Gaur goizean Lekeitiora hurbildu gara. Udalak, Santa katalinako itsasargian zabaldu duen museoa hartu dugu horretarako aitzaki. Joan den urteko aurrekontu orokorrean EAJ-ko diputatu eta senatariok lortu genuen diruarekin ordaindu dira eraberritze-lanak. Horregaitik agertu gara inaugurazioan.
Santa Katalinako itsasargia leku zoragarrian kokatuta dago. Arkaitz sendo baten ganean, olatuak hausten diren lekutik berrogeita bosten bat metro gora. Goizeko eguraldi eguzkitsuak, areagotu egiten zuen parajeak berez daukan edertasuna. Sortaldetik Gipuzkoako kostaldea ageri da. Getariako arratoia ere bertan-bertan ikus daiteke. Eskuarekin arrapatzeko gisan. Sartaldetik, berriz, Elantxobeko etxeek arkaitzean egin dute sauri zuria somatzen da. Eta han, atzean, Matxixakoko lurmuturra.