Gogor agertu zaigu egun hauetan Frantziako presidentea. Gogor eta sutsu Gadafi-ren kontrako erasoak proposatu eta sustatuz. Bere Laterriko ministro zenbaitek Egipto eta Tuniziako nagusiekin izan duen harreman estu-estuak orekatzeko edo azaldu zaio, antza, orain Gadafi-ren aurka gogor eta tinko agertzearen beharra. Indar militarra erabiltearen alde agertu da. Gadafi-k bere herritarren kontra darabilen indar militarra geldiarazteko gai izan daitekeen indarraren beharra alkarritu du Sarkozy-k. Aurpegia garbitu nahi du, argi dago. Atzo arte Gadafi-ren lagun mina zen, argazkiak erakusten duen moduan. Gaur, ordea, bere kontra ari diranen buruan jarri nahi du, beste inor baino sendoago, irmoago eta kementsuago.
Beste alde batetik, Gadafi-ri kontra egiten dabiltzan libiarrak biltzen dituen Nazio Kontseilua aitortzeko gogoa agertu du, solaskidetza politikoa ez ezik diplomatikoa ere eurekin ezartzeko. Europako Batasunak, ordea, politikoa bai, baina diplomatikoa ezetz erantzun dio. Gauza bat delako tiranoari aurre egiten dabiltzanekin hitz egitea -etorkizuneko Libiari buruz, esate baterako- eta beste gauza bat, oso ezberdina, azken hauek Estatu berriaren ordezkaritzat hartzea. Tentsio horrek Espainiako guda zibilean izandako gertakizunak ekartzen ditu gogora. Orduan ere, Errepublikako legezkotasunaren aurka jaso zirenek, gainontzeko Estatuten aitorpenaren bila ibili ziren jo eta ke, Estatu berriaren zilegizko ordezkariak izango balira bezala. Baina aitorpen hori ez zen berehala gertatu. Ez horixe. Batikanoak berak ere -teorian, behintzat, frankismoaren alde argien, erosoen eta azkarren agertu zitekeen Estatutak- frankotarrek hamaika ahalegin egin zuten arren, 1938 urtera arte, ez zion Frankoren erregimenari behin eta betirako bedeinkapena eman. Gai hauek sakonen aztertu dituen Hilari Raguer historialariak ohartarazten (ikus, adibidez, «La pólvora y el incienso», Barcelona, 2001) frankotarren lehenbiziko enbaxadorea, Egoitza Santuan, José de Yanguas Messía izan zen: «Nombrado el 16 de mayo, presentó en solemne audiencia sus cartas credenciales a Pío XI el 30 de junio» (256. orr.)
Eta hori gutxi balitz, Errepublikarekin izan zituen harreman diplomatikoak ia-ia guda amaitu arte jarraitu zuten.
Solaskidetza politikoa, diplomatikoa baino errazagoa eta erosoagoa da. Konpromiso-maila urriagoa dauka. Eta aldagarria da, guda batez erdibituta dagoen herri baten baitan gauzak alda daitezkeen hein berean.