Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 22 de mayo de 2012

Juan Pedro Ortube jeltzalea, Bermeon jaio zen 1853ko urriaren 21ean. Seberiano Ortube Belaustegi bermeotarra eta Maria Bautista Ceballos Gordonis mundakarra izan zituen gurasoak. Sendia osatu zuten bost neba-arreben artetik, bera izan zen zaharrena. Bere atzetik etorriko ziren Jeronimo, Bonifazio, Gregoria eta Alejandro. Arana-Goiriren irakatsiak jarraituz, XIX mendearen bukaeran, Círculo Católico-tik abertzaletasunera zeraman urratsa eman zuten bermeotarren artean kokatu zen Ortube. Bera, eta bere neba-arrebak, seguro asko. Jeronimo ere zinegotzi jeltzalea izan baitzen, Bermeon, 1917-1921 urteen artean.

Juan Pedro Ortuberen «Aketxe» itsasontzia. Bere atzekaldean eskegi zen lehenbiziko aldiz ikurriña, batzoki batetik kanpora

Juan Pedrok, Feliziana Etxebarrria Jaregizar hartu zuen emaztetzat 1877ko ekainaren 9an. Hogeita bost urte zituen ezteietara jo zuenean. Emaztegaiak, berriz, hogei urte baino ez. Bost seme-alaba ekarri zituzten mundura Juan Pedro eta Feliziana senar-emazteek: Bitoria, German, Alberto, Isaak eta Pedro.

Sabin Aranaren laguna mina zen. Hasera-haserako abertzalea, beraz. Sabinek berak 1896 urtean Anjel Zabala Kondaño-ri zuzendu zion eskutitz batean, honako hau esaten zuen Bermeoko egoerari buruz hitz egiterakoan: «Estuvo aquí Ortube y nos dijo cómo en aquella villa esperaba mucha gente nuestra llegada. Dios quiso que no fuéramos, porque, en caso contrario, es probable hubiese ocurrido algo de desagradable e inoportuno en las actuales circunstancias». Bazkari bati buruz ari zen Sabin hitz hauek idatzi zituenean. Orain baino lehenago ere esan dugunez, abertzaletasunaren zabalkundea, garai haietan, bazkarien aitzakian egiten baitzen. Bermeotarrak, horietako bat antolatzea erabaki zuten 1896an. Eta parte hartzeko gonbitea luzatu zioten Sabin-i. Bazkariaren eguna heldu zenean, Abandoko Maisua noiz etorriko zain egon ziren Bermeoko jeltzaleek, baina Sabinek, dirudienez, ez joatea erabaki zuen. Arriskutsua zen joatea. Agintariak eta Guardia Zibila atzetik zeuzkan, horrelako batean harrapatu eta isuna ezartzeko asmoarekin. 

(más…)

Read Full Post »