Juan Pedro Ortube jeltzalea, Bermeon jaio zen 1853ko urriaren 21ean. Seberiano Ortube Belaustegi bermeotarra eta Maria Bautista Ceballos Gordonis mundakarra izan zituen gurasoak. Sendia osatu zuten bost neba-arreben artetik, bera izan zen zaharrena. Bere atzetik etorriko ziren Jeronimo, Bonifazio, Gregoria eta Alejandro. Arana-Goiriren irakatsiak jarraituz, XIX mendearen bukaeran, Círculo Católico-tik abertzaletasunera zeraman urratsa eman zuten bermeotarren artean kokatu zen Ortube. Bera, eta bere neba-arrebak, seguro asko. Jeronimo ere zinegotzi jeltzalea izan baitzen, Bermeon, 1917-1921 urteen artean.

Juan Pedro Ortuberen «Aketxe» itsasontzia. Bere atzekaldean eskegi zen lehenbiziko aldiz ikurriña, batzoki batetik kanpora
Juan Pedrok, Feliziana Etxebarrria Jaregizar hartu zuen emaztetzat 1877ko ekainaren 9an. Hogeita bost urte zituen ezteietara jo zuenean. Emaztegaiak, berriz, hogei urte baino ez. Bost seme-alaba ekarri zituzten mundura Juan Pedro eta Feliziana senar-emazteek: Bitoria, German, Alberto, Isaak eta Pedro.
Sabin Aranaren laguna mina zen. Hasera-haserako abertzalea, beraz. Sabinek berak 1896 urtean Anjel Zabala Kondaño-ri zuzendu zion eskutitz batean, honako hau esaten zuen Bermeoko egoerari buruz hitz egiterakoan: «Estuvo aquí Ortube y nos dijo cómo en aquella villa esperaba mucha gente nuestra llegada. Dios quiso que no fuéramos, porque, en caso contrario, es probable hubiese ocurrido algo de desagradable e inoportuno en las actuales circunstancias». Bazkari bati buruz ari zen Sabin hitz hauek idatzi zituenean. Orain baino lehenago ere esan dugunez, abertzaletasunaren zabalkundea, garai haietan, bazkarien aitzakian egiten baitzen. Bermeotarrak, horietako bat antolatzea erabaki zuten 1896an. Eta parte hartzeko gonbitea luzatu zioten Sabin-i. Bazkariaren eguna heldu zenean, Abandoko Maisua noiz etorriko zain egon ziren Bermeoko jeltzaleek, baina Sabinek, dirudienez, ez joatea erabaki zuen. Arriskutsua zen joatea. Agintariak eta Guardia Zibila atzetik zeuzkan, horrelako batean harrapatu eta isuna ezartzeko asmoarekin.
Gizon odoltsua zen Ortube, itxura guztien arabera. Odoltsua, ausarta eta kementsua; adorez betea. Bera izan zen, lehenbiziko aldiz, batzokietik kanpora ikurriña jarri zuena. Aketxe izeneko bere balandroaren atzekaldean eskegi zuen hain zuzen ere, eta Bilboko errekatik gora zuzendu zuen itsasontzia euskal ikurra agiri-agirian erakutsiz. Isuna jasotzeko arrisku handia zegoen garai hartan horrelakoak egiten zituenarentzat.
Bere ekimenez sortu zen, bestalde, Bermeoko jeltzaleek, agintean zeuden jauntxo liberalekin izan zuten lehenbiziko liskar irekia. Euskalzale aldizkariak, bere 1899ko urtarrilaren 26ko alean azaltzen zigun gertatu zena.
“Geure adiskide batek, zeuk bere baeidakizu nor dan, Ortube deritsonak, kanposantu edo obietan zer egin deutsu? Lurra erosi ta obi edo sepultura bat bere guraso ta etxekoentzat egin, da norena dan jakiñarazotearren, arri-ganean ipiñi deutsu irakurkizun edo letrero bat, euskeraz, da euskerea bere ez iru lauko ta erdikoa, diñoala ze
IOANE PERU ORTUBE-REN
ETSADIARENTZAKO OBIAOrduserarte emen batek edo batek baiño ezekian zer zan obi: gaur Gabanchok berak bere baaldaki. Zer egin dau gure gizontsuak? Obieta edo Kanposantutikkendu eragin letreroa. Au ezalda beste erritan iazo Euskalerrian, Bermeon baiño
Guk jakin gura genduke zeiñek emon adueñes lege ori, ea Madrilgoa ala nongoa dan. Lege ori Madrilen egiña bada, besterik ezin dalako, guk burua makurtu bear. Lege ori Millombres-ek egiña bada, iakin daiela Bermeotar guztiak.
Bermeotarrak: zeuen berbetan ezin ezer ipiñi zeinkee agirian. Iñok iñoz egin eztabena, lurrean agiri eztan gizon edo gizon-erdi batek egin dau. Ta non egin bere? Geure errian, Bilbo kendu ezkero Euskalerriko uririk andienean, euskaldun geien dagoan urian, Bermeon.
Baina abertzaletasunaren sorreran ez ezik, alderdiaren antolakuntzan eta jardunean ere parte zuzena hartu zuen Ortubek. XX mendeko lehenbiziko urteetan, Bermeoko EAJko uri erakundeko lehendakaria izan zen. Benanzio Goitia eta hurrengo batean aipatuko dugun Jose Manuel Ispizuaren garaietan. Nire datuen arabera, 1912 urtean izan zen Ortube Bermeoko Uri Buru Batzarreko lehendakaria. Are gehiago, UBBko lehendakaria zelarik hil zen 1912ko abenduaren 5ean, berrogeita hemeretzi urterekin. Aurreko urtean, 1911an, Jose Manuel Ispizuak bete zuen kargu hori. Eta Ortube hil zenean ere, berak hartu behar izan zuen berriro ardura hori. Horrela idatzi zuen behintzat, 1913ko abuztuan, Euzkadi egunkarian: kargu hori betetzen zuela «desde la por todos sentida defunción de mi excelente amigo y dignísimo antecesor en aquél honroso puesto, don Pedro de Ortube».
Ausarta benetan!
Nik, txikitan, txirrindula bat neukan (Gacela BH horietako bat…. ia, ia, ez nuen erabili oso arriskutsua zen, benetan. Aurreko gurpilan oinekin ostopo egin nezakeen…. ta…). Baina oso, oso polita zen… ta bi ikurrak zeraman… eskeraldean. Athleticarena ta eskuinaldekoan Ikurriña. Ez nintzen Juan Pedro bezain ausarta Baina … behintzat zerbait zen.