Aurten ere, aurreko bi urteetako ildoari jarraituz, urtean-urtean, Washington-en ospatu ohi den National Prayer Breakfast ekitaldira etorri naiz Kongresuko ohiko kideekin. Aurreko urteetan ere idatzi izan dut horrelako zerbait baina oraingoan ere errepikatu beharra daukat izugarria dela ekitaldi horren inguruan Washington Hilton hotelean biltzen den jendetza. Amerikako puntu guztietatik ez ezik, munduko hainbat herrialdetatik etorritako jende mordoak egiten du bat Estatu Batuetako hiriburuan, elkar ezagutuz eta plaza hau kontaktuen merkatu herraldoi batean bilakatuz.
Gezurra dirudien arren, eguraldi ona dago Washington-en. Ederra. Ia lainorik gabeko eguzki beteak egiten du diz-diz zeruan eta ez dago hotzik. Hemeretzi-hogei gradu daude kalean. Harrigarria negua izateko. Estalkirik eta aterkirik gabe dabil jendea leku batetik bestera. Eguraldi eguzkitsuak eraginda, taberna batzuk, kaleko terrazak zabaldu dituzte eta jende asko ikusten da, uda izango balitz bezala, leku horietan, garagardoak, freskagariak, kafeak edo dena delakoak edaten. Estanpa sinestezina, benetan, ikusten ari garena, urtearen parte honetan hotzak jota eta, maiz-sarri, elurrez estalita egon ohi den lurralde honetarako.
Kapitoliora etorri gara gaur eta Karolina-ko Jim DeMint senatariarekin izan dugu solaskidetza. Gero, plenoen aretora joan gara, lur azpiko trenez. Plenoan, senatari bat zegoen bakar-bakarrik bere eskainoan diskurtsoa botatzen. Norentzat, beste inor ez bazegoen hemizikloaren baitan? Takigrafoentzat. Beno… eta telebistako kamerentzat. Horretan bilakatzen ari da politika parlamentarioa azken urteetan. Debatea elikatzeko baino, telebistan agertzeko hitz egin ohi da parlamentuetan, geroago eta modu argiago batean. Leku guztietako parlamentuetan gertatzen da hori. Komunikazio-gizarteari zor diogun hipoteka da.
Jatorri guztietako jendez ganezka dago Washington Hilton hotelaren lobbya. Edonundik etorritako edonor aurkitu dezakezu bertan egunokaz. Duela ordu erdi, esate baterako, T. Davis Bunn izeneko gizon batekin egon naiz. Floridako txartel bat zeraman paparrean. Euskalduna naizela esan diodanean, begiak zabaldu zaizkio. «Benetan?», erantzun dit. «Urtean-urtean joaten naiz Mundakara olatuak harrapatzen. Surflari amoratua naiz eta, Mundakakoa, munduan den olaturik zoragarrien eta erakargarriena da». Bermeotarra naizela esan diodanean, besarka estua eman dit. Hurrengo irailean elkar ikustekotan gelditu gara. Mundakan, noski.
Gero, neure gelara nentorrelarik, Julio Rosas Huaranga izeneko Peruko parlamentaria aurkitu dut. Kongresuko kidea. Bigarren abizenak euskaldun itxura du eta galdetu egin diot horrela ote den. Baietz erantzun dit. Arbasoak, gipuzkoarrak omen ditu. Etorkizunean, Peruko egoera politikoari buruz korreo elektronikoz hitz egitekotan gelditu gara.
Horrela betetzen ditugu hemen egunak. Batekin topo egin, bestea ezagutu, honi kasu egin, bestearen helbidea hartu… mundu mailako harremanak eginez eta batak bestearen berri izanez, gure joanetorri politikoa indartzeko.
Así me gusta, tenemos al Lehendakari de Erasmus haciendo prácticas en el Capitolio… buen augurio!!…
Kontaktuak egiten ta eguraldi onaz gozatzen!!!!!! Hori bai sorte ona!!!!
P.D: El Capitolio le queda muy bien de fondo, las cosas como son, pero no se puede comparar con Ajuria Enea… algún día tiene que colgar esta misma foto pero con el otro fondo,… si no le importa.
Josu,
Badirudi Bunn hori best-seller idazle bat da. Bere blogean argazki bat surf egiten dauka – ez dakit Euskal Herrian bada ala ez:
http://www.davisbunn.com/profile.htm
Aurrera eta jarraitu zure txostenekin!