Gazte-gaztetatik ikusi izan dugu bermeotarrok, Andramarietako lehen egunean, udaleko ordezkariak Almikako (Albonigako) auzora igotzen, bertako eleizan meza nagusia entzun ondoren, eleizaren atarian ohorezko aurreskuari ekiteko. Ni neu ere, gaztea eta dantzaria nintzenean, egun horretan, Almikako auzoan, aurreskua dantzatzen jarduna naiz. Aurresku osoa, noski; ohorezkoa; eleiz-atekoa; desafioarekin hasten dena. Eta ni-neu aurreskulari, jakina. Argazkiak daude -sinesten ez duenarentzat- dinodan hau argi eta garbi frogatzen dutenak.
Ohitura hau, antzina-antzinakoa da Bermeon. 1754ko udal araudiaren 44. aginduak argi asko esaten zuen, udaleko agintariak urtean-urtean joan behar zutela «a Nuestra Señora de Alboniga en ocho de septiembre», ospakizunari ohiturak eskatzen zuena ematen. Etxean daukadan jai-egitaraurik zaharrenean -1961. urtekoa da berau- argi eta zehatz aipatzen da Andramarietako lehen eguneko ekitaldi hau:
«El Iltre. Ayuntamiento en Cuerpo de Comunidad y demás autoridades, precedidas por las Bandas de Guernica y Bermeo, el Grupo Folklórico de la localidad se dirigirán al Santuario de Ntra. Sra. de Albóniga, para asistir a la solemne Misa Mayor. A su terminación, tendrá lugar el tradicional aurresku de honor»
Gaur egunean -hein handi batean behintzat- udalherriko kaleetan ospatzen dira Andramariak; herriko kaskoan, horrela esatea zilegia bazait. Baina Andramari jaien jatorria, goian dago: Almikan. Alegia, bertako birjinari gorazarrea egiteko hasi ziren ospatzen duela mende batzuk. Eta hori horrela izanik, jaietako ekitaldiak ere orain baino presentzia handiagoa zeukaten Almikan. Hau da, Almikako Andramariaren jaiak izaki, Almikan bertan ospatzen ziren neurri handi batean.

1979ko irailaren 8an, Bermeoko alkatea (Elu Bibao) udal korporazioarekin batera Meza nagusia entzun ondoren Almikako eleizatik aurreko atarira urtetzen zegoen unean
Post honi erantsi diodan lantxoak aipatzen duenez, Andramarietako hiru egunetan -sasoi hartan ez zegoen oraindik arrantzale-egunik-, gaztejendeak, eguerdian plazan -goiko plazan, jakina- eta arratsaldean Almikan egin ohi zuen erromeri-dantzaldia. Gabaz, berriz, su artifizialak ikusi eta gero, udaletxearen aurreko plazara itzultzen ziren ostera ere dantzari ekinez jai-egunari amaiera emateko.