Gogor agertu zaigu egun hauetan Frantziako presidentea. Gogor eta sutsu Gadafi-ren kontrako erasoak proposatu eta sustatuz. Bere Laterriko ministro zenbaitek Egipto eta Tuniziako nagusiekin izan duen harreman estu-estuak orekatzeko edo azaldu zaio, antza, orain Gadafi-ren aurka gogor eta tinko agertzearen beharra. Indar militarra erabiltearen alde agertu da. Gadafi-k bere herritarren kontra darabilen indar militarra geldiarazteko gai izan daitekeen indarraren beharra alkarritu du Sarkozy-k. Aurpegia garbitu nahi du, argi dago. Atzo arte Gadafi-ren lagun mina zen, argazkiak erakusten duen moduan. Gaur, ordea, bere kontra ari diranen buruan jarri nahi du, beste inor baino sendoago, irmoago eta kementsuago.
Beste alde batetik, Gadafi-ri kontra egiten dabiltzan libiarrak biltzen dituen Nazio Kontseilua aitortzeko gogoa agertu du, solaskidetza politikoa ez ezik diplomatikoa ere eurekin ezartzeko. Europako Batasunak, ordea, politikoa bai, baina diplomatikoa ezetz erantzun dio. Gauza bat delako tiranoari aurre egiten dabiltzanekin hitz egitea -etorkizuneko Libiari buruz, esate baterako- eta beste gauza bat, oso ezberdina, azken hauek Estatu berriaren ordezkaritzat hartzea. Tentsio horrek Espainiako guda zibilean izandako gertakizunak ekartzen ditu gogora. Orduan ere, Errepublikako legezkotasunaren aurka jaso zirenek, gainontzeko Estatuten aitorpenaren bila ibili ziren jo eta ke, Estatu berriaren zilegizko ordezkariak izango balira bezala. Baina aitorpen hori ez zen berehala gertatu. Ez horixe. Batikanoak berak ere -teorian, behintzat, frankismoaren alde argien, erosoen eta azkarren agertu zitekeen Estatutak- frankotarrek hamaika ahalegin egin zuten arren, 1938 urtera arte, ez zion Frankoren erregimenari behin eta betirako bedeinkapena eman. Gai hauek sakonen aztertu dituen Hilari Raguer historialariak ohartarazten (ikus, adibidez, «La pólvora y el incienso», Barcelona, 2001) frankotarren lehenbiziko enbaxadorea, Egoitza Santuan, José de Yanguas Messía izan zen: «Nombrado el 16 de mayo, presentó en solemne audiencia sus cartas credenciales a Pío XI el 30 de junio» (256. orr.)
Eta hori gutxi balitz, Errepublikarekin izan zituen harreman diplomatikoak ia-ia guda amaitu arte jarraitu zuten.
Solaskidetza politikoa, diplomatikoa baino errazagoa eta erosoagoa da. Konpromiso-maila urriagoa dauka. Eta aldagarria da, guda batez erdibituta dagoen herri baten baitan gauzak alda daitezkeen hein berean.
Josu adiskidea, lehengo batean Xabier Arzallus jende aurrean aurkeztea egokitu zitzaidan eta, beste gauza batzuren artean honakoa esan nuen: «Gizon honek nahi izan duenarekin egin du dantza eta xirri: Suarez, Gonzalez, Aznar…». Euretako batzuk gobernuburu egiten lagundu izan du, gainera. Alabaina, Arzallusek munstroak balira bezala tratatzen ditu orain, batez ere Aznar (eta Rubalcaba). Oker ez banaiz zure alderdiko jefea izan da 24 urtetan eta haren esanak betetzen ibili zarete militante jeltzaleak, orain hau eta gero hura. Zeuok jakingo duzue zergatik egin dituzuen horrelako gauzak. Esate baterako, Aznarri lagundu, hurrena Zapaterori, eta abar. Seguru ordain batzuk jaso dituzuela, horretan ez dut dudarik. Baina zuen politikagintzaren alde posibilista hori beti iruditu izan zait ur gehiegi nahastu zaion ardoaren ezpalekoa. Egia esan, jeltzaleak artistak zarete kolore guztietako karramarroekin ezkontzen, baina Sarkozyri zenbait kontu hartzen hasi baino lehen, hobe zenukete zeuon jarduera ez hain aspaldikoari begiratu eta apalago ibiltzea, ez gaitzazuen besteok behartu esatera «zozoak beleari ipurbeltz» edo antzeko beste esaera zahar argigarri horietakoren bat.
Segi gogor.
Ezker abertzalea ere Gadafi zalea zen garai batean. Orain, batek badaki zein jarreratan egon daitekeen.
Bada nire aburuz, Sarkozy aprobetxategi izugarria da. Bera izan zan Gadafiren lagun minena eta bera da orain Gadafiren areriorik handiena. Hori bai, bihar, behar bada, bera izan liteke berriz ere lagun urkoena.
Ez dakit, Hasier, zure iruzkinaren helburu zehatza zein den: Arzalluz erruki barik kritikatu, Arzalluzen aitzakiarekin EAJren urteetako jarduna kolokan jarri, politikaren alde posibilistaren kontra azaldu ala euskal politikaren aztertzaile sakon eta zorrotza zarela erakustea. Denak dira, jakina, zilegiak eta askatasun osoz planteatu daitezkeenak. Politikariok, azken batean, herritarren kritikari zabal-zabalik egon beharra daukagu.
Dena dela, zure idazkiari zehaztasun batzuk egin beharra ikusten dut. Neureak, jakina. Eta neureak diren heinean, neure nitasunetik egindakoak, zeureak ere zeure zutasunetik eginda dauden moduan:
1.- Arzalluz EBBko presidentea izan da, noski. Nortasun handikoa eta lidergo eraginkorrekoa. Ukaezina da hori Baina ez dut artez ikusten bera «alderdiko jefea» izan delako, gainontzeko militanteak «haren esanak betetzen» ibili garela esatea «orain hau eta gero hura». Baieztapen horri militanteenganako halako mespretxua somatzen diot, nire ustez, desegokia eta zuzentasunik gabekoa. EAJren barne egitura ez da itxura presidentzialistakoa. EBBko presidentea, ez da alderdiko presidentea, organo bateko presidentea baino. Primus inter pares bat. Hari horretatik abiatuta, bere erabakiak hartzeko ahalmena dauka, noski, baina ez da librea nahi duena eta nahi duen moduan egiteko. Beste organo batzuk daude Alderdiaren barruan (EBB bera eta Aberri Batzarra bereiziki) estrategia politiko orokorrari dagokionez, behintzat, zer esana daukatenak.
2.- Harritu egiten nau euskaldun batek alderdi abertzale baten Madrilgo jarduna ebaluatzerakoan, hain modu erraz eta akritikoan madrildarren ikuspuntua bete-betean hartzea. Madrilgo analista batentzat, PP eta PSOE-z aparteko beste alderdi guztion egitekoa, sozialistei a la popularrei laguntzea da. Ala bati ala besteari. Ez dago erdibiderik. Eurek baitira Madrilgo politikagintzaren protagonista nagusiak. Madrilgo aztertzaile horiek ezin dute ulertu ere egin, gutariko bakoitzak bere helburu propioak euki ditzakeenik. Baina badauzkagu. Bai horixe. 1977az geroztik hauteskunde orokor guztietara aurkeztu gara boto-emaileari esanez EAJren helburua Euskal Talde Parlamentario sendo eta indartsua eratzea dela Gorte Nagusietan euskal interesak defendatzeko: autogobernuaren alde lan egiteko eta Euskadin egin beharreko inbertsioak eginarazteko. Zuk egiten duzun gure Kongresuko lanaren laburpena («Aznarri lagundu, hurrena Zapaterori eta abar»), Madrilgo kazetarien artean hedatuta dagoen hispanozentrismotik egiten didate maiz, euren buruan besterik kabitzen ez delako: ala bati ala besteari lagundu behar diozu. Tertium non datur. Nik, ordea, hispanozentrismotik alde egiteko ahaleginak egiten ditut nire Gorteetako jarduna aztertzerakoan eta ikuspuntu euskozentrista bat hartzen saiatzen naiz. Egindakoaren trukean lortutakoa ona den ala ez den; nahikoa den ala ez den.
3.- Ikuspuntu hispanozentrista horretatik aztertuta, esaten duzu «ordain batzuk» jasoko genituela seguro asko jardun horretatik. Ordainik ez, Hasier. Bat ere ez. Lorpenak. Nahikoak ala errenak, baina lorpenak. Niretzat bezalaxe, zuretzat edota euskal gizarte osoarentzat onurak dakartzatenak. Transferentzia bat lortzen dugunean, ez da nire onerako eskuratutako ordaina. Kontzertu ekonomikoaren blindajea lortzen dugunean edota Kupoaren berrikuntza sinaraztea lortzen dugunean, ez dugu ordainean pentsatzen, lorpenean baino.
4.- Ondo ikusten dut politikan ardo-ardoaren (ur tantarik gabeko ardoaren) alde egiten duzun kantua. Euskal Herrian askotxo dira azken hogeita hamar urtetan jarrera berdinean ibili direnak. Aspaldi honetan «orain legalizazioa» eskatzen dabiltzanen artean, esate baterako, milaka ibili dira mezu berdin antzekoarekin. Gaur, ordea, zorioneko legalizazio hori lortzeko bidean ardoari bota dioten urarekin, kolore gorririk ere za zaio gelditu atzo arte ardo-ardoa omen zenari. Aitortzen dut, dena dela, jarrerarik erosoena, norbera ezertan ez bustitzearena dela (ez ardo-ardoarekin ez ardo urtuarekin ere) baina, hori bai, ardo-ardoa zer den eta ardo urtu arbuigarria zer den zehazteko ahalmena norbere eskuetan hartuta. Kontua da, nik neuk, ez daukadala horretarako behar den gorputza.
5.- Alde txikia, bai, baina nola-hala aldea dagoelakoan nago, Zapateroren Ley de Economía Sostenible-ren aldeko botoa ematea eta egunean egunean herritarrak torturatzen eta erailten ibili den Gadafi-ren aldeko jarrerak agertzearen artean. Ez dakit, benetan, gauza berdinak izango balira bezela biak uztarri berean jartzerik dagoen.
Besarkada handi bat eta mila esker zure ekarpenengatik. Beti ematen dute zer pentsa
Poesía a las palabras vacias.
Lo escribas en euskera o en castellano viejo,
Palabras huecas, solo son eso,
Palabras vacias de contenido,
Pero llenas de maniqueo,
Palabras malditas,
que se lleva el viento,
Palabras malditas,
que la gente del pueblo,
no las queremos.
Otro ejemplo de la ridícula vaciedad con la que Pasajes & Bidasoa rellena su incomprensiblel vanidad. El interfecto es un monolingüe castellano, que hace como si supiera mucho en temas relacionados con el euskera (de hecho se ha permitido impartir doctrina en más de un post sentando autoridad sobre este tipo de cuestiones) pero lo desconoce todo. Aquí le ha ocurrido lo mismo. No entiende ni el post inicial ni los comentarios posteriores. Nada. Pero como está programado por los que le pagan (la coalición pro españolista López-Basagoiti) para lanzar proyectiles contra todo lo que huela a nacionalista vasco inserta aquí unos versos que sirven lo mismo para un roto que para un descosido. No entiende de qué va el debate, pero viene a decir que no le importa, porque lo que se escriba en este blog (salvo lo que escribe él) son «palabras malditas» etcétera. Esa es su gran aportación a este blog. Dígase lo que se diga, a él le da igual. Lo mismo si está en euskera, en castellano o en inglés. Él sólo está para meterse con el nacionalismo vasco, por cualquier motivo, con los tópicos al uso.
Josu adiskidea, ikusten dut zu boxeolari handiegia zarela niretzat eta k.o. bidez ez bada, puntuetara beti galduko dudala eztabaida honetan. Nire helburua ez zen besterik oharpen bat egitea baino, norberak ere baditzakeela egin akatsak. Egia da, halaber, sekula inongo alderdiren militante izan ez naizenez, ez ongi konprenitzea alderdien mekanismoak. Hala ere, irri zabalez hartu dut jendea zeuri interesatzen zaizun lekuan jartzeko duzun abilezia. Trebea behar da izan ni «hispanozentrismoan» jartzeko eta baita ere «urik gabeko ardoaren zale»irudia emateko —gaizki ulertu ez badut, borroka armatuaren alde egondakoari dagokiona, edo antzeko zerbait. Hainbesteko hutsa egin duzu bi kontu horietan nirekin, sartu ere ez naizela egingo eztabaidatzera. Grazia bai, egin dit. Eta handia. Eta beste gauza batean ere arrazoia ematen dizut, eta barkamena eskatzen: ez dut dudarik «lortutako ordainak» denontzako mesede izan direnik, hori bai, zeuok nahi bezala eta nahi izandako prezioan ordainduta. Azken finean, Josu, Arzallus jaunak eta zure alderdiak (zeu tarteko, beraz), oker ez banabil, orain deitoratzen duzuen presoen sakabanetaren alde egin zenuten egun batean, esate baterako. Beharturik sentitzen naizelako esaten dizut hau, eta jakina, ez zaituztet, horregatik, Gaddafirekin alderatu nahi, ez eta gutxiago ere, baina bekatutik libre denak bota dezala lehen harria. Horregatik ekarri nituen belea eta zozoa tartera.
(Bide batez, Antoine Abbadiakoak esaten zuen gizon bat aski dela putzu sakonera harri bat botatzeko, baina gero dozena bat behar direla harria handik ateratzeko).
Esaten dituzunak esan, ez diot gaiari hemen jarraituko, baina jakizu benetan eskertzen dudala euskal politikari bat, behingoz, politikaz eta euskaraz aritzea idazten. Hain argi eta dotore, gainera. Nire eskerrik zintzoenak horregatik. Segi gogor.
Kaixo Berriro, Hasier:
Ikusiko zenuenez, euskaraz idatzitako sarrerak ez dira, ezta gutxiago ere, blog honetan arrakastarik gehienak daukatenak. Tamalgarria izan daiteke askorentzat, baina horrela da, horixe baita begien aurrean daukagun egoera. Are okerragoa da oraindik, sarri askotan, euskarazko sarrera horietan iruzkinak egiten dituztenak, gaztelaniaz idazten dituztela eta, horrela ez denean, iruzkin txiro, labur eta ondo taxutu bakoak egiten dituztela maizegi.
Paisaia hain urriaren aurrean, zureak bezalako iruzkinak (sendoak, argudioz ondo jantziak eta hobeto idatziak) beste maila bat ematen diote blog honi. Edo beste era batera esateko, jausi kaulitatiboa emateko bidean jartzen dute nire bitakora xume haru. Besterik ez balitz ere, arrazoi nahikoa izango litzateke hori zure iruzkinak blog-ean sartzeko egin duzun ahaleginagatik, nire eskerrik beroenak emateko. Blog honen merituak eta ahuleziak, nire neure ardurapekoak dira, denak, politikoen artean ohikoa denaren kontra, kasu honetan, nik neuk, neure esku propioekin idazten baititut titularrari dagozkion idazki guztiak.
Ez zaituz boxeo kontuetan ahul ikusten. Aitzitik, pugilen esku-larruekin trebe baino trebeago somatzen zaitut. Boxeolarien metafora hori erabiltea bera dialektiko trebeen artean sustrai sakonak dituen estrategia zaharra bezain eraginkorra menperatzen duzula erakusten ematen du: norberaren burua makal erakustea, hasera-haseratik ukabilkadak datozenean eragin handiagoa izan dezaten.
Kontua da, ikusten dudanetik, zu eta ni «ring» diferenteetan gaudela eta nekez gurutzatu ditzakegula gure esku-larruak. Hitz egin bai, ikuspuntuak kontrastatu ere bai, informazioa trukatu ere bai, noski, baina ez boxeoan ari. Esaten duzunez ez zara «sekula inongo alderdiren militante izan». Nire kasua, jakina denez, kontrakoa da. Militantea ez ezik, kargu publikoa naiz nire alderdiaren izenean. Zuk egoera aztertu, eta zeure iritziak ematen dituzu. Horixe da zure egitekoa. Nik ere neure iritziak ditut, jakina. Ez, apika, zureak adina sendo eta landuak baina iritziak, hala ere. Arazoa da, ordea, kargu publikoa ez dagoela iritziak emateko, erabakiak hartzeko eta erakunde publikoen jarduna bultzatzeko baino; gauzak egiteko, berba baten esanez.
Zurea eta nirea, beraz, plano diferenteak dira. Erabat diferenteak. Zuk, momentu bakoitzean ematen dituzun iritzien koherentziaz besterik ez duzu erantzuten. Iritziak iritzi baitira eta behin emanez gero, haizeak eramaten baititu. Nik, ordea, nere iritziez, nire jardunez, nire egitateez, nire biografiaz eta Sabino Aranak EAJ sortuz zuenez geroztik bertako militateak izan diren guztien iritzien eta jardunaren koherentziez erantzun behar dut. Ez dago simetriarik bata eta bestearen artean. Zuk Arzalluzen ibilbidea aurpegiratzen didazu, eta Arzalluzena bezala Manuel Aranzadirena, Agirrerena, Iruxorena, Doroteo Ziaurritzena, Axuriagerrarena edota beste edozein alderdikiderena aurpegiratu diezadakezu. Nik, ordea, ezin dizut besterik aurpegiratu une bakoitzaren ematen duzun iritziaren koherentziarik-eza baino. Zure iritzietan koherentziarik-eza egotekotan, jakina. Zure iritzien eta zure eguneroko jardunaren artean koherentziarik egongo ez balitz ere, erabat ezinezkoa litzateke niretzat hori aurpegiratzea, ez baitut zure eguneroko bizitza ezagutzen. EAJren eta jeltzaleon historian, ordea, dena -edo ia dena- da ezaguna eta publikoa.
Ez, ez gaude «ring» berean. Ezin ditzakegu gure esku-larruak gurutzatu. Gehientsuenez, errege magoei eska diezaieket nagusia naizenean niri ere aukera hori emateko: nire iritziekin besteen jarduna ebaluatzen dudan artean beste horiek nire une bakoitzeko iritzien koherentzia ebaluatzeko aukera murritza besterik ez izatea. Orduan, une goxo hori heltzen zaidanean, niri ere, jardunean dabiltzanen arrazoibideek barregurea emango didate eta «irri zabalez» hartuko ditut.
Bete-betean onartuko dizut, bat ere disimulatu gabe, hutsak ditudala. Asko eta nabarmenak. Zureak baino nabarmenagoak, seguru asko, nireak, kargo publikoa naizen heinean, agirian gelditzen direlako eta zureak zuk zeuk eta zure hurbilekoek beste inork ezagutzen ez dituelako. Hala ere, ez dut uste -uste ez izatea beste huts bat izan datekeenaren arrisku guztiarekin diot hau- zure planteamenduei buruzko nire iruzkinean aparteko huts gordinik dagoenik. Uztargarria da jarrera hispanozentrikoarekin EAJren Madrilgo jarduna ebaluatzea eta, aldi berean, ardo-ardoaren aldeko jarrera abertzale purista sutsua defendatzea. Beste kontu bat da uztargarria den hori koherentea ere dan. Nik ezagutzen dut bat baino gehiago jarrera biak beretzat hartu arren munduan barna, bere inguruko guztiei koherentziaren eskolak ematen harro-harro dabilena. Librea da, jakina, horrela ibilteko. Bakoitzat daki bere bizitza nola antolatzen duen. Baina nik neuk behintzat, argi daukat ez dudala hutsik egiten, nire aburuz koherenteak ez diren jarrerak aldi berean bereganatzen dituela nabarmenarazten dudanean. Hutsa, kasu horretan, ez bailegoke nire azalpenean, bere jardunaren koherentziarik-ezean baino.
Argi dago, Madrilen Euskadirentzat eta euskal herritarrontzat lortu ditugunak, geuk «nahi bezala eta nahi izandako prezioan» ordaindu ditugula. Baina egia da baita ere, gure jardun hori lau urterik behin ebaluatu dutela euskal herritarrek eta, gaur arte, behintzat, Madrilen politika hori egiten jarraitzea nahi izan dutela. Gure lorpenak beraz -ez ordainak, lorpenak baino- aintzakotzat hartu ditu euskal gizarteak neurri handi batean.
Dena denla, horixe da, zure eta nire arteko aldea. Zuk zure une bakoitzeko iritzien erantzukizuna baino ez daukazu. Eta nik, 1895tik eta gaur arte EAJk eta bere kide eta kargu guztiek, arlo guztietan egin dutenaren erantzukizuna. Ez dago «ring» berdinean jokatzerik, ez. Presoen sakabanaketa aipatzen duzu, eta nire alderdiak orain mende laurden bat hartu zuen erabakiagatik daukan erantzukizuna. Baina behin baino gehiagotan esanda dago sakabanaketa horren helburua -guk sinatu genuenean behinik behin- bergizarteratzea zela. Eta bere fruituak eman zituela esparru horretan. Baina fruitu horiek agortu zirenez geroztik, presoen sakabanaketak zigorraren ugalketa eta hedapen injustoa besterik ez dakarrela. Eta horren kontra agertu izan gara inguru guztietan. Ezker abartzeak nahi ez zituen inguruetan ere bai, noski, sakabanaketaren ondorio larriak banan banan egindako gestionen bitartez ere apaldu daitezkeelako. Milaka aldiz esan izan dugu hau azken hamabost urteetan. Harritu egiten nau, benetan, zuk hainbeste bider errepikatutako mezu horren berririk ez izateak.
Gauza batean emango dizut, bai, arrazoi osoa. Mundu nahastu honetan inork ezin dezakeela, ezertan, lehenbiziko harria bota. Kontraesenez bete-bete egindakoak gara gizasemeok. Denok. Kontraesanak urrundik ere ikutzen ez diola uste duena okerrena. Baina Sarkozy eta Gadafi-ren kasua aipatzerakon, post honetan, ez dut politikari gisa jokatu -ez baitiot inoiz Gadafiri eskurik eman- kazetari iritzi-emailearen paperean baino. Eta hor, koherentzia, iritzian bertan aurkitu behar da, ez iritzia eta jardun pertsonalaren artean; kazetari iritzi-emailearen bizitza pertsonalak ez baitzaio inori axola. Ala bai?
Dena dela, post hori bere aurretik argitaratu zen beste batekin lotu behar da. Bigarren horretan zera galdetzen nuen: Europako demokrazietako herritarrak zer hobesten duen bere agintariengan, Gadafiri eskua ematea petrolio ugaria eta merkea lortzeko ala Gadafi bezalako tiranoei muzin egitea, petrolioaren kopuruaren eta prezioaren kaltetan. Inork gutxik erantzun zion galdera horri. Baina erantzun zuten apurren ikuspuntuak oso esanguratsuak iruditu zitzaizkidan.
Besarkada bat
Baita zeuri ere, Josu., jaso besarkada bat Hendaiatik. Eta hurrengoan ere izan gaitezela eztabaida gehiagorako
Segi fin.