Gaur betetzen da mende osoa, 1912ko udan, galerna zakar baten ondorioz, Bizkaiko 143 arrantzale itsasoan betiko galdu zirenetik. Ezbehar negargarria izan zen hura. Gertakizun dramatikoa. Itotakoen artetik, gehienak bermeotarrak ziren: 116, hain zuzen ere. Lekeitarrak, 16; elantxobetarrak, 8 eta ondarrutarrak, 3. Uda eskasa izan zen, 1912ko hura, arrantzaren ikuspuntutik. Atun gutxi harrapatu zuten euskal arrantzaleek. Horixe diote behintzat urte hartako kronikak. Eguraldia ere ez zuten beste mundukoa izan. Hala-nolakoa izan omen zen itsasora sartu nahi zuenarentzat. Etxegun bat baino gehiago jasan behar izan zuten euskal arrantzaleek abuztu hartan.
Haatik, hilaren 12an, itsasorako bidea hartu zutenean, gogotsu eta itxaropenez beterik joan ziren Bermeoko arrantzaleak. Galdutako egunak berreskuratzeko ahalegin berezia egin behar zuten, iraileko Andra Mariak baino lehen. Horrez ganera, hilaren 16an San Roke eguna zen. Jai eguna Bermeon. Aspaldiko jai eguna. Eta tradizioari jarraiki, egun horretarako etxera etorri beharra zeukaten herriko arrantzaleek egunari ospakizun-giroa emateko. Zeregin handia zeukaten, haatik, hurrengo hiru-lau egunetan, partila mamitsua lortu nahi bazuten.
Paketsu zegoen itsasoa, goiz hartan. Eta zerua, berriz, eguzkitsu. Udako egun argitsu tipikoa zen. Berehala sartu ziren ur handietara. Eta atun nahiko harrapatu zuten. Baina iluntzean, erabat aldatu zen panorama. Zerua bat-batean ilundu eta itsasoa zorabiatzen hasi zen. Une batetik bestera, ikaragarrizko galernaren eraginpean ikusi zuten euren burua. Bazuten horren susmoa, baina itsasoan gelditzea erabaki zuten, galerna txikia izango zelakoan. Baina aparteko galerna izan omen zen egun hartakoa. Beldurgarria. Indartsu-indartsua. Noizean behin baino ematen ez diren horietakoa. Eta zoritxarra ekarri zuen Bizkaiko arrantza-herrietara. Bermeora, batez ere. Santa Eufemiako parrokoak, Quintin Goikoetxeak, honako hitz hauek idatzi zituen galernaren ondorioz hildakoen zerrenda amaiezina heriotza-liburuan jaso aurretik: «Día doce de agosto de mil novecientos doce. Día de infausta e imperecedera memoria para el pueblo de Bermeo, en el que perecieron ahogados en alta mar, ciento diez y seis bermeanos, dedicados a la pesca de bonito, a consecuencia de una horrorosa galerna que se desencadenó hacia las cinco de su tarde, a la distancia de unas treinta y cuatro millas al norte del Cabo Machichaco»
Bermeon, galerna horren gogorapen bizia egon izan da beti. Itsasoan galdutako 116 gizonek, izugarrizko zuloa sortu zuten herrian eta, familia askotan, belaunaldiz belaunaldi eutsi diote Kantauriko urpean itotako aitonaren edo senditartekoren baten memoria.
Baina aurten, gertakizun latz huraren mendeurrena dela eta, garrantzi berezia eman nahi izan zaio egunari. Goizean, bi meza egon dira herrian. Bat, nagusia, Santa Marian izan da; orain ehun urte galdutakoen hiletak ospatu ziren eleizan bertan. Bigarrena, berriz, Gaztelugatxeko Donienen eman da; hots, Bermeoko arrantzaleen ohitura, sineskera eta sineskerien unibertsoan, leku aipagarria betetzen duen eleizan.

Aita Jon, Anjel Gondra, Bego Iraundegi eta laurok, «Doniene» otxoteko kideekin, San Juaneko eleizaren aurrean.
Argazkietan ikus daitekeenez, Gaztelugatxeko ospakizunean izan naiz. Ospakizun ederra eta sentikorra izan da. Aita Jon prantziskotarra izan dugu meza emaile eta Imanol Ormazaren otxoteak egin ditu abestiak. Ospakizun amaitu eta gero, eleiza aurrera urten eta otoitz berezia egin du Aita Jonek itsasoari begira.
Arratsaldean, Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendu duen Galerna 1912 izenburuko filme dokumentala ikusi dugu. Hunkigarria, benetan. Bihotza zuzen-zuzenean ikutzen duten horietakoa. Galerna bizi zutenen historia konkretuak berreraikitzen ditu lanak, arrantzaleen mundu tradizionalaren inguruko andra-gizonen lekuko konkretuekin nahastuz. Eta bien bitartean, zenbait historialarik, ikerlarik eta itsas-segurtasunari lotutako teknikarik, azalpen argigarriak ematen du, gaurko begiekin begiratzen duen ikusleari gauzak nola gertatu ziren ulertarazteko. Lan txalogarria da, benetan, oraingo zein etorkizuneko jendeari -eta Bermeokoari zein kanpokoari-, euskal arrantzaleen bizimodu tradizionalaren latza erakusten emateko eta, bereiziki, 1912ko abuztuaren 12an, Bizkaiko kostaldean gertatu zena ezagutarazteko. Zorionak, beraz, Jabi Elortegiri eta egitasmoan laguntzaile nagusia izan duen Juan Apraiz-i. Filmea ikusi ez duenak, edukiko du, eduki ere, hurrengo hilabeteetan, horretarako aukera. Euskal Telebista dago babesa eman diotenen artean eta emango dio, seguru asko, ikusle oro asetzeko besteko zabalkundea.
Gero, iluntzean, urtean-urtean egiten den ekitaldian hartu dugu parte. Herriko txalupak, argi itzalen azpian eta txistu baten doinu tristearen pausoan, portu aurrera ateratzen dira, itsasoan hildako arrantzaleei omenaldia eskaintzeko. Eta gero, lasai eta geldo, berriro sartzen hasten dira, moileetan, euren zain dauden ehundaka pertsonek kandela piztuei eusten dien bitartean. Lorak botatzen dira orduan itsasora. Hildakoen memoriak bizirik irauten duela erakutsiz.
Ospakizun polita izan da hau ere. Beti bezala. Tristea eta sentikorra, baina aldi berean, ederra; ikusgarria.
Oraingoan, zor zaiona eman izan zaio, bai, mendeurrenari.
Deja una respuesta