Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 16/11/12

Munduratzea, senditartea eta gazte-gaztetako abertzaletasuna

Bermeon ez ezik Bizkaia guztian ere jeltzale ezaguna eta sabinzale aipatua izan zen Jose Manuel Ispizua, ezin dezakegu aipatu gabe utzi Bermeoko abertzale historikoen katalogo honetan. Gaur egunean inork gutxik gogoratzen badu ere, post honetan ikusiko dugunez, itzal handiko ibilaldia burutu zuen Jose Manuelek euskal nazionalismoak Bermeon zabaldu zuen bidetik; aintzindaria izan baitzen zenbait urtetan, eta gizon klabea abagadune garrantzitsuetan.

Ispizua, Mundakan munduratu zen 1869ko martxoaren 12an. Bere gurasoak, Jose Ispizua Muruetagoiena eta Juana Bautista Larrauri Cucullu izan ziren; 1863ko irailaren 14an, Bermeoko Santa Maria eleizean ezkondutakoak. Senarra mundakarra zen eta emaztea, berriz, bermeotarra. Anaiak -denak gizonezkoak-, honako lau hauek izan zituen: Lukas Sebero (1864), Juan Bautista (1866), Gregorio Konstantino (1869; Jose Manuelen bikia zen hau) eta Fabian (1870).

Jose Manuel Ispizua Larrauri, Bermeoko lehen alkate abertzalea

Bost anaitik, ordea, hiru bakarrik iritsi ziren heldutasunera: Lukas Sebero, Jose Manuel bera eta denen artetik gazteena zen Fabian. Beste biak, laster hil ziren: Juan Bautista, hiru urte eskas bizi izan zen. Gregorio Konstantino, ordea, Jose Manuelekin batera jaiotakoa, mundura etorri eta bi astetara zendu zen.

Abertzelatasunari goiz-goiztik eta estuki lotutakoa izan zen Jose Manuel jaiotzen eta hasten ikusi zuen sendia. Izan ere Jose Manuel Ispizua eta bere senditartekoak hasera-hasera aldiko abertzaleak dira. Aurrelariak, benetan, euskal aberriarekiko konpromiso politikoan. Bere anai gaztea, Fabian, esate baterako, Euzkeldun Batzoki-ko zuzendarietako bat izan zen 1894 urtean. Eta hurrengo urtean, uztailaren 31an, Arana-Goirirekin batera lehen Bizkai Buru Batzarra osatu zuten jeltzaleen artean agertzen zaigu, urte batzuk geroago Zeferino Xemeinek osatu zuen argazki eta guztiko orlan.

Euskal aberriarekiko zaletasun goiztiar hau, jaioterrian bertan erne omen zen Ispizuatarren artean, XIX mendeko azken urteetan. Sabinok, jakina denez, Sukarrietan igarotzen zituen udaldiak. Eta Sukarrieta, Mundakatik bi kilometrotara dago; ondo-ondoan. Gauzak horrela, ez da harritzekoa EAJk lortu zuen lehenbiziko alkatea Mundakan bertan lortu izana. Bilbotik kanpora, eskualde horretan entzun zen lehen-lehenik Sabinen mezu politikoa eta bertan errotu behar zen beste inon baino lehen.

Bizkaiko itsasertzearen inguru eder horretan, Arana-Goirirekin izandako harreman pertsonaletatik sortu omen zitzaien Ispizuatarrei abertzaletasunarekiko joera eta griña.

(más…)

Anuncios

Read Full Post »