Feeds:
Entradas
Comentarios

Banketxeko lanetatik herriko udal politikara

II Errepublikan zehar Bermeoko alkatetzan denborarik gehien iraungo zuen Martzelino Monasterio Anduiza jeltzalea, Bermeon jaio zen 1901ko urriaren 8an. Gurasoak, Bittorio Monasterio Intxausti eta Aszension Anduiza Bilbao izan zituen. Martzelinoren ostean -bera izan baitzen neba-arreben artetik zaharrena- beste hainbat seme-alaba izan zituzten senar-emazteek: Bittor, Jose Migel eta, gazteena, Ciriaco, besteak beste.

1919ko urriaren lehenean, hemezortzi urte zeuzkala, Banco de Vizcaya-ko Bermeoko bulegoetan hasi zen lanean  eta bertan burutu zuen 1936ko guda zibilera arteko ibilbide profesionala. Banketxean, langile porrokatua eta eraginkorra izan zen une oro. Zintzoa, zorrotza eta arteza diru-kontuekin. Eta horrez ganera, esan onekoa; bezeroari harrera ona ematen dakiten horietakoa. Lanean pilatutako merituak aitortuz, 1933ko urtarrilaren lehenean, bulegoko zuzendari izendatu zuten, eta kargu horretan ere lan oparoa eta emankorra egin zuen. Behin, banketxeko idazkari nagusiak lau hitzetan egiaztatu zuenez, “habiendo desempeñado su cometido a completa satisfacción”. Frankistek auziperatu zutenean, Bermeoko Falange-ko ordezkariek ere, langile ona eta arteza izan zela aitortu behar izan zuten. Nahiz eta jeltzalea izan, jakina. Horrela zioten behintzat, 1936ko guda zibilean, Sanandereko epaile militarrari bidali zioten gutunean:

“Colocado desde muy joven como empleado de la Sucursal del Banco de Vizcaya en Bermeo, sus aptitudes, honradez y simpatías le llevaron a ocupar el cargo de Director Gerente de la citada sucursal, que lo ha desempeñado a completa satisfacción”.

Adina heldu zitzaionean, Karmen Zubimendi Beltran de Guevararekin ezkondu zen eta sei seme-alaba izan zituen berarekin. Horietatik bost, Bittor, Felipe, Carmen, Aurea eta Agurne, gerra aurretik jaio ziren. Bermeon, beraz. Gazteena, berriz -Aurea izenekoa- gerra ostean munduratu zen; 1941an hain zuzen ere.

Politikaren esparruan, Martzelinok ez zuen jardun berezirik izan harik eta II Errepublika etorri arte. Orduan azaldu zuen bere sen politikoa eta erabaki zuen EAJko bazkide egitea. Frantzisko Basterretxearen jeltzale beteranoaren eraginez emango zuen urrats hori, seguru asko, Banco de Vizcaya-ko lankideak baitziren biak. Hala ere, Juan Bustinza alkate frankistak, zera idatzi zuen berari buruz: “era exaltado miembro del Partido Nacionalista Vasco”.

Banketxeko langilea izaki, militante gisa onartzeaz ganera, Alderdiaren kontabilitateaz eta diru-zaintzaz arduratzeko aukeratu zuten Bermeoko jeltzaleek. Horrela, 1931ko apirilaren 1ean, Primo de Ribera-ren diktadura ostean, EAJren Bermeoko Uri Buru Batzarra berriz eratu zenean, Tesorero-Contador kargurako izendatu zuten bazkideek. Eta hori gutxi balitz, udal-hauteskundeetarako zerrendan sartu zuten baita ere. Orduan, orain bezalaxe, diruaren kudeaketan eta administrazio lanetan ohituta zegoenak, abantaila nabarmenak zeuzkan, udal batean arrakastaz jarduteko.

Udal berria eratu eta gero, 1931ko ekainaren 9ko Osoko Bilkuran, Ekonomiako batzordearen buru izendatu zuten zinegotziek. Horixe izan zen, beraz, bere lehen ardura publikoa udalaren baitan. Geroago etorriko zen alkatetza.

Marzelino Monasterio (ezkerrean) bere bi anaiekin: Jose Migel (eskuman) eta (erdian)

Martzelino Monasterio (ezkerrean) bere bi anaiekin: Jose Migel (eskuman) eta Ciriaco (erdian)

Continuar leyendo »

II Errepublikaren denboretan abertzale ezaguna bezain ospetsua izatera helduko zen Jeronimo Gotxi Ispizua, Bermeon jaio zen 1894ko irailaren 30ean. Aita, Abdón Gotxi Barturen izan zuen; ama berriz, Marzelina Ispizua Legarreta. Biak bermeotarrak. Gurasoak -aipatu ditugun Abdon eta Marzelina- Bermeoko Santa Eufemia elizan ezkondu ziren 1893ko otsailaren 13an. Gazte ezkondu ere; hogeita bana urte baino ez zeuzkaten elkarri baiezkoa eman ziotenean.

Zazpi seme-alaba izan zuen bikoteak. Izan ere, ezteiak ospatu baino hilabete lehenago jaio zitzaien lehenbiziko alaba, Anastasia. Hori dela eta, “hija natural” gisa hartu zuen bateoa. Horrela zehazten du behintzat parrokiako sakramentu-liburuak. Geroztik, Jeronimo bera (1894), Eugenia (1896), Feliziano edo Felix (1898), Joakin-Sabino (1904), Maria Jesusa (1906) eta Bittor (1910) munduratu zituzten. Maria Jesusa izan ezik -urte betekin hil zen hau, 1907. urtean- heldutasunera iritsi ziren beste guztiak. Aita hil zenean, 1939 urtean, seirak zeuden bizirik.

Jeronimo, Aurea Aguirre Martinezekin ezkondu zen, eta  hiru sema-alaba izan zuen: Concepción, Jeronimo eta Maria Amada.

Jeronimo Gotxi Ispizua

Arrantzale familian hasitako gizona

Bermeoko arrantza-komunitatearen baitan hasi eta hezi zen Jeronimo. Itsas gizona zuen aita eta portuko giroan, aieneko mutilen eta maierdikoen artean eman zituen bere bizitzako lehen urratsak.

1902ko maiatzean, aitak, Abdon Gotxik, eskaera bat zuzendu zion herriko udalari bere semearen gaixotasuna zela eta behar zituek farmakoak lortzeko laguntza eskatuz. Arrantzalea zela aipatzen zuen Abdonek eta txiroa izan arren, kofradiak ez zizkiola semea sendatzeko behar zituen botikak ematen. Horregatik zuzentzen omen zion udalari eskaria. Abdonen idazkiak ez zuen semearen izena zehazten, baina Jeronimo bera izan zitekeen aipatzen zuen seme gaixoa. Idazkiaren datari begiratuz gero, Jeronimo edo bere anaia gaztea Feliziano izan behar zen.

Udaleko aktak ematen duen informazioaren arabera, zera eskatzen zuen zehazki: “…se le conceda los específicos que necesita para la curación del hijo que tiene enfermo, fundándose en el estado de penuria en que se encuentra y en que la cofradía de mareantes a la que pertenece, no le autoriza para surtirse de específicos en el servicio farmacéutico de dicha sociedad”. Udalak herriaren farmazia-zerbitzua eskaintzea erabaki zuen “…en atención al estado de pobreza en que se encuentra, conforme con el dictamen de la comisión de estadística, desechando la solicitud de que se hace pidiendo específicos por no ser procedente esa clase de servicio”.

Continuar leyendo »

Basterretxea-Zaldibartarren sendia

Alderdi Jeltzalearen eskutik goi-goi mailako erantzukizun eta kargu politikoetara helduko zen Frantzisko Basterretxea Zadibar, Bermeon sortu zen 1887ko uztailaren 18an. Handik lau egunetara bateatu zuten -Madalen egunean, alegia- Santa Eufemiako eleizean, Francisco Vicente izenarekin.

Gurasoak, Jose Leoncio Basterretxea Etxebarria bermeotarra eta Tomasa Zaldibar Díaz de Mendibil otxandiotarra, Otxandioko Santa Marina eleizean ezkondu ziren 1881ko urriaren 15ean.

Frantzisko Basterretxea Zaldibar jeltzale bermeotarra.

Frantzisko Basterretxea Zaldibar jeltzale bermeotarra.

Bost neba-arrebatik bigarrena izan zen Frantzisko. Zaharrena, Domingo Jesus, Markinan jaio zen, 1882ko abuztuaren 6an. Gainontzeko guztiak, ordea, bermeoko seme-alabak izan ziren: Restituto (1890) Aurea (1892) eta denen artetik gazteena zen Florentzio (1894). Azken honek ere, ikusiko dugunez, jardun politiko nabarmena izango zuen EAJren baitan: Bermeoko zinegotzia -eta alkatea- izan zen II Errepublikako urte nahastuak bezain iztilutsuetan.

Domingo eta Restituto ez ziren adin-nagusitasunera heldu. Azken hau, Bermeon hil zen 1890ko uztailaren 12an.

Frantziskoren eraginez abertzaletasun jeltzalea familiaren barruan nahiko goiz erne zen arren, Karlista sutsua izan zuten aita. XIX mendearen bukaeran, Bermeoko Círculo Carlista-ko presidentea zen Jose Leoncio eta barne eztabaida borobila sortu zuen bere kideekin, karguan irauteko epea agortuta zuen arren, karlisten burua izaten jarraitu nahi zuelako. Abertzaletasunaren hasera-haserako denbora haietan maiz-sarri gertatzen zen karlista izandakoak jeltzale izateko urratsa ematearena. Sabin Aranaren lehen orduko jarraitzaileen artean, pila bat zeuden -Bermeon eta Bermeotik kanpo- JELaren doktrina besarkatu aurretik, karlista izandakoak.

Baina Jose Leoncio Basterretxeak ez zuen horrelako urratsik eman. Ez zuen inoiz karlismoa bazterrean utzi eta jeltzalea izatera igaro. Aitzitik, tradizionalismoari eutsiz eta abertzaletasunaren kontra jardun zen beti. 1899ko udal hauteskundeetan, esate baterako, herriko liberalekin bat egitea erabaki zuen bizkaitarren kontra indar gehiagorekin ekiteko. Bultzada horrek eraginda, karlista eta liberalek kandidatura partekatu bat osatu zuten urte hartan. Harrigarria bezain egia. Elkarren arerio politiko nabarmenak ziren karlistak eta liberalak. Denetan eta orduoro muturka ibiltzen diren horietakoak. Baina Bermeon, beste leku batzuetan bezalaxe, abertzaletasunaren kontra jarduteko erraz gainditzen zituzten haserre eta ezin ikusiak.

Kasu honetan, ordea, ba omen zegoen -abertzaletasunaren kontra jarduteari buruzkoez aparteko- arrazoi berezi bat karlista eta liberalak politikoki uztartzeko. Urte haietan Robustiano Elorrieta jauntxoa zen herriko liberalen burua. Jauntxo indartsua zen Elorrieta. Herrian eta herritarrengan eragin-indar handia zeukana. Jauntxo klasikoa. Boteretsua. Eta hain zuzen ere, hor ikusi nahi zuten garaiko jeltzaleek karlisten eta liberalen arteko akordioaren arrazoia: Elorrietak mesede pertsonala egin ahal zion Jose Leoncio Basterretxeari eta horren trukean, Basterretxeak, bere babes politikoa eskaintzen zion Elorrietari, agintean jarraitu dezan.

Tertzadun bat izenordeko kazetariak Euskaltzale aldizkarian esaten zuenaren arabera,

“Karlisten buru egiten dan Basterrechea sama samati oratuta dauko (Elorrietak) bere semeari Zoretxeko empleoren bat emongo deutsala esanda” (“Bermeotik lau berba”,1899ko maiatzaren 9an)

Handik astebete batzuetera (1899ko bagilaren 22an) berriro aipatzen zuen Tertzadun bat-ek Jose Leoncio Basterretxearen buruzagitza eta Elorrieta jautxoarekiko erakusten zuen laguntasuna, geroago eta zaharkituago zegoen Bermeoko karlisten elkartearen baitan:

“¿Badakizu zelanik prozesiñoetan joaten direan lau gizon lepoan santu bat dabela? Bada onelantxe bizi dira Bermeoko lau mutil zar Círculo Catolico-koak, Basterrechea lepoan dabela. Eztiñot ondo. Eurak olanik uste dabe; baia beste bat da lepoan darabilena ¿Nor dala ta nor dala? Amarratza-gaitik eztodala gaur ezer esango esan dot eta ixilik nago”.

Jose Leonciok bazeukan anai bat, Ponciano izenekoa, berarekin bat eginik eta bera bezala, karlismoaren baitan jardun eta Bermeoko Circulo Católico-ko buru egiten zuena. 1913 urtean, elkarte horretako presidentea zen oraindik. Urte horretan bertan, karlisten eta hauteskundeak begi-bistan zeudelarik jeltzaleen artean sortu ziren iztilu eta tentsioen erdian, sinadurarik gabeko orri bat kaleratu zuen norbaitek Bermeon, Circulo Católico-ko buruzagiak ziren Jose Leoncio eta Poncianoren kontra hamaikak eta bi esanez. EAJko UBBeko eta Euzko Gaztedi-ko presidenteek ohar bat argitaratu zuen euren erantzukizuna garbituz. Horrela zioen oharrak:

“Con motivo de la aparición hoja clandestina contra el Centro Católico, la colectividad nacionalista protesta indignada por la vil porquería ofensiva a la moral y al decoro del pueblo. Estimamos la honra de los hermanos Basterretxea y reprobamos se pretenda arrojar su buen nombre al arroyo, para difamarlo. La candidatura nacionalista no necesita medios repugnantes, innobles y de letrina para alcanzar triunfo”

Sendi honen baitan hasi zen Frantzisko. Sendi aberatsean -dirurik ez zitzaien falta- eta Karlismoaren eraginpean.

Batxilergoa amaitu ondoren, medikuntza ikasketak hasi zituen Frantziskok. Osagilea izan nahi zuen, bere aita bezala. Horretarako, Madrilera joan zen 1904 urtean eta Santiago Ramón y Cajal katedran matrikulatu zen. Baina gaixo batek eraginda, ikasketak bazterrean utzi eta etxera itzuli beharrean aurkitu zen. Baina denbora garrenean, ikasteari ekin zion berriro. Oraingoan, ordea, medikuntzaz ahaztu eta Zuzenbidea aukeratu zuen. Santiagon egin zituen Legeen lehenbiziko urteak eta Granadan amaitu zuen karrera. Andoni Astigarragak, hala ere (ikus “Abertzales en la Argentina”, 81. orr), Zaragozan lortu zuela abokadutzarako titulua esaten du.

1920ko ekainaren 25an Fernanda Arzadun Ibarraran-ekin ezkondu zen Bermeoko Santa Maria eleizean. Hamaika urteko aldea zeukaten senar-emazteek. Alde nabarmena, izan ere. Ezteiak ospatu zirenean, 32 urte zeuzkan Frantziskok eta Fernandak, berriz, 21.

Jakingarria da emazteari dagokionez, Frantziskoren bizilaguna, Bermeoko abertzale historikoen katalogo honetan aipatuta dagoen Jose Arzadun Zabalaren alaba izan zela; hots, Sabino Aranaren garaian Bermeoko udaleko idazkaria eta lehen zinegotzi jeltzaleen laguntzaile eraginkorra izan zen gizonaren alaba (ikus “Bermeoko abertzale historikoak (2): Jose Arzadun Zabala, “el jaunchu basoqui”).

Bernardino Garaizar erretore famatua izan zuten ezkontzako abade. Lekukoak, berriz, senarraren aita, emaztearen ama eta beste senditarteko batzuekin batera, Enrike eta Rafael Nardiz, Bermeoko monarkiazale eskumatar ezagunak.

Bikoteak, lau seme-alaba izan zuen. Hiru gizonezko -Nestor, Ibon eta Ander- eta andrazko bat: Libe.

Continuar leyendo »

Ebaristo Etxebarrieta Bermeon sortu zen 1878ko maiatzaren 13an; goizeko seirak eta erdietan etorri zen mundura. Hiru neba-arrebatik, gazteena zen bera. Aita, Pedro Pablo Etxebarrieta Aldekoa izan zuen; Bermeoko komertzio-gizona. Ama, berriz, bilbotarra zuen: Celestina Aiarza Urazandi. Pedro eta Celestina, Bilboko Santos Juanes eleizean ezkondu ziren 1871ko urtarrilaren 15ean. Senarrak, hogeita hemeretzi urte beteta zituen ezteien egunean. Adin jasoa sasoiko ohituretarako. Emaztea gazteagoa zen, jakina, baina bera ere urteetan aurrera eginda zegoen, 1836ko apirilaren 5ean jaiotakoa baitzen.

Aitaren gurasoak Bizkaiko kostaldean zeukaten jatorria: aitita, Ramón Etxebarrieta Ezkiaga, Eakoa zen, eta amama, Lukaria Aldekoa Gainza, bermeotarra. Amaren leinua, ordea, Bilbon errotuta zegoen: Jose Aiarza Abandon jaioa zen eta a Rosa Urasandi, Bilbon bertan. Bateoko aitabitxi eta amabitxik, ondo asko erakusten ematen zuten Ebaristoren ahaideak munduan zehar merkataritza-lanetan ibilitakoak zirela. Aita besoetakoa Ebaristo Eleizalde izan zen eta ama besoetakoa, Frantzista Aiarza; jaiotzez bilbotarrak, biak, baina Manilan bizi zirenak. Bateoaren egunean, ordezkarien bidez bete zuten aitabitxi eta amabitxiren zeregina.

Ez dakigu, gaur-gaurkoz behintzat, abertzaletasunaren griña noiz, nola eta noren eskutik erne zitzaion Ebaristori, baina gauza nabarmena da, oso goiztik zaletu zela Arana-Goirik sortu zuen mogimendu politikoarekin.

Aberriarekiko joerarekin batera, kristau sinesmenaren aldekoa ere gazte-gaztea zela piztu zitzaion, eta hamar urte bete zituenean apez ikasketak egitera joan zen seminariora. Gurasoak dirudunak izaki, Carrera literaria lata, egin zuen. 1897an Salamancara joan zen bertako seminarioan apez ikasketei ekiteko. Handik, Gasteizeko seminariora etorri zen 1901an, Teologia ikasketak burutzeko. Emaitza akademikoak ez ziren txarrak izan. Filosofiako lehenbizikoa eta hirugarren urteak, Meritus batekin amaitu zituen. Bigarren urtean, berriz, Benemeritus lortu zuen. Teologiako mailak emaitza zertxobait hobeagoekin burutu zituen. Aurreneko ikasturtean Meritus lortu bazuen, beste hiruretan -hots, bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean- Benemeritus atera zuen.

1936an EAJk Batikanora bidali zuen delegazioa. Bi bermeotar daude argazkian. Ebaristo Etxebarrieta (argazkiaren erdian apez jantziarekin ikusten dena) eta Frantzisko Basterretxea (zutunik, eskerretik hirugarrena)

1902ko irailaren 20an apaiztu zen, “a título de Capellanía”. Ibaizabal astekariak 1902ko urrian argitaratu zuen alean, honako ohartxo hau aurkitu dugu Etxebarrietak Bermeoko Santa Maria eleizean eman zuen lehen mezari buruz: “juan dan domekan izan da emengo Andra-Mariako eliza ederrean eliz-jai edo funziño guztiz ona: lenengoko mezea esan dau Evaristo Echevarrieta abade jaun gazteak da lenengoko epistolia Fernando Uriarte jaunak, biak erri onetako semeak”.

Continuar leyendo »

Bermeoko arrantzale ospetsua

Tomas Arana Astoreka -ezizenez,”Argiñe“- Bermeon jaio zen 1874ko abenduaren 21ean. Gurasoak, Gregorio Arana Urramendi mundakarra eta Bentura Astoreka Garategi bermeotarra izan zituen. Gregorio eta Bentura, Bermeoko Santa Maria eleizean ezkondu ziren 1858ko abuztuaren 28an, eta hainbat seme-alaba izan zuten. Izan ere, kide ugariz osatutako familian sortu eta hasi zen Tomas. Eleizako artxiboko datuak artez badaude, honako neba-arreba hauek izan zituen: Alberto (1859), Buenabentura (1862), Juana Bentura eta Bentura (bikiak, 1864), Elias (1866), Enrike (1868), Cayetano (1870), Gabriel (1873), Benigno (1877) eta Martzelina (1880). Guztira, Tomas bera barruan sartzen badugu, hamaika izan ziren munduratutako neba-arrebak. Hala ere, garaiko umeen hilkortasun-tasa jasoaren ondorioz, lau nagusiak -hots, Alberto, Buenabentura, Bentura eta Elias- ez ziren haurtzaroa gainditzera heldu. Cayetano ere umea zela hil zen.

XIX mendearen bukaera aldera, Pilar Bengoetxea Idoiagarekin ezkondu zen Tomas, Bermeoko Santa Maria eleizan; 1899ko urriaren 28an ospatu ziren ezteiak. Emaztea, Pilar Bengoetxea, denborarekin EAE-ANVko buruzagia izango zen Gonzalo Nardiz Bengoetxearen amaren ahizpa zen. Jatorriz, Ibarrangelukoak ziren biak: Pilar eta Dionisia. Horrela bada, Gonzalo Nardiz-en osaba izan zen Argiñe.

Ezizenak beste gauza bat adierazten duen arren -harriarekin lan egiten duenari deitzen baitzaio “argiñe”- isasoari eta arrantzari estu-estu lotuta garatu zen Tomasen bizitza. Izan ere, aitak, Gregorio Aranak, Nuestra Señora del Pilar izeneko trainera bat euki zuen 1902an. Ondarroako astillero batean egindakoa zen. Geroztik, Tomas bera ere arrantzale famatua izango zen Bermeoko itsas-komunitatearen baitan. Armadore borrokatua eta patroi entzutetsua. Hainbat untzi egin eta gobernatu zuen. Bermeoko matrikulari begiratzen badiogu, lau bapor agertzen dira bere izenean; laurak, ikusiko denez, euskal izenekin bateatuak (Bermeoko arrantza untzien euskal izenei dagokionez, ikus, “El franquismo y los nombres en euskera o de signo nacionalista vasco de los barcos de Bermeo“, blog honetan bertan, 1012ko abuztuaren 31an argitaratutakoa). 1911an Sabino Arana-ena bapora egin zuen [folioa: 908]. Hamar urte geroago, 1921an, Sendi deuna izeneko bapora [folioa: 1265]. Hurrengo urtean, 1922an, Lurrun ixontzi bapora eraiki zuen [folioa:1342] eta Errepublikaren hasieran, 1931 urtean,  Argiñena [folioa: 1584].

“Argiñena” baporuntzia, errepublikaren garaian

Bermeoko Kofradian eta arrantzaleen artean gizon ezaguna eta ospetsua zenaren lekuko, herriko abesti ezagun batek ere, bokartaren sasoian, despeskan zebiltzan emakumeekin zein emankorra eta eskuzabala zen azpimarratzen du:

Continuar leyendo »

Agur, 2012

Me resultaría imposible condensar en un solo post todos los acontecimientos políticamente relevantes en los que me he visto involucrado desde que publiqué la última entrada, el día siete de diciembre del año en curso. Afortunadamente, su notoriedad pública me exime del deber de explicar a los seguidores del blog por qué me he mantenido en silencio desde entonces. La caótica vorágine reuniones, encuentros y entrevistas de todo pelaje en la que me he visto sumido en las últimas semanas, me han impedido dedicar a este foro el tiempo y la atención que hubiera deseado.

IMGP5126 copia

En cuestión de días, mi circunstancia personal ha cambiado ostensiblemente: he renunciado al escaño que ocupaba en el Congreso de los diputados, para pasar a formar parte del Gobierno vasco, como consejero de Administración Pública y Justicia y portavoz. Todo ha cambiado en mi vida cotidiana. Los lugares de trabajo, las relaciones cotidianas, los quehaceres, las responsabilidades y, por supuesto, las condiciones de la comunicación con los ciudadanos. De ahí que, entre otras cosas, esté reconsiderando seriamente el mantenimiento de esta bitácora. No he tomado una decisión definitiva sobre el asunto, pero me parece evidente que un consejero del Gobierno vasco -y por añadidura, portavoz del Ejecutivo- ha de hacer uso de plataformas y registros comunicativos distintos a los de un parlamentario. Esa es, al menos, mi percepción.

Ez dut erabat bazterrean uzten blog-arekin jarraitzeko aukera. Baina horrela egitekotan, gauza guztiz ezberdin batekin jarraituko nuke. Baten batek esan dit, bihotzez eskertuko lukeela Bermeoko abertzale historikoen zerrendarekin jarraituko banu. Ez da ideia txarra. Beste norbaitek sugeritu dit mezu politikoen ordez -horiek soberan ere aireratuko ditut eta Eusko Jaurlaritzaren bozemaile gisa- hausnarketa eta bizikizun pertsonalak jaso ditzakedala. Pentsatuko dut. Eta ingurukoen aholkua entzun ondoren, erabakiko dut nola jokatu. Pena ematen baitit, bene-benetan, ia bost urtetan zehar zintzo-zintzo elikatu dudan seme kuttun hau betirako zokoratzea.

En cualquier caso, como se me ha echado encima el fin de año, no quería dejar de cumplir con el rito social de despedir 2012 -con la imagen gráfica de un bello ocaso obtenida ayer mismo en la costa bizkaina- y desear a los lectores un feliz 2013. Hala bedi

Bermeon, lehen orduko abertzaletasunean jardun zirenekin osatzen ari garen zerrenda honetan, leku berezia utzi behar diogu, nahitaez, Amali Uranga Eiguren-i. Amali, Bermeon jaio zen 1873ko uztailaren 11an. Mutrikuarra zuen aita: Marzelino Uranga Amilibia, 1849ko abuztuaren 4an munduratua. Ama, berriz, mundakarra zen: Luzia Eiguren Tribisarrospe; 1851ko abenduaren 13an sortua. Marzelino, aita, Mutrikutik Bermeora etorri eta Santa Mariako eleizean ezkondu zen, 1871ko uztailaren 15ean, Maria Inazia Telletxea Renteriarekin. Baina bikoteak ez zuten luzaroan iraun, emaztea, ezteiak ospatu eta urtebete garrenean hil baitzen. Zehatzago esateko, 1872ko abuztuaren 3an zendu zen, gaixoak jota.

Baina ez ziran haiek lutoan murginduta luzaroan bizitzeko garaiak. Bi hilabete eskas egin zuen Marzelinok alargun. 1872ko irailaren 28an, Luzia Eigurenekin ezkondu zen berriro. Ajangizko Igokundearen eleizean ezkondu ere.

Lau seme-alaba izan zuen bikoteak. Amali bera izan zen zaharrena. Bere ostekoak ziren Eskolastiko (1875), Antonia (1877) eta Josefa (1879)

Amali Uranga Eiguren. Bermeoko lehen orduko jeltzalea

Sebastiana San Pelaiorekin ezkondu zen Amali, eta hiru seme-alaba izan zuen berarekin: Martzelino, Jose Luis eta Luzia

Arana-Goiriren lagun pertsonala izaki, hasera-haseratik hasi zen bere urrats politikoak jarraitzen. Sabinek argitaratu zuen lehen aldizkariak Bizkaitarra izenburukoak, bederazi harpidedun zeuzkan Bermeon. Bada horietako bat, Amali Uranga bera zen. Lehen orduko jeltzalea, beraz. Aintzindarien artean ibili zena. Geroztik, Batzoki Bermeotarra sortu zenean, 1899 urtean, Amaliren aitaren etxe batean kokatu zuten Bermeoko jelkideek batzartzeko gunearen egoitza. Zeresan handia izango zuen Amalik, seguru asko, bere aitaren keinu emankor horretan. Dohan utzi baitzien Marzelino Uranga mutrikuarrak bere jabegoko etxe hura, bideak urratzen zebiltzan abertzale aurrelari haiek babesa eta egon-leku egokia izan zezaten.

Continuar leyendo »

Seguir

Recibe cada nueva publicación en tu buzón de correo electrónico.

Únete a otros 62 seguidores