Joseba Agirre Zaabalaren heriotzaren berri izan dut gaur. Euskaditik kanpo harrapatzen nau berri txarrak, eta min eman dit. Pena handiarekin hartu dut notizia. Geixoaren kontra izan duen burruka luze bezain kementsuak ez dio balio izan, ikusten denetik, gure artean jarraitu ahal izateko. Eta joan egin zaigu.
Nola edo hala imajinatu behar badut, bere aitarekin -Jose Antonio Agirre lehendakariarekin- batera irudikatzen dut, han, goian, bi-bien bizitzako griña zen Euskadiri buruz hitz egiten. Zer esan asko dauka, bai, Josebak, gure herriak azken 52 urteetan bizi izan dituen gertakizunak, esperientzia pozgarriak eta ezbehar ilun guztiak bere aitari kontatzeko. Ohikoak zituen irrifarre eta pazientziarekin imajinatzen dut, bai, aita zuen lehendakariari, gerta direnak eta gerta zitezkeenak kontatzen.
Gizaseme jatorra izan da Joseba; zabala, tolerantea, zerbait baieztatzen duenean, solaskidearen lekuan jartzen dakiten horietakoa. Abertzaleon imajinarioan mitifikatuta dagoen Agirre lehendakariaren semea izatearen itzal luzea, oreka, normaltasun eta dignidade handiz eramaten jakin izan du beti. Eta ez zen, seguru asko, gauza erraza izango.
Bi modutara gogoratuko dut beti. Bere emazte kutunarekin, Josepa Muñoarekin batera kaletik pasiatzen zein Eusko Alderdi Jeltzalearen ekitaldi publikoetan parte hartzen eta Jose Mari Ganboarekin, Bidasoa institutuaren egitasmoez eztabaidatzen. Ez ditut inoiz ahaztuko, 2000 urteaz geroztik, Gipuzkoako Laurgain jauregian Bidasoari buruzko kontuak tratatzeko egin izan ditugun batzarrak.
Bidasoa institutuari, amerikar batek, frantsez batek eta britaniar batek eusten ziotela esan ohi zuten erdi txantxetan. Amerikarra, Ganboa zen, jakina. Munduko II gudan Estatu Batuetako ejerzitoan askatasunaren alde jardun zen Ganboa bera. Frantsesza, berriz, Jean Claude Larronde, historialari ezaguna zen. Britaniarra, azkenez, Joseba bera zen, Britania Handiko nazionalitatea baitzeukan, besteak beste.
Agur, Joseba. Egun handira arte. Ez dugu aukerarik izan, behin, gaixo zatarrak bere lehen erasoa egin zizunean, elkarri eman genion hitza betetzeko: bazkaldu egin behar genuela, egunen batean, zeure etxean, iragana, oraina eta geroari buruz inolako loturarik gabe solasteko. Ez zen makala -ez- aurrean genuen erronka! Iragana, oraina eta geroa, lagun arteko bazkari batean!
Ez dut emandako hitza ahaztu. Ez horixe. Noiz edo noiz izango dugu, bai, mugarik gabeko solasean aritzeko aukera. Baina orduan, seguru asko, ez gara iraganaz eta geroaz arduratuko. Denbora baino haratago dagoen esparru misteriotsuan ez baitago iraganaz eta geroaz arduratzeko paradarik.
Presarik gabe!! Erk-oreka Lehendakari jauna, emandako hitza betetzeko!
Goian bego!