Udaberria sartu zaigula diote komunikabideek. Baliteke. Ez dut ukatuko. Baina bete-betean ere ez dut sinestuko, jakina. Lehendik ere bagenuen eskarmentu nahikoa komunikadeen esanen benetako balioaz.
Egunak luzeagoak dira. Gauza nabarmena da hori. Eta hotz-beroak ere gora egin du azken hiru-lau egunetan. Baina tenperaturaren joan-etorria ekonomiarenaren itxurakoa da. Hoberuntz doala sinestuta gaudenean, atzera egiten du berriro baikorrenen itxaropen guztiak bertan behera utziz. Hobe da baikorregia ez izatea. Eta etorri omen datorrena benetan badator, izango dugu, izan ere, etorri dela ikusteko eta konprobatzeko aukerarik. Aldiz, lau haizeetara iragarria izan arren ere, etorri beharko litzatekeena benetan ez badator, itxaropen gehiegirik izan ez duenak, ez du frustraziorik izango. Eta denok lehen bezala.
Euskal udaberria iragarriegia daukago aspaldi honetan. Egunean-egunean esaten digute euskaldunoi benetako udaberria dela oraingoa. Ez faltsua, ohi bezala, egiazkoa baino. Behin eta betirako udaberria omen da bizitzen ari garen hau. Horrela diote komunikabideek. Negu hotz eta ilunaren itzalak betiko atzean utziko dituen udaberria. Baina komunikabideekin eskarmentua daukagunok, honetan ere planto egiten dugu. Egia da, ez du ukatuko, txorien abestiak entzuten direla non gura. Baina begiak zabaldu… eta haizean hara eta hona dabiltzan txio-txio horiek, kaiola barruan preso dauden txorienak direla ikusi dut. Lore usainak ere nabarmenak dira. Baina begiak zabaldu eta… negutegian preso dauden loreenak ikusi dut.
Udaberria omen.
Bainan honela, ez ziren gehiago txoriak izango, ezta?
Negu hau lau urteetako negua da. Ez dakit nor den erruduna: Gure lurraren eje mugikorra, eguraldi aldakor hau, ozonoz azala zulo haundikor, etbko zuzendari berria edo agian, Ajuria Enean bizi den txori buru nagusiena ! Guk, bitartean, etxean bero-bero, gure udaberri itxaroten, perretxikoen bezala. Auskalo Euskalherrien udaberri benetan izango da!