Espainiarrek maiz hitz egiten dute beraien gizartea bi zati lotuezinetan bereizten duen bikoizkeria atabikoari buruz. Izena ere emana diote bikoizkeria horri: «Las dos Españas» deitzen diote, mendetan zehar, bilgune posiblerik gabe bata bestearen kontra, indarkeriz eta odol gorria ixuriz garatu izan diren bi Espainia horien arteko banaketa sekularrari. Espainiako intelektual, artista eta idazleen artean ospe handia hartu du bikoizkeria horrek gogoetarako, azterketarako edota tratamendu estetikorako gai gisa.
Antonio Machado-ren bertso ezagunek kutsu trajikoa eman zioten bikoizkeria horri: «Españolito que vienes al mundo/te guarde Dios./Una de las dos Españas/ha de helarte el corazón». Eta arte plastikoan ere bere islak izan ditu gai honek. Nor ez du gogoratzen «Duelo a garrotazos» izenburuko Goiaren koadro ezaguna? Bi gizon ikusten dira bertan, aurrez-aurre eta belaunetaraino lurrean sartuta -hau da, egoera hari ihes egiteko aukerarik gabe- elkarri indar guztiekin egurra emanez. Bietatik bat, edo biak hil arte, kolpeka burrukan jarraitzera kondenatuak.