Gaur goizean, otsailaren 2ko zazpit´erdietan, izan da aurtengo Estatu Batuetako otoitz egileen gozaria. Washinton Hilton hotelaren gela nagusian, beti bezala. Eta beti bezala, bete-bete eginda zegoen gela erraldoi hori ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenagorako.

George Tsereteli, Georgiako legebiltzarreko lehendakariordearekin. Euskalduna naizela esan diodanean, zera erantzun dit: "Oh, we are relatives"
Kontrol zorrotzak daude sarreran. Eta ez da gutxiagorako. Obama bera, bere emaztea, gobernuko kideak eta ehundaka agintari batzen dira urtero saio horretan. Amerikarrak eta kanpotarrak. Segurtasunak huts egingo balu egundoko sarraskia gerta liteke gosarian; munduari buelta emango liokeen sarraski odoltsua. Hortik dator nor eta nola sartzen den kontrolpean jarri beharra. Baina behin kontrolak zeharkatuz gero, jende mordoa ikusten da barruan, atzera eta aurrera; gonbidatuak eta organizatzaileak dira, nahastuta, inurrien moduan, batera eta bestera dabiltzanak. Gonbidatuak, bakoitza dagokion lekua bilatzen. Eta organizatzaileak, bakoitza bere lekuan jar dadin laguntza ematen. Ez baita erraza hain gela handiaren barruan eta hainbeste jenderen artean, norberari dagokion mahaia aurkitzea.
Organizatzaileak -neska-mutil gazteak neurri han batean- borondatezkoak omen dira denak. Batek ere ez omen du laguntza hori emateagatik dolar bat kobratzen. Gonbidatuak, berriz, jatorri eta itxura guztietakoak dira. Mendebaldeko moldeekin jantzita datozenekin batera, Afrikako edota Asiako erropa koloretsu eta ikusgarriekin etorri direnak aurkitzen dira. Otoitzaren inguruan antolatzen den arren, eta Bibliaren mezua ardats gisa hartuta hain zuzen ere, ekitaldi erabat ekumenikoa da National Prayer Breakfast izenekoa: katolikoak, protestanteak, anglikanoak, ortodoxoak –errusiarrak, grekoak, ukraniarrak…- judeguak, musulmanak, budistak eta sinesmenik eduki ez arren horrelako ekitaldi batean parte hartzeko arazorik ez daukatenak biltzen dira egun horretan.
Aurten ere, nire mahaikideek mosaiko koloretsua osatzen zuten. Texas-eko Kongresukide bat neukan aurrez-aurre, bere emazte eta alabarekin: Louie Gohmert errepublikarra. Gizon irekia eta berbatsua da Louie. Horixe iruditu zait behintzat. Mundu guztiarentzat dauka irribarre bat eta berba goxo bat. Ekitaldia amaitu denean, bere izena idatzita daukan propagandazko boligrafoa oparitu dit. Kanpainan egongo balitz bezala. Propaganda kontuetan, nekaezinak dira Ameriketako politikagizonak.
Nire eskumatan Loussianako enpresa-gizon bat zegoen. Texas-eko ordezkaria ikusi duenean, barre egin du. Loussianari «east Texas» deitzen omen diote. Ekonomiaz arduratuta ikusi dut. Ia mundu guztia bezala. Gaztelania apur bat ere bazekien. “Un poquitito”, esan dit Mexikoko azentu nabarmenarekin. Ezkerretan, berriz, gizon interesgarria aurkitu dut: Obrad Kesic konsultorea. Azkarra iruditu zait eta politika kontuetan jantzia, apaindua eta ondo informatua. Yugoslabian jaioa da, Titoren garaian. Baina oso gaztea zelarik, gurasoekin batera etorri zen Estatu Batuetara. XX mendeko hirurogeigarren hamarkadan gertatu zen hori. Titok ez omen zion inori, Stalinek eta bere ostekoak egin ohi zutenez, Yugoslabiatik ihes egiteko oztoporik jartzen. Harrez gero, Ameriketan bizi da. Baina ez du bere jatorriaren oroimena galdu. Ingelesez aparte, serbioz hitz egiten ere badaki. Ez du gurasoen hizkuntz galdu. Eta zehatz-mehatz jarraitzen du bere jaioterriko joan-etorri politikoa.
Honek, Obradek, bazekien -jakina- Euskal herria non dagoen, zer den eta zertan den. Elkar aurkeztu ondoren, euskaldunak nortzuk garen ba ote dakien galdetu diodanean, “of course” borobilarekin erantzun dit. Luze eta zabal hitz egin dugu gero. Amerikako politikaz eta Europako politikaz. Frantziako aurtengo hauteskudeak ere mintzagai izan ditugu une batez. Eta ondo etorri zait, ganera, Frantziako gora-beherez jakitun egotea, EAJa ezkerreko ala eskumako alderdia ote den galdetu didanean, erraza egin baizait Beyrou-rekin parekatzea: erdi-erdiko zentroko alderdia gara. Iraganeko Kristau Demokraziaren tradiziorik txalogarriena bereganatzen duen Europako Alderdi Demokrataren fundatzaile eta kide gara. Tarjeta eskatu dit. Interes handia erakutsi du nirekin zubia mantentzeko.
Laster batean, ekitaldia hasi da, abesti, irakurketa, otoitz eta diskurtsoekin. Inoiz baino sinesmendunago agertu zaigu Obama urte honetako hitzaldian. Barneko sentimenduak erakutsi dizkigu eta sinesmenak bere gogoetan pertsonaletan daukan eraginaren berri eman digu.
Neska abeslari baten eskutik gauzatu da aurtengo ekarpen artistitikoa. Jackie Evancho da bere izena. Abeslari zoragaria da. Eta gonbidatu berezia Eric Metaxas izan da. Kultura-gizon berezi-berezia. Diskutso ederra bota digu. Ondo baino hobeto atondua; mezu zorrotz eta sakonak barre artean sartzen dituzten horietakoak.
Ekitaldia bukatu denean, Ukraniako ordezkariak antolatu duten ekitaldian parte hartu dut. Ikusgarria zen, benetan, errusiarrak, ukraniarrak, georgiarrak eta beste errepublika kaukasikoetakoak, lagun arteko giroan, elkarrekin normaltasunez hitz egiten eta. Georgiako legebiltzarreko lehendakariarekin George Tsereteli-rekin topo egin dudanean, aurkeztu egin natzaio eta euskalduna naizela esan diot. Begiak zabal-zabalik gelditu da gizona. “Oh –erantzun dit- we are relatives”. Honek ere, bazekin, ikusten denez, Euskal herria non dagoen, zer den eta zertan den.
Jakina, Josu!
Tbilisiko bezeroak dauzkat -herri xumea, ez diren politikoak- eta haiek ere hori uste dute. «We are relatives!»- beti esaten dute. «We are brothers!» – erantzuten dut beti 🙂 …
Anaiak ez, lehengusuak dira. Abjazia eta hego-Osetiako kasuan, georgiarrek ez dabe artez jokatu. Osetiarrak dira benetan gure anaiak, independentzia bilatzen bait dute.
Euskaldunok, georgiarrak gara. Espainolak, berriz, iparafrikarrak. Guztiz diferenteak gara. Horregatik da ona elkarrengandik independizatzea!