Aurten ez dut Bilboko jaietaz gozatzeko aukera gehiegirik izan. Horrela izaten dira gauzak. Ihaz hainbat egunetan izan nintzen Bilbon, jaiaren usainean, baina amaitzear dagoen abuztu honetan, pare bat aldiz gehien-gehienez. Atzo izan zen azkenengokoa.
Ugari dabil jendea. Itxura hori hartu nuen behintzat. Eta dirua ere ba omen dabil, beste urte batzuetan adina izan ez arren. Dena dela, okerragoa izan zitekeenaren susmoa zeukanik ere bazegoen. Bildurti ibili dira tabernari eta dendariak, baina nahiko ondo bideratu omen da kontua. Jende asko agurtu dugu kalean. Euskaldunak eta euskaldun ez direnak. Bilbotar eta bilbotar ez direnak. Denak jaiari dagokiona eman nahian.
Baina ez nuke aipatu barik utzi nahi Carlton Hotelean aurkitu nituen zestalariak. Bi mutil gazte eta neska liraina hurbildu zitzaizkidan hotel horretako hall-ean goiz erdiko txakolia hartzen nengoenean. Bi mutilak pelotari jantzita zeuden. Zehatzako esateko, zestalarien jantzi eta kontu guztiekin, otzara eta guzti. Mutrikuarra zen bat eta Markinarra besteak. Bilbaojaialai txapelketaren propaganda egiten zeuden. Egun hauetan gauzatzen ari dira txapelketaren partiduak eta datorren irailaren 11an izango da finala, Plentziako frontoian.
Garai batean, Euskadiko zesta-pilotajokoa oso zabaldu zegoen inguruetan eta komunikabideetan. Gure enbaxadorerik ugarienak ere zestalariak izan ziren Miamin ez ezik, mundu guztian zehar. Gaur egunean, ordea, eskuzko pilotak beste pilota-mota guztiak estaldu ditu. Telebistak eta gainontzeko medioek eskuzkoari lehentasuna ematea erabaki zutenetik, bazterrean gelditu dira beste joko-mota guztiak. Zestazkoa euren artean. Pena bat da, oso ikusgarria baita zesta-jokoa, eta gure joko eta kirolen aberastasunaren isla delako. Babesa eskatzen dute zestalariek. Babesa eta laguntza, garai batean izan zuten ospea berriz ere berreskuratu ahal izateko. Ea bada, suerterik daukaten. Egungo erakundeek ez dut uste horretan aurretik ibiliko direnik baina gizarteak ere bere ekimena hartu beharko luke horretan. Interesa duenarentzat esan dezaket, irailaren 4an Bilboko deportivoan izango dela jokoa eta txapelketaren azken bi saioak, irailaren 10an eta, esan bezala, 11an, Plentziako frontoian. Ez utzi gure kirola.
hitza hauek nire bihotza ukitu dute, benetan politak!
Gure eguneroko borrokan honelako berbaldiak indarra hematen digu haurrera jotzeko… baina ekintzak ere behar ditugu!!
Aste buru honetan Plentziako Frontoian arratzaldeko 19:00 etan FINAL HANDIA izango da, 12 pelotari, Euskal Herriko herrialde guztietatik etorriak: Biarritz, Kabanillas(Nafarroa), Donosti, Gasteiz ta Bizkaia…
Zuen zain izango gara, Jai alai ikuskizunarik ikusgarriena, liluragarriena, nazioarteko mailan ezagunena den modalitatea!( alegian horrexegaitik ez dute nahi zesta berpistea, oso arriskutzua da munduan zehar ainbeste euskaldun beren aberriaren embaxadore)
..Zer litzateke Euskal Herria Pilotarik gabe…
Iranzu Arginzoniz
Bilbao Jai alai lehendakaria