Abenduaren 31 guztietan bezalaxe, gaur goizean mendi tontorren batera igoteko bultzadarekin jaiki naiz. Ez nuen aparteko planik. Gonbiteak izan ditut, bai, izan ere, hona ala bestera joateko, baina ez dut inorekin konprometitu nahi izan. Zereginez betetakoa izan dut 2010a eta lasaitasunez hartu nahi izan dut gaurko eguna. Ihaz, oker ez banago, Sollubera igo nintzen. Gailur-gailurrera. Bermeon esaten den moduan, antenaraino heldu nintzen. Aurten, berriz, herriko beste mendi-erreferentzia nagusira joatea erabaki dut: Burgoa-ra.
Aspalditik nengoen handik igaro barik. Bi urte baino gehiago izango dira, seguru asko, handik azkenengoz pasa nintzela. Eta txukun aurkitu ditut inguruak. Aitortu beharrekoa da hori. Matxitxakotik San Pelaiora egiten ari diren bide berriaren lur-mugimenduak, ez dute eraginik izan, orain arte, behintzat, Burgoako txokoan. Garbi dago tontorra eta goi-goiko harrizko borda ere, bere lekuan. Gabon aurretxoan Bermeoko mendizaleen taldeak jarri zuen jaiotza ere hantxe dago. Ikustekoa da, benetan, handik goitik dagoen ikuspegia, bai alde batera, bai bestera. Bermeori begira gelditu naiz une batez. Ai gure Bermio! Eta Bermiora begira-begira nagoelarik, abesti zaharrarekin gogoratu naiz:
Urte barri barri
txarri belarri
dakonak ez dakonari
nik ez dakot eta niri…
URTEBERRI ZORIONTSUA DENONTZAT
Aúpa Josu. Aginaldo, hecha castaña hecha intxorra, lau castaña lau intxorra, Mari Montaña, kurtzuluan saína…