ospatu dezake, nahi izanez gero, berbizkunde igandea, euskal nazioari aitorpena emanez. Eta San Inazio eguna, haatik, garai batean zeukan kutsu tradizionalera mugatu da berriro. Herri askotan, lekuko jaitzat hartzen dute. Bizkaiko Arrietan, esate baterako, jai handia da San Inazio egunekoa. Urteko jairik aipagarrieta seguru asko. Nolanahi ere, egun honek, kristau munduan daukan garrantzia hartzen du euskaldunon artean ere; ez gehiago, baina ez gutxiago.
Aurten, komunikabideek erakutsi digutenari kasurik egiten badiogu, behinik behin, zera jakin izan dugu: Albako dukesak, bost urte bete zituenetik bere udaldiak Donostian eta inguruan igaro izan dituen la duquesa de Alba emakume ezagunak, ederto asko dakiela San Inazioren martxa euskaraz abesten. Ez dakit egitate hori San Inazioren martxa ez dakiten euskaldunen artean lotsa sortarazteko modukoa den. Nigan behintzat nola-halako egonezina sortuko luke nik ezagutzen ez dudan euskal abesti famatu bat duquesa de Albak badakiela jakin izanak. Zernolako euskalzaletasuna izango litzateke nirea horrela balitz? Baina bakoitzat, horretan, bere irizpide propioa du. Eta ez dut uste, esate baterako, duela laupabost urte Bizkaiko Aldundian gertatu zen episodio hartan, San Inazioren martxa ez zekitela lasai asko esan zidatenei, duquesa de Albak badakiela jakiteak, kezka handia sortuko litzaiekeenik.
Dena dela, Eusko Alderdi Jeltzaleak eutsi egiten dio oraindik San Inazio egunaren ospakizunari. Euskadiko alderdi politikoen artean, bakarra izango da seguru asko. Alderdia egun horretan eratu omen zen -orain 117 urte- eta batzoki askotan antolatzen dituzte San Inazioko ospakizunak. Egun berean ala bezperan.
Aurten, hilaren 30an, Zumaiako batzokian izan naiz, hizlari. Aspaldiko ohitura dute Zumaiako jeltzaleek San Inazio bezperan batzokian ekitaldi politikoa antolatu eta horren ostean neba-arreben arteko afari baten inguruan biltzea. Arantza Tapiak luzatu zidan gonbitea eta berehala eman nion baiezkoa.
Harrera ederra izan dut. Ezin hobea. Eta egoera politikoari errepaso osoa eman diot hitzaldian: krisi ekonomikoari -jakina- Eusko Jaurlaritzaren egoera latzari eta urtea bukatu baino lehen Euskadin izango ditugun hauteskundeei buruzko kontuei. Hausnarketa interesgarriak eta galdera zorrotzak egin dituzte zumaiarrek gero. Ikusten da ikusi interes handiarekin jarraitzen dutela egunean eguneroko politika.
Baina berbaldia hasi baino lehen, Ramon Albizuren aipamena egin nahi izan du; jaiotzez zumaiarra zen arren bere jardun politikoa nagusia Bermeon burutu zuen Ramon Albizu jeltzalearen irudia ekarri dut gogora. Eta harrituta gelditu naiz, oraindik ere Ramon Albizu zenaren gogorapena daukatela ikusi dudanean. Are gehiago, bere senditartekoren bat ere bazegoen batzokian bildutakoen artean. “Bai, Ramon prailea”, zehaztu zuen batek, Arantzazuko prantzizkotarren etxean urteak igaro zituela gogoraraziz. “Nire aita zenaren lehengusua” ohartarazi zuen beste batek. Inork ez zuela gogoratuko uste nuen, baina argi dago oker nenbilela. Argi asko gogoratzen zuen batek baino gehiagok.
Esan bezala, zumaiarra izan zen Ramon. Abertzale zintzoa. Jeltzale kementsua. Praile egiteko bideari ekin zion gaztaroan. Baina prantzizkotarraren bideari uko egin zionean, Bermeora etorri zen, eta bertan ezkondu zen, Tomas Arketa abertzale famatuaren alaba gaztea zen Koikile Arketarekin. Abertzale sutsua izaki, Errepublikaren garaian, bazkide eraginkorra izan zen EAJren barruan. Beti euskarari eta euskal kulturari lotutako ekimenak bultzatzen. Guda zibila etorri zenean, gudari gazteak prestatzen ibili zen. Baina frankistak sartu zirenean, beste abertzale asko bezala, harrapatu eta espetxera eraman zuten. Neure aitonarekin batera egon zen kartzelan eta gerra-kontseilu berdinean epaitu zituzten biak; 1937ko uztailaren 21an eman zen epaia. Ramon Albizuri buruz, zera esaten zuen sententziak: «…afiliado al Partido Nacionalista Vasco era secretario del mismo en Bermeo, siendo de antecedentes separatistas». Horixe zen bere pekatu guztia. Delitu grabea, benetan: «adhesión a la rebelión». Eta jarrera hain okerra zuzentzeko, «reclusión perpetua» ezarri zioten zigortzat. Hiru urte beranduago eman zioten askatasuna Segoviako kartzela zentralean. Baina gaixorik itzuli zen Bermeora. Eta handik gutxira hilko zen.
Harritu egin ninduan, esan bezala, bere jaioterritik alde egin zuenetik laurogei urte baino gehiago igaro ondoren ere, Zumaian, Ramon Albizu gogoratzen duenik aurkitu izana. Ikusten da jeltzale zumaiarrek ez daudela dagokien iragana ahaztutekotan. Badakite, jakin ere, tradizioari eusten eta alderdiaren zein alderdikideen memoria eraikitzailea gogoan hartzen.
Horrela jarrai dezatela geroan ere. Eta ahal bada -zilegi bekit iruzkin ironikoa- San Inazioren martxa ahaztu gabe.
Gernikako Arbolarekin gertatzen den bezala…..