Espainiarrek maiz hitz egiten dute beraien gizartea bi zati lotuezinetan bereizten duen bikoizkeria atabikoari buruz. Izena ere emana diote bikoizkeria horri: «Las dos Españas» deitzen diote, mendetan zehar, bilgune posiblerik gabe bata bestearen kontra, indarkeriz eta odol gorria ixuriz garatu izan diren bi Espainia horien arteko banaketa sekularrari. Espainiako intelektual, artista eta idazleen artean ospe handia hartu du bikoizkeria horrek gogoetarako, azterketarako edota tratamendu estetikorako gai gisa.
Antonio Machado-ren bertso ezagunek kutsu trajikoa eman zioten bikoizkeria horri: «Españolito que vienes al mundo/te guarde Dios./Una de las dos Españas/ha de helarte el corazón». Eta arte plastikoan ere bere islak izan ditu gai honek. Nor ez du gogoratzen «Duelo a garrotazos» izenburuko Goiaren koadro ezaguna? Bi gizon ikusten dira bertan, aurrez-aurre eta belaunetaraino lurrean sartuta -hau da, egoera hari ihes egiteko aukerarik gabe- elkarri indar guztiekin egurra emanez. Bietatik bat, edo biak hil arte, kolpeka burrukan jarraitzera kondenatuak.
Euskaldunok ere badaukagu -bai horixe- bokoizkeria atabikoaren ildo horretatik zertaz arduratu. Guk ere, sarritan, elkarren kontrako bi bloketan banatuta ikusten dugu geure burua. Beti elkarren kontra. Beti burruka bizi, haserre eta odoltsuan. Historiaren haseratik bertatik datorren bikoizkeria baten katigu; besterik posible izango ez balitz bezala. Batasuna eta bakea, gurean, erabat ezinezkoak direla sinestuta. Zenbat aldiz ez ote diogun erantzungo, euskaldunaren berezko izaera paketsuaren irudia defendatzen duenari, Erdi-Aroko Ganboatarren eta Oinaztarren arteko liskarrak gogoratuz edota XIX mendean zehar Karlistak eta Liberalak elkarren kontra jarri zituzten gerrateen kontrako adibidearekin?
Behinola, bi Euskalerrien arteko bikoizkieria esentzial hori oso grafikoki islatzen duen ikur baten topo egin nuen eta zer-pentsa eman zidan. Arabako lurraldean izan zen. Okina izeneko herrixkatxotik Kapildui mendiaren gailurrera doan bidean. Bide ederra, benetan, batez ere udazkenean. Errekak urez betetzen direnean eta pagoen ostoak kolore gorrixkak hartzen dituztenean, paraje ikusgarrian bihurtzen da inguru hura. Gomendiorik egitea zilegi bazait, Okinako mendi inguruetara joatea proposatuko nioke nik euskal mendigoizaleari. Egunotan, hain juxtu. Gehiegi atzeratu gabe. Udazkeneko kolore bizi bezain aberatsez gozatu ahal izateko.
Okinatik Kapilduirako bidean, gurutze bat dago harrian landuta. Patxoren gurutzea deitzen diote inguruko biztanleek. Iraganean, batek badaki noiz, bi artzai elkar hil zuten lekuan kokatuta dago gurutzea, egitate dramatiko hura gogoratzeko. Ardi bati buruz hasi omen zuten eztabaida. Eta bastoia eskuan hartuta, batak besteari elkar hil arteko kolpeak ematen amaitu omen zuten. Benito Lertxundi abeslariak «¡hori ez!» aldarrikatzen zuen garai batean. Hala bedi. Baina Patxoren gurutzeak hortxe dirau, tinko, historiako ikasgaiak bereganatu nahi dituenarentzat, behin gertatutakoa gogora ekarriz.
Gogoeta sakona bezain beharrezkoa euskaldunok bizi dugun une garrantzitsu honetan. Ba al da posible gure arteko ulermen esparru baketsu eta adostu bat?
Non edo nondik jaio ziren ulermen-ezin horrek eta zein edo zeintzuk izango ziren errudun…?
Herri eta gizarte guzietan agertzen diren zatiketa dira,bainan ikuspegi anitzen artean bat aukeratzekotan,beste zenbait bezain garrantzitsu edo agian garrantzitzuago izan dezake ikuspegi sozial ala klasista arloan kokatu dezakeguna…
Euskal historian ezagutzen dugun jauntxo,langile,baserritar,nekazari,arrantzale -tostarteko vs .ontzijabe,hik ongi eta inork baino obeto ezagutu beharko lukeen hori- edota klase sozial arazo nazioartekotasun zabala…
Dena den zergatik ez gu gureak etxean konpondu;eta horretaroko,noski independentzia behar,hau ikuskatzen dudan mundu globalizatu dela bizi tokatu zaiguna.
Kontxo, Josu, hausnarketa polita!!