Bermeoko abertzale historikoen zerrenda honetan, ezin dezakegu bazterrean utzi Jose Arzadunen irudi bitxia. Jeltzale berezi-berezia izan zen Arzadun. Eta gaurko begietarako horrela bada, are gehiago oraindik hasierako denbora haietan EAJren baitan nagusi ziren irizpideetarako.
Jaiotza eta sendia
Jose Arzadun, Bilbon jaio zen 1859 urtean. Baina jaioterria gora-behera, bermeotarra izan zen bihotzez eta joeraz. Bermeon bizi eta bertan hil baitzen 1903ko abenduan. Bere sendi guztiak ere Bermeon izan zuen abiapuntua.
Aita, Julian Arzadun Arreta-Maskarua, bilbotarra zuen. Ama, berriz, Kornelia Zabala Bakeriza, bermeotarra. Julianek eta Korneliak osatutako bikotea Bermeon ezkondu zen 1857ko maiatzaren 18an. Eta Bilbon jaiotako Joseren ostean -berau baitzen seme nagusia- hainbat seme-alaba izan zuen Bermeon: Joaquin (1861an jaioa), Juan (1862), Julian (1865-1866an hila), Pilar (1866), Julian (1869-1871an hila), Beatriz (1870-1873an hila), Andres (1871) eta Antonio (1873).
Neba-arreba hauen guztien artetik, Juanek hartu zuen, batez ere, izena eta ospea. Artilleriako jenerala izatera heldu zen eta Gipuzkoako gobernadore militarraren lekua bete zuen hainbat urtetan. Segoviako Akademiako zuzendaria ere izan zen. Primo de Riverak kendu zuen kargutik, diktaduraren kontrako jarrera hartu zuelako. Baina gure artean ezaguna bada, sorkuntza literarioan egin zuen lanagatik dela esan dezakegu, eta ez milizian osatu zuen ibilbideagatik. Izan ere, idazle oparoa izan zen Juan. Emankorra eta zabala; arlo asko jorratzen dakiten horietakoa. Poesiak, ipuinak, antzerkiak eta saioak argitaratu zituen. Denetarik apur bat. Gaietan ere anitza izen zen. Euskaltasunaren ideia, behin baino gehiagotan jorratzen zuen bere lanetan. Militarra izan arren, «A la Patria Euskara» bezalako olerkiak argitaratu baitzituen. Eta jaioterria ere -Bermeo eta bermeotarrak- maiz agertzen dira bere idazkietan, hala nola, “Tiadoro el pescador” izenburuko ipuinean edota “El campo santo de Bermeo” olerkian (Ikus. «Juan Arzadun Zabala, idazle bermeotarra gogoan«)
Baina utz dezagun Juan anaia eta etor gaitezen berriro post honetako protagonistarengana.