Bermeoko arrantzale ospetsua
Tomas Arana Astoreka -ezizenez,»Argiñe«- Bermeon jaio zen 1874ko abenduaren 21ean. Gurasoak, Gregorio Arana Urramendi mundakarra eta Bentura Astoreka Garategi bermeotarra izan zituen. Gregorio eta Bentura, Bermeoko Santa Maria eleizean ezkondu ziren 1858ko abuztuaren 28an, eta hainbat seme-alaba izan zuten. Izan ere, kide ugariz osatutako familian sortu eta hasi zen Tomas. Eleizako artxiboko datuak artez badaude, honako neba-arreba hauek izan zituen: Alberto (1859), Buenabentura (1862), Juana Bentura eta Bentura (bikiak, 1864), Elias (1866), Enrike (1868), Cayetano (1870), Gabriel (1873), Benigno (1877) eta Martzelina (1880). Guztira, Tomas bera barruan sartzen badugu, hamaika izan ziren munduratutako neba-arrebak. Hala ere, garaiko umeen hilkortasun-tasa jasoaren ondorioz, lau nagusiak -hots, Alberto, Buenabentura, Bentura eta Elias- ez ziren haurtzaroa gainditzera heldu. Cayetano ere umea zela hil zen.
XIX mendearen bukaera aldera, Pilar Bengoetxea Idoiagarekin ezkondu zen Tomas, Bermeoko Santa Maria eleizan; 1899ko urriaren 28an ospatu ziren ezteiak. Emaztea, Pilar Bengoetxea, denborarekin EAE-ANVko buruzagia izango zen Gonzalo Nardiz Bengoetxearen amaren ahizpa zen. Jatorriz, Ibarrangelukoak ziren biak: Pilar eta Dionisia. Horrela bada, Gonzalo Nardiz-en osaba izan zen Argiñe.
Ezizenak beste gauza bat adierazten duen arren -harriarekin lan egiten duenari deitzen baitzaio «argiñe»- isasoari eta arrantzari estu-estu lotuta garatu zen Tomasen bizitza. Izan ere, aitak, Gregorio Aranak, Nuestra Señora del Pilar izeneko trainera bat euki zuen 1902an. Ondarroako astillero batean egindakoa zen. Geroztik, Tomas bera ere arrantzale famatua izango zen Bermeoko itsas-komunitatearen baitan. Armadore borrokatua eta patroi entzutetsua. Hainbat untzi egin eta gobernatu zuen. Bermeoko matrikulari begiratzen badiogu, lau bapor agertzen dira bere izenean; laurak, ikusiko denez, euskal izenekin bateatuak (Bermeoko arrantza untzien euskal izenei dagokionez, ikus, «El franquismo y los nombres en euskera o de signo nacionalista vasco de los barcos de Bermeo«, blog honetan bertan, 1012ko abuztuaren 31an argitaratutakoa). 1911an Sabino Arana-ena bapora egin zuen [folioa: 908]. Hamar urte geroago, 1921an, Sendi deuna izeneko bapora [folioa: 1265]. Hurrengo urtean, 1922an, Lurrun ixontzi bapora eraiki zuen [folioa:1342] eta Errepublikaren hasieran, 1931 urtean, Argiñena [folioa: 1584].
Bermeoko Kofradian eta arrantzaleen artean gizon ezaguna eta ospetsua zenaren lekuko, herriko abesti ezagun batek ere, bokartaren sasoian, despeskan zebiltzan emakumeekin zein emankorra eta eskuzabala zen azpimarratzen du:
Argiñek kañie ekarri
kañie ekarri, kañie ekarri
koartilo bat gitxi bada
koartilo t´erdi, koartilo t´erdi
Berrogei arrue ezkero
kañe ta guzti, kañe ta guzti
Hirurogei arrue ezkero
fota ta guzti, fota ta guzti
Pilarrek fotak ekarri
fotak ekarri, fotak ekarri
Hemen gauz despekagarri
kañie ekarri, kañie ekarri
Jeltzale goiztiarra
Baina leku honetan aipatzen badugu, ez da arrantzale ona zelako, Bermeoko abertzaletasunaren historian urrats propioak, nabarmenak eta aipatzeko modukoak eman zituelako baino. Izan ere, hasierako denboretako jeltzalea izan zen Tomas. Bere alabek gogoratzen dutenez, Sabino Aranaren hiletetara joan zen, inor gutxi bezala, Bermeotik Sukarrietaraino, oinez, Anjel Zabala [Kondaño] lagun zuela. Urte batzuk geroago, 1907ko uztailaren 14an, Sukarrietan Sabin Aranaren omenez eta gorazarrez antolatu zen bazkari mardul batera Bermeoko batzokitik joan ziren hamaika bazkideen artean ikusten dugu, lehen orduko beste jelkide batzuekin batera, hala nola, Benantzio Goitia, Amali Uranga, Pedro Goienetxea eta Frantzisko Basterretxearekin batera.
Dena den, abertzale goiztiarra eta zintzoa izan zen arren, Argiñe-k ez zuen, seguru asko, garrantzia politiko berezirik hartuko, herriko arrantzaleen artean zeukan ospeagatik izan ez bazen. Bermeo bezalako herri arrantzale batean, nahitaezkoa zen ibilbide luzea izan nahi zuten alderdi politikoentzat, arrantzaleen interesa piztu eta hauentzat erakargarriak izatea. Edo beste hitz batzuetan esateko, Bermeoko herrian arrakasta izan nahi zuen alderdiak, derrigorrezkoa zuen arrantzaleen artean sustraiak botatzea; itsas-gizonek ez zezatela arerio gisa hartu, euren aldeko elkartetzat baino. Haatik, jeltzaleek ere, gainontzeko alderdi politikoak bezalaxe, hasera-haseratik txertatu zituzten arrantza-gizonak euren hautagai zerrendetan. 1899ko hauteskundeetan, esate baterako, Sandalio Allika sartu zuten kandidaturan; eta harrez gero, beti txertatu dute itsas-gizonen bat edo beste zinegotzirako hautagai-zerrendetan. Zenbat eta izen hobeagoa eduki itsasotik bizi zirenen artean, hainbat eta eragin handiagoa zeukan aukeratutako hautagaiak, arrantzaleen komunitatean. Eta Argiñe-k bazeukan, bai, Bermeoko arrantzaleen artean, itzala, ospea eta izen ona. Itsas-gizon famatua izateak laguntza handia emango zion EAJren dotrina itsas-gizonei zabaltze aldera. Eta ikusiko dugunez, behin baino gehiagotan tokatuko zitzaion Tomasi alderdiaren mezua arrantzaleei helarazteko lan egitea.
Ekimen handiko militantea
Gorputzez, gizon handia zen Argiñe; sorbalda zabalekoa. Eta nortasunez, berriz, odoltsua; ekimen handikoa; sutsua; geldirik egoten ez dakiten horietakoa. Gauzak horrela, hainbat iztilutan nahastuta ikusten dugu Batzoki Bermeotarra sortu eta II Errepublikara bitarteko epe luzean. Eta beti, jakina, alderdiaren jeltzalearen defentsan eta abertzaletasunaren aldeko jardunean.
Esan bezala, goiz-goiztik hasi zen Tomasen ibilbide politikoa EAJren baitan. Sabinen jarraitzaileek Bermeon lehenbiziko urratsak eman zituztenean, hantxe zegoen jada gure Tomas, lanean eta ekinean. Bere anaiak Enrikek eta biak, inplikazio zuzen-zuzena izan omen zuten 1899ko maiatzaren 14an ospatu ziren udal hausteskundeetan gertatu ziren iztilu, tirabira eta burruketan. Iztilu horietan, San Miguel auzoko Eusebio Bilbao izeneko baserritar bat suertatu omen zen zaurituta aipatu iztiluetan. Sasoi trumoitsuak ziran haiek. Alkateak epaileari bidali zion txostenean zera esaten zion hautskunde egunean izan ziren liskar, sarata eta burruken gainean:
«A cosa de las tres de la tarde del día de ayer, ha sido herido en riña tumultuaria por un grupo de hombres entre los que se encontraban los hermanos Enrique y Tomás Arana, Cándido Elorza y Amalio Uranga, el vecino del barrio de San Miguel Don Eusebio Bilbao»
Geroztik, 1913ko hauteskundeen aurretxoan, beste iztilu saratatsu baten erdi-erdian suertatu zen. Garaiko egunkariek esaten zutenaren arabera, emakumez eta umez osatutako talde bat eratu eta Circulo Católico delakoaren aurrean jarri omen zen, aldra guztiaren buruan, bertako militanteei irain mota guztiak botatzeko.
Bermeoko zinegotzia
Ikusten denez, Argiñe-ri ez zitzaion adorerik falta kalean bere ideian aldeko ekimenak martxan jartzeko. Baina Tomas ez zen izan soilik kaleko burruketako militantea. Erakundeetan ere jokatu zuen jokatu nola-halako papera. Paper garrantzitsua. 1911ko azaroaren 12ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen, jauntxoen kontrako koalizioaren zerrendan txertatuta. Arrakasta handia lortu zuen herrian jauntxoen kontrako zerrenda horrek, jokoan zeuden bederatzi zinegotzietatik, zazpi lortu baitzituen. Ez zen, ikusten denez, lorpen txikia izan. Eta zazpi horietatik hiru, jeltzaleak izan ziren: Estanislao Ispizua, Santos Mugartegi eta Tomas bera. Gainontzeko laurak, kontserbadoreak eta katolikoak izan ziren.
Horrela sartu zen Argiñe udalbatzara lehenbiziko aldiz.
Baina legealdiak aurrera egin ahala, ezin-ikusiak sortzen hasi ziren zerrenda berean aurkeztutako zinegotzien artean. Jeltzaleekin batera jauntxoen kontrako koalizioan aurkeztu ziren nardiztarrak, jauntxoen jarrera eta portaera berdin-berdinak hartzen hasi ziren. Eta horrek, sabin-zaleen haserrea sortu zuen. Ondorioz, koalizioan aurkeztu ziren hautagaiek, elkarrengandik urruntzen eta aldentzen hasi ziren, euren arteko harremana guztiz usteldu eta burruka bizira heldu arte.
1912ren bigarren erdirako, nahaspilatuta zegoen erabat jeltzale eta nardiztarren arteko harremana. Eta nahaspila hori, noiz-nahi, noiz-nahi eta zertan-nahi nabarmentzen zen. Agenda politikoko gai guzti-guztietan azaltzen zen tentsioa. Besteak beste, 1912ko galernan galdutakoen alargun eta umezurtzen alde jasotako dirua banatzeko orduan.
Izan ere, eztabaida handiak izan ziren Bermeon diru hori banatzeko erabili behar zen formula erabakitzeko orduan. Agintean zeuden nardiztarrek -Alkatea euren artekoa zen- ez zuten gardentasunez jokatu nahi izan eta ukatu egin zioten udalbatzar nagusiari egindako kudeaketaren ganean zor zizkioten kontu-arrazoiak. Tirabira horren erdian, abarrotsez betetako sesio bat protagonizatu zuen Argiñe-k Udaletxearen barruan. 1913ko uztailaren 7an gertatu zen. Arratsaldeko hiruretan batzartu ziren alkatea eta zinegotziak, «para tratar y resolver la manera y forma de percibir las cantidades y efectos recaudador por este ayuntamiento para socorrer a las familias castigadas en la galerna de agosto de 1912». Salbuespenezko plenoa zen eta beste ezer baino lehen, zera planteatu zen: zilegia zen ala ez, legearen ikuspuntutik, salbuespenezko pleno batean, pleno arruntaren akta onestea. Puntu horri ekitera zihoazelarik,
«se ha levantado salón gran escándalo -zioen alkateak gobernadoreari bidalitako telegramak- que ha trascendido hasta las escaleras del edificio y calle, ocupadas principalmente por viudas. Autoridad se ha visto obligada ordenar que la guardia municipal arrancara del salón al concejal señor Arana y alguno del público. Por último, aprobada el acta por la mayoría, al tiempo de ir a firmar, han abandonado el salón concejales señores Vidaechea, Garavilla, Nardiz, Ispizua y Mugartegui […] Fuera, en la plaza situada en frente, mujeres en su mayoría han dado voces, que fuerza pública ha sofocado con facilidad»
Horrez ganera, Nikolas Jauregizar zinegotzi nardiztarrak ere kontserbadoreen aldeko estrategia bati ekin zion arrantzaleen kofradiaren baitan. Jakin beharrekoa da, puntu honi dagokionez, zinegotziaz aparte, kofradiako presidentea ere bazela Jauregizar. Eta kofradia, nardiztarren estrategiaren menpe jarrita zeukala.
Gauzak horrela, ekimen eraginkorrak hartu zituen Tomas Aranak. Bera ere arrantzalea zen -arrantzale famatua ganera; aspaldiko kofradikidea- eta ez zegoen prest beste zinegotzi bati kofradia nardiztarren aldera eraman dezala uzteko. Horregatik, kofradiaren batzarra deitzeko behin eta berriro eskatzen hasi ziren jeltzaleak. Kofradikideak bildu eta erakundeko agintariak karguetatik kenarazteko asmoarekin, jakina. Baina nardiztarrek ez zuten horrelakorik nahi. Eta eztabaidaren erdian, Tomasek urrats garrantzitsuak hartu zituen jeltzaleen helburua lortzeko.
1913ko uztailaren 16ko El Pueblo Vasco egunkariaren aleak, honako hau aurpegiratzen zion:
«un concejal exaltado, llamado Arana, se dedicó el día de la Junta del 2 de julio para procurarse mayoría en la Cofradía, a recoger los chiquillos en las tabernas, sabiendo que dichos chiquillos no tenían derecho, según Reglamento, para acudir a la Junta y que debido a ello y al escándalo, postergaron los derechos ajenos al de los armadores de la cofradía, haciéndose dueños de la misma por los medios indicados».
Baina bi egun geroago, 1913ko uztailaren 18ko Euzkadi egunkarian, honako erantzuna ematen du Jose Manuel Ispizuak Tomas Aranaren defentsan:
“…tratar por X de arrojar la marcha de los sucesos de la Cofradía, especialmente al digno concejal señor Arana y tener el valor de ocuparse de aquellos atropellos, es querer sentar plaza de desconcado, porque no es el señor Arana quien, habiendo pedido a voz en grito la gran mayoría de la cofradía la celebración de una junta general extraordinaria, se ha opuesto a ello, sino el señor Jaureguizar, su presidente hasta ahora, quien únicamente reunió a la Junta cuando se lo ha ordenado y mandado el gobernador; ni es el concejal nacionalista señor Arana quien se ha visto obligado a presentar la dimisión de su cargo ante la fuerza de la mayoría de los socios, sino los señores Jaureguizar y Ojinaga, ni es el señor Arana quien, después de dichas dimisiones fue silbado frenéticamente por las masas, hasta el punto de verse precisado a ser custodiado por la Guardia civil al retirarse a su casa después de aquél acto, si quería librarse de los insultos con que le amenazaban los pescadores, administrados suyos hasta aquel momento, ni es el señor Arana, por último quien ha dado margen al Juzgado instructor de Gernika para instruir sumario por cierto supuesto delito contra la propiedad causa en la cual la citada Cofradía ha acordado mostrarse parte en junta general celebrada el 11 del corriente” “hay tela para muchos trajes, nos dijo sonriente al marcharse. Volveré y volveré si a ello se me obliga con acusaciones muy graves que han de causar espanto en el público imparcial y honrado”.
Eztabaidak eztabaida, kontua da Aranaren ekimenak Kofradia nardiztarren kontrolpetik ateratzea lortu zuen eta jeltzaleen esparrura ekartzea. Horren ondorioz, zatitu egin zuten kofradia nardiztarrek, betiko San Pedro kofradiaren ondoan, Santa Clara izeneko berria sortuz.
Legealdia amaitu zenean, udala utzi eta Argiñe-k ez zuen gehiago zinegotzi gisa errepikatuko. Horrek, ordea, ez du esan nahi EAJa utziko zuenik. Aitzitik, gogor eta kementsu jarraitu zuen, beti bezala, Sabinen dotrinak zabaltzen eta abertzaletasunaren aldeko jardun politikoa hezurmamitzen. 1920ko azaroaren 14an, Bermeon mitin bat egiteko baimena eskatu zion Udalari. Mitin horretan, Ramon Sotak eta Gorgonio Renteria elantxobetarrak egin zuten berba. Une hartan, Tomas Aranak, «presidente de la sociedad Batzoki Bermeotarra» bezala sinatzen zuen. II Errepublikaren garaian ere behin baino sarriagotan ikusiko dugu jo eta ke, arrantzaleak jeltzaletasunera erakarteko ahaleginean. 1932 urtean, esate baterako, hemeretzi urte lehenago El Pueblo Vasco-k egin zizkion salaketen berdin antzekoak leporatu zizkion abertzaletasunaren kontrako prentsak. El Liberal egunkariak esan zuen urtarrilaren 16an itsasontzi asko arrantzan zebiltzan bitartean, jeltzaleek, Tomasen aginduak jarraituz, kofradiaren ateko giltzak aldatu zituztela, anaidiaren kontrola errepublikazaleengandik jeltzaleengana erakarteko asmoz.
Sasoi honetan ere bere betiko militantzia jeltzalearekin jarraitu zuela erakusten ematen duten bi datu aipatu daiteke. 1933ko ihauterietan, hanbat hilabetetan gaixorik egon ondoren, Antoniotarrak antolatu zuten antzerkian agertu zen Tomas. Hori dela eta, Euzkadi egunkarian Bermeoko kronikak euskaraz idazten zituen Julen Urkidik ohar hau argitaratu zuen bere ohiko zutabean:
«Arana´tar Toma (Argiña) abertzale onenetarikua, saspi ilebete oneitan gexorik egon ondoren itxaldian ikusi dogu. Poztuten gara osatuta ikustiaz».
Sasoi hartan, Bermeoko Eusko Gastedi-ko kidea zen Urkidi. Bazekin, beraz, herriko alderdiaren berri. Eta bere esanetan, «abertzale onenetarikua» zen Argiñe. Ez dago txarto.
1934an batzokiko mahaikide izendatu zuten, Antolin Jauregizar presidentea, Kruz Barandika idazkaria eta Kalisto Zuazola tesoreroarekin. Urte honetan bertan, Jose Maria Uzelai margolariak Bermeoko batzokirako prestatu zuen panel mardulean, Tomas Aranaren Argiñena baporuntzia sartu zuen portu zaharreko estanpan, beste patroi eta armadore jeltzale askorekin egin zuen modu ber-berean.
![Goiko erreskadaren erdian dagoen baporuntzi berdea [BI 5184 folioa duena], Tomas Aranaren "Argiñena" zen. Argazkian ikusten denez, Bermeo harrapatu eta gero, izena estaldu zioten frankistek, pintura grisarekin, euskaraz idatzita zegoelako](https://erkoreka.files.wordpress.com/2013/08/imgp2397-copia.jpg?w=500&h=333)
Goiko erreskadaren erdian dagoen baporuntzi berdea [BI -1584 folioa duena], Tomas Aranaren «Argiñena» zen. Argazkian ikusten denez, Bermeo harrapatu eta gero, izena estaldu zioten frankistek, pintura grisarekin, euskaraz jarritakoa zelako. Gauza berdina egin zioten inguruan dauden itsasuntziei
Guda osteko neke latzak
1936tik 1939ra bitarteko gerratea sortu zenean, Argiñe ez zen jadanik mutil gaztea. Hirurogeitaz urteak zituen. Hala ere, ez zioten parkatu bizitza guztian abertzale peto-petoaren pentsaera eta portaera eduki izana. Kartzelara eraman zuten eta hiru urte luzez eduki zuten espetxe diferenteetan atxilotuta.
Bere alabek esaten dute ijitoaren ezizena zeraman andrazko batek salatu zuela, gorrien aldeko izpia zela leporatuz. Zikina zelako eta inoiz garbitzen ez zelako jarri omen zioten La Gitana ezizena zorioneko emakume horri.
Baina ez da hori Argiñe-ri zabaldu zioten epaiketaren espedientean agertzen dena.
Gerra-kontseiluko sumarioan agertzen diren dokumentuen arabera, frankistek Bilbo harrapatu baino lehenago, 1937ko ekainaren 17an, Bermeoko komandante nagusia zen Gregorio Gomez Garcia-k salaketa idatzi bat prestatu zuen, PNV-ko kidea zela nabarmenduz eta ondoko delitu hau aurpegiratuz:
«Peligroso Nacionalista y propagandista de estas ideas, peligrosa su libertad, contrario a nuestro Movimiento Salvador. Invitaba a los soldados a que se rindieran cuando el ataque a Bermeo diciéndoles que a ellos no les ocurriría nada. Así pues, creo que esta persona es de mucho cuidado y contrario al Movimiento Nacional».
Salaketa horretan oinarrituz, Bermeoko kartzelan sartu zuten lehenbizi. Ekainaren 15ean gertatu zen hori. Eta handik gutxira, Murgiara bialdu zuten eta Murgiatik Gasteizeko espetxera. Baina bere espedientea Bilbora ekarri zuten eta El Carmelo espetxean egon zen auzia tramitatu zuten bitartean.
Uztailen 30an hartu zioten aurreneko deklarazioa Bilbon. Bere hitzetan, sasoi horretako epaiketa asko eta askotan aurkitzen diren adierazpenetan islatzen den jarrera berdina agertzen da. Egindakoak eta esandakoak ukatu barik, norberaren ibilbide politikoa malgutzeko eta epeltzeko joera, militarrengandik ahalik eta zigorrik txikiena jasoteko helburuarekin. Ulertzekoa da. Beldurra zen nagusi han eta hemen. Frankistek ez zuten errukirik. Edozein erahiltzen zuten edozein momentutan edozein aitzakirekin. Norberaren etorkizuna hobetu dezaketen datuak eman behar zitzaien aitorpenetan, faltsuak edo erdi faltsuak izan arren. Burua heriotzatik libratzea zen kontua.

Tomas Arana epaitu zuen Gerra Kontseiluak osatu zuen espedientea: Procedimiento Sumarísimo de Urgencia nº 519-37. Hamalau gizon izan ziren epaituak prozesu berean
Argiñe-n adierazpenean ere horrelakoak aurkitzen ditugu:
«manifiesta que se dio de baja del Partido Nacionalista de Bermeo al que pertenecía en el año 35, no estando conforme como católico de la orientación de dicho partido y que durante el período rojoseparatista no ocupó ningún cargo, que de estas manifiestaciones pone como testigos a los señores, D Rafael Nardiz, médico y el señor Cosme Luzarraga, ambos residentes en el pueblo y concejales del Ayuntamiento de Bermeo.
Que no hacía propaganda de las ideas separatistas ni era contrario al Movimiento salvador, como prueba de ello dio orden a su hijo Tomás de 21 años de edad para para que se pasase de las filas de los rojos al Glorioso Ejército nacional, como así lo hizo y presta sus servicios en el cuerpo de ingenieros en Palencia»
Epaiketan egin zioten kargu nagusiari dagokionez ere -Frankoren soldaduak Errepublikaren aldera pasatu zitezela konbenzitzeko egin zuen ahaleginari dagokionez- leporatzen zioten portaera lehuntzen saiatu zen:
«Que decía a los soldados del Glorioso Ejército Nacional que se pasasen con los rojos y que no pasaría nada puesto que él salía garante de sus vidas y que esto lo dijo porque le parecía que los soldados nacionales estaban agitados y preocupadísimos»
Eta azkenez, jeltzaleek behin baino sarriago aipatzen zuten meritua esleitu zion Tomasek bere buruari: gerrako lehenbiziko hilabeteetan, eskumako jendea ezkutuan babestuta eduki izana, milizianoek kalterik egin ez ziezaien.
«Que a la entrada de las Gloriosas Fuerzas Nacionales en el puerto de Bermeo, tenía escondido en su casa, calle Albóniga número 3 a D Justo Luzarraga que hasta entonces se hallaba detenido por los rojos separatistas y que este D Justo Luzarraga, tanto pronto fue liberada la plaza de Bermeo fue nombrado Jefe Local de FET y de las JONS y actualmente desempeña el cargo de Jefe de Milicias»
Deklarazio hau egin zuenerako, eskuratuta zeuzkan dagoeneko bere portaera ona eta jarrera zintzoa egiaztatzen zuten dokumentuak. Uztailean zehar, bere emaztea eta alabak batera eta bestera ibili ziren frankistek begi onez ikusi zitzaketen agintari edota gizasemeen zihurtagiriak eskatzen.
Bermeoko alkatearen egiaztagiriak zera esaten zuen Argiñe-ri buruz: «ha observado buena conducta, sin que conste nada en contrario […] si bien estaba afiliado al Partido nacionalista vasco local, no se conoce haya actuado durante el movimiento salvador de España, ni haya ostentado cargo público alguno». Abadeen dokumentuak abegi hobeagokoak ziren. Santa Eufemiako arduraduna zen Gil Orberen esanetan, «ha observado una conducta intachable durante el tiempo de su permanencia en esta». Santa Mariako erretoreak, berriz, Bernardino Garaizarrek, zera egiaztatzen zuen: «Que D Tomás de Arana y Astoreca, casado, natural y feligrés de ésta, ha observado una conducta moral y religiosa irreprochable, como lo prueban sus hijos educados con todo esmero en las prácticas religiosas, prueba auténtica del ejemplo del hogar».
Horiek guztiak ikusita, fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen Tomas Aranarentzat. Defensaren arduradunak, berriz, absoluzioa. Fiskalaren aburuz, Argiñe-ren portaera -«propagandista del nacionalismo, peligroso, durante el contraataque a Bermeo inducía a nuestros soldados para que se pasasen a los rebeldes»- oso larria zen eta honako delitu hau osatzen zuen: «Adhesión a la rebelión del párrafo 2º artículo 238 del Código de Justicia Militar». Hori gutxi balitz, zera ohartarazten zuen bere akusazioak ezarri behar zitzaion zigorra gogortzeko: «Son de apreciar las transcendencia y peligrosidad·para Arana…».
Epaiketa 1937 abuztuaren zazpian ospatu zen, arratsaldeko bostetan, eta egun berean sinatu epaia. Nabarmena denez, epaileek ez zioten espedienteari buelta gehiegirik eman behar izan euren erabakia hartzeko. Ez zegoen zalantzarik. Dena zegoen argi, zoli eta garden. Auziperatutako hamalau gizonei ezarri zitzaizkien zigorrak jasotzen ziren sententzian. Hamalau epai agiri berean.
Argiñe-ri dagokionez, aurretik esandako salaketa eta karguak errepikatzen zituen epaiak: «destacado nacionalista de Bermeo, dijo a los soldados nacionales en cierta ocasión que debían pasarse a los rojos porque allí serían mejor tratados siendo su actuación durante la revolución de continua exaltación del Partido Nacionalista». Delitu larria, benetan. Baina epaileak, fiskala baino eskuzabalako jokatu zuten egitate horiek kalifikatzeko orduan. «Adhesión a la rebelión» barik, epaileek erabaki zuten, Tomas Aranaren jardun politikoak «un delito de auxilio a la rebelión» osatzen zuela, «puesto que los cargos que ejercieron y los servicios prestados a la misma causa no tienen el carácter relevante y trascendental que puedan servir de base para una calificación de adhesión a la rebelión». Ondorioz, hamabi urte eta egun bateko kartzela zigorra ezarri zioten.
Kondena hori, El Carmelo espetxean hasi zen betetzen. Gero, Larrinaga-ko espetxera eraman zuten Tomas.
Hamabi urte eta egun bateko kartzelara zigortzen zuen epaia eman zenean, hirurogeita lau urte betetzeko zegoen Argiñe. Edadeko gizona zen, sasoi haietako parametroetarako. Urteetan aurrera egindakoa, alegia. Eta hori gutxi balitz, emaztea eta seme-alabak zituen Bermeon berarekin zer gertatuko zai. Tomasek, ganera, ez zuen ulertzen inposatu zioten zigorraren oinarria eta zergatia. Berak ez zion inoiz inori kalterik egin. Elizbidekoa izan zen beti; sinesmenduna. Zer dela eta kartzelaratu behar zuten Bermeon sendi maitagarria zuen agurea? Hausnarketa hauek asko sufritu eragin zioten Tomasi espetxeko egunetan.
Espetxean hiru urte luzeak bezain ilunak osatu eta gero, argi izpi xumea agertu zitzaion: bere nekea ulertu eta laguntza emateko prest zegoen gudako auditore bat ezagutu zuen: Beltran de Guevara. Berak eraginda, 1940ko uztailaren 14an eskakizun bat zuzendu zion Tomas Aranak El Carmelo presondegiko zuzendariari. Idazki horretan bere egoera latzaren berri zehatza ematen zion -adin jasoa, Bermeoko sendiaren egoera zaila, inposatutako zigorraren ulertezintasuna…- eta auditorearengana jotzeko eskatzen zion, espetxean egon beharra malgutzeko posibilitatea aztertu dezan. Idazkian ondo asko islatuta agertzen dira Argiñe bizitzen ari zen penak, eta Aranak berak testuaren oinean idatzi zuen sinaduran ere modu nabarmenean ikusten da espetxeko bizitza gogorraren eraginez, behea jota zegoela; asko erorita aurkitzen zela, gogoz eta gorputzez:
«Tomás Arana y Astoreca -esaten zuen idazkiak- de 65 años de edad, casado, recluido en esta prisión del Carmelo desde hace dos años y anteriormente en distintas prisiones de Bermeo, Murguia y Vitoria, se dirije a Vd en súplica de que sea aclarada mi esta penosa situación, pues hoy es el día, señor Director, que no he firmado ninguna condena ni conozco mi verdadera situación. Dada mi acusada edad, el abandono en que se encuentran mi mujer y mis seis hijos que viven en el pueblo de Bermeo, unido a la ignorancia del motivo por el que me hallo tanto tiempo preso, es el motivo de molestarle con estas líneas, rogándole se dirija al señor Audictor, se digne concederme aunque solo sea la prisión atenuada con las garantías que vea convenientes, teniendo en cuenta mi desgraciada situación familiar y mi avanzada edad»
Esan beharrekoa da nolanahi ere, Tomasen eskakizunak, espediente berria zabaldu zuen. Bere tramitazioan, deklarazioa hartu zioten berriz ere eta Bermeoko agintarien iritzia eskatu zen bigarren aldiz.

Espetxean zegoela idatzi zuen sinadura honetan argi asko ikusten da kartzelako bizitza latzaren eraginez, behea jota aurkitzen zela Tomas 1940 urtean. Oso adierazgarria sinadura hau, zinegotzia zen garaian egin zuenarekin.
Deklarazioan ez zuen Argiñe-k gauza berri askorik esan. Hiru urte lehenago egin zuen adierazpenaren antzekoa egin zuen orain ere, bere ibilbide politikoaren alderdirik nabarmenenak eskutatuz. Esate baterako, «que hasta el año 1935 fue afiliado al Partido Nacionalista Vasco no desempeñando nunca ningún cargo directivo ni político en tal organización», esaten du. Baina badakigu jakin 1911tik 1915ra bitarteko urteetan zinegotzia izan zela eta 1934 urtean Uri Buru Batzarreko kide aukeratu zutela Bermeoko jelkideek. Bermeoko informatzaileek ere -herriko alkateak eta Guardia Zibilen nagusiak- ez zuten aipatzeko moduriko ekarpen berririk egin. Betiko leloak errepikatu zituzten.
Gauzak horrela, epaileak, «libertad vigilada» egoeraz gozatzeko aukera aitortu zion uztailaren 17an. Horrek, espetxea utzi eta Bermeora itzultzeko posibilitatea zabaldu zion Tomasi. Hori bai, hilabete guztietako lehen eta hamabostgarren egunetan, jaioterriko Guardia Zibilaren egoitzan agertzeko beharra ezarri zioten.
1949an, inposatu zitzaion kondenaren epea agortu zenean, hamabi urteko espetxe-zigorra, hiru urteko kartzela-zigorragatik konmutatu zioten. Horrelako ironiak gertatzen ziren frankismoaren garaian.
Que gozada tener otra vez entradas en el Blog de Josu… Aunque imaginamos que solo nos va a durar el agosto…