Gaur, Zapatu Gure egun guztietan bezalaxe, Jata mendiaren gailurrera igo dugu inguruko herrietako jeltzaleak, ikurriña jaso eta, tontor hartatik, Euskadi, gure Aberria, goraipatu eta jai giroan gure Nazioaren aldeko sentipenik sakonenak anaitasunez ospatu eta aldarrikatzeko.

Gaur, Jata mendiaren tontorrean, Euskal Herri guztiko udal hautatuekin, Euskadi, gure Aberria aldarrikatzen.
Aurten, Udalbidek urtean-urtean Zapatu Gure egunetan antolatu ohi duen ekimena ere Jatan bertan izan da. Abertzale asko bildu gara, beraz, mendi tontorrean. Ohi dena baino gehiago. Euskal herrialde guztietatik etorritako udal-hautatuak aurkitu ditugu mendi ganean. Bizkaitarrak ez ezik, gipuzkoarrak, arabarrak, nafarrak eta iparraldeko ordezkariak batu gara bertan, anai arteko giroan, gure Aberria Euskadi dela ahots bizian adierazten.
Guk ez dugu gure Aberria ezkutatzen. Aitztitk, argi, zoli eta garden aldarrikatu eta baieztatzen dugu gure Nazioa. Beste batzuk, gure inguruan, ez-nazionalistak bezala agertzen zaizkugunak hain zuzen ere, hiritartasuna erakusten digute ikur gisa, eurek Aberririk izango ez balute bezala. Lotsaz edo ezkutatzen dute euren nazioa. Baina horiek ere badute Aberririk. Espainiako Konstituzionan, «patria común e indivisible de todos los españoles» gisa aldarrikatzen dena, alegia. Gainontzeko guztioi ezinbestean inposatu nahi diguten nazio espainiarra.
Guk, ordea, gure Aberria baieztatzen dugu ahalik eta gogorik haundienaz, baina ez diogu inori ezer inposatu nahi. Horixe izan da, hain zuzen, gaurko mezu nagusia. Bakoitzak bere Aberria aukeratu dezala. Gizabanako ororen eskubidea da hori. Baina abertzaleon aldarria honako hauxe da: Euskal Herria da gure herria eta Euskadi gure Aberria.
Eta hori, gaur, inoiz baino indartsuago aldarrikatzen dugu.