Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 20/05/12

Gezurra dirudi baina hemezortzi edizio bete dira dagoeneko ekimen argiaren bultzatzaileek Arrain Azokaren ideia errealitatera eramaten hasi zirenetik. Eta urtean baino urtean indar eta arrakasta gehiagorekin gauzatzen doala esan daiteke gezurretan ibilteko beldur barik. Zorioneko krisi ekonomikoak ez dio laguntzarik eman sektorearen garapenari, baina ekitaldiak ez du ohikoa duen txukuntasuna galdu. 

Asteburu hau, Arrain Azokaren asteburua izan da Bermeon. Eta horrek, jai giroa dakar beti herrira; jaiaren aldeko jarrera eta prestutasuna hedatzen du herritarren eta bisitarien artean. Aurtengo edizioa 1912ko galernaren gogorapenean oinarritu da. Ehun urte beteko dira datorren abuztuan herriaren memorian hain urrats sakona utzi duen egitatea gertatu zenetik eta hainbat ekitaldi antolatuko omen dira urte urrena ospatzeko. Ikusiko dugu zertan gauzatzen diren iragarpen eta itxaropenak. 

Azokak, beti bezala, produktu onak eta nobedade aipagarriak erakutsi dizkigu. Arrainak, amaiezineko posibilitateak eskaintzen ditu gastronomiaren munduan ikertu, sakondu eta berriztu nahi duenarentzat. Eta Bermeoko Arrain Azoka foro izugarria da arlo horretan egiten den guztia erakutsi eta azalera ateratzeko.

Euriak farra-farra astindu gaituen arren, ez gara damutu Arrain Azokan parte hartuz herrian zabaldu den jai giroaz gozatzeko. XVIII edizio honekin, heldutasunera iritsi da Bermeoko Arrain Azoka. Txalogarria izan da oso orain arte egin duen bidea. Orain, geroari begiratu eta lerro berriak jorratu behar ditu.

Read Full Post »