Gaur goizean Lekeitiora hurbildu gara. Udalak, Santa katalinako itsasargian zabaldu duen museoa hartu dugu horretarako aitzaki. Joan den urteko aurrekontu orokorrean EAJ-ko diputatu eta senatariok lortu genuen diruarekin ordaindu dira eraberritze-lanak. Horregaitik agertu gara inaugurazioan.
Santa Katalinako itsasargia leku zoragarrian kokatuta dago. Arkaitz sendo baten ganean, olatuak hausten diren lekutik berrogeita bosten bat metro gora. Goizeko eguraldi eguzkitsuak, areagotu egiten zuen parajeak berez daukan edertasuna. Sortaldetik Gipuzkoako kostaldea ageri da. Getariako arratoia ere bertan-bertan ikus daiteke. Eskuarekin arrapatzeko gisan. Sartaldetik, berriz, Elantxobeko etxeek arkaitzean egin dute sauri zuria somatzen da. Eta han, atzean, Matxixakoko lurmuturra.
Itsasargiaren torrea eraikuntza polita da oso. Horrelakoetan ohikoa den harrizko eraikuntza zirkularra. 1862. urtean piztu omen zen lehenengoz. Zierbenako Punta Luzerotik hasi eta Iparraldeko Miarritzerainoko tartean, 15 itsasargi daude, euskal kostaldea mutur batetik bestera euren argi-izpiekin alaitzen.
Itsasargiaren magalean, garai bateko arduradunaren eta honen laguntzailearen etxe-bizitzak daude. Antzina, faro ondoan bizi ohi ziren arduradunak. Espazio hauetan zabaldu da, hain zuzen ere, museo berria.
Itsasargiko museoa nabegazioari buruzkoa da. Zeri buruzkoa izan daiteke bestela? Bertan, itsasoan ibiltzea zer den azaltzen deusku Antolin arrantzaleak, modu argi eta pausatuan. Eta ur kesalaren erdian ez galtzeko nola jokatu behar dan. Izan ere marinelaren erronkarik nagusiena horixe baita: itsasoan ez galtzea. Gaur, GPS-az baliatzen gara horretarako. Baina iraganean, izarrak eta haizeak ziren laguntzaile bakarrak. Gero, bigarren gelan, Lekeitio inguruko uretatik garamatza Antolinek bere itsasontzian. Esperientzia polita benetan. Otoiopetik aurrera, Elantxoberaino. Eguzkia, lainoa, ondoko haitzak,… marinelaren zailtasun guztiekin egiten dugu topo bidaian zehar. Ogoño atzera heltzen garenean, buelta eman eta Leikeitiora inguratzen gara berriz ere. Baina itzuleran ekaitzak harrapatzen gaitu. Bat-bateko galerna indartsuak. Eta horrela, olatu, haize eta eurien artean itzultzen gara portura.
Merezi du, benetan, Lekeitiko itsasargian ireki duten museoa ikusten joatea. Eta bide batez, molletik buelta eman, Eleiza gotiko ederra ikusi eta Zapirain jatetxera arrain freskoa jaten sartzea.
Zorionak Jose Mari Kazalis alkateari eta besarkada bana Julen Ajuria eta Mertxe Zabala zinegotziei. Beste urrats garrantzitsu bat eman duzue Lekeitiora bisitariak erakartearen bidetik.
politxa da lekitxo he?
Ikusmira benetan ederra,bai…uka-ezina.
Bainan nekez esan daiteke, herri hortan eta inguruko bailarako biztanleen antzinatik erakusten duten borondatea errespetatzendenik.
Gaur egungo egoerari, begirada edo ikusmira bat botatzea baino ez dago,ez da besterik behar.
Soilik, nola euskaldunak gure lurreetan inposaketak jasan behar izana,kanpotik datorrenen legea onhartu behar,ixilik eta zintzoki…
Lekeitio, bai Euskal Herriko beste zenbait lurralde – osoa esango nuke ni- ,guzti honen adierazgarri .
Nola liteke euskaldunak ilegalak Euskadin?
Hurrengo igandean eguna dugu aukeran, hemen zeintzuk diren Euskal legetatik kanpo daudenak…nortzuk ilegalak Euskal Herrian.
Ekarpen ederra egin deutsazue herriari, Josu. Eskerrik asko zuen laguntzagatik
Edarra jan gendun bazkariya Zapirainen eh Josu?! Beti be herrittarren mesedetan.