Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 9 de agosto de 2013

Ebaristo Etxebarrieta Bermeon sortu zen 1878ko maiatzaren 13an; goizeko seirak eta erdietan etorri zen mundura. Hiru neba-arrebatik, gazteena zen bera. Aita, Pedro Pablo Etxebarrieta Aldekoa izan zuen; Bermeoko komertzio-gizona. Ama, berriz, bilbotarra zuen: Celestina Aiarza Urazandi. Pedro eta Celestina, Bilboko Santos Juanes eleizean ezkondu ziren 1871ko urtarrilaren 15ean. Senarrak, hogeita hemeretzi urte beteta zituen ezteien egunean. Adin jasoa sasoiko ohituretarako. Emaztea gazteagoa zen, jakina, baina bera ere urteetan aurrera eginda zegoen, 1836ko apirilaren 5ean jaiotakoa baitzen.

Aitaren gurasoak Bizkaiko kostaldean zeukaten jatorria: aitita, Ramón Etxebarrieta Ezkiaga, Eakoa zen, eta amama, Lukaria Aldekoa Gainza, bermeotarra. Amaren leinua, ordea, Bilbon errotuta zegoen: Jose Aiarza Abandon jaioa zen eta a Rosa Urasandi, Bilbon bertan. Bateoko aitabitxi eta amabitxik, ondo asko erakusten ematen zuten Ebaristoren ahaideak munduan zehar merkataritza-lanetan ibilitakoak zirela. Aita besoetakoa Ebaristo Eleizalde izan zen eta ama besoetakoa, Frantzista Aiarza; jaiotzez bilbotarrak, biak, baina Manilan bizi zirenak. Bateoaren egunean, ordezkarien bidez bete zuten aitabitxi eta amabitxiren zeregina.

Ez dakigu, gaur-gaurkoz behintzat, abertzaletasunaren griña noiz, nola eta noren eskutik erne zitzaion Ebaristori, baina gauza nabarmena da, oso goiztik zaletu zela Arana-Goirik sortu zuen mogimendu politikoarekin.

Aberriarekiko joerarekin batera, kristau sinesmenaren aldekoa ere gazte-gaztea zela piztu zitzaion, eta hamar urte bete zituenean apez ikasketak egitera joan zen seminariora. Gurasoak dirudunak izaki, Carrera literaria lata, egin zuen. 1897an Salamancara joan zen bertako seminarioan apez ikasketei ekiteko. Handik, Gasteizeko seminariora etorri zen 1901an, Teologia ikasketak burutzeko. Emaitza akademikoak ez ziren txarrak izan. Filosofiako lehenbizikoa eta hirugarren urteak, Meritus batekin amaitu zituen. Bigarren urtean, berriz, Benemeritus lortu zuen. Teologiako mailak emaitza zertxobait hobeagoekin burutu zituen. Aurreneko ikasturtean Meritus lortu bazuen, beste hiruretan -hots, bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean- Benemeritus atera zuen.

1936an EAJk Batikanora bidali zuen delegazioa. Bi bermeotar daude argazkian. Ebaristo Etxebarrieta (argazkiaren erdian apez jantziarekin ikusten dena) eta Frantzisko Basterretxea (zutunik, eskerretik hirugarrena)

1902ko irailaren 20an apaiztu zen, «a título de Capellanía». Ibaizabal astekariak 1902ko urrian argitaratu zuen alean, honako ohartxo hau aurkitu dugu Etxebarrietak Bermeoko Santa Maria eleizean eman zuen lehen mezari buruz: “juan dan domekan izan da emengo Andra-Mariako eliza ederrean eliz-jai edo funziño guztiz ona: lenengoko mezea esan dau Evaristo Echevarrieta abade jaun gazteak da lenengoko epistolia Fernando Uriarte jaunak, biak erri onetako semeak”.

(más…)

Read Full Post »