Feeds:
Entradas
Comentarios

Archive for 24/08/13

Basterretxea-Zaldibartarren sendia

Alderdi Jeltzalearen eskutik goi-goi mailako erantzukizun eta kargu politikoetara helduko zen Frantzisko Basterretxea Zadibar, Bermeon sortu zen 1887ko uztailaren 18an. Handik lau egunetara bateatu zuten -Madalen egunean, alegia- Santa Eufemiako eleizean, Francisco Vicente izenarekin.

Gurasoak, Jose Leoncio Basterretxea Etxebarria bermeotarra eta Tomasa Zaldibar Díaz de Mendibil otxandiotarra, Otxandioko Santa Marina eleizean ezkondu ziren 1881ko urriaren 15ean.

Frantzisko Basterretxea Zaldibar jeltzale bermeotarra.

Frantzisko Basterretxea Zaldibar jeltzale bermeotarra.

Bost neba-arrebatik bigarrena izan zen Frantzisko. Zaharrena, Domingo Jesus, Markinan jaio zen, 1882ko abuztuaren 6an. Gainontzeko guztiak, ordea, bermeoko seme-alabak izan ziren: Restituto (1890) Aurea (1892) eta denen artetik gazteena zen Florentzio (1894). Azken honek ere, ikusiko dugunez, jardun politiko nabarmena izango zuen EAJren baitan: Bermeoko zinegotzia -eta alkatea- izan zen II Errepublikako urte nahastuak bezain iztilutsuetan.

Domingo eta Restituto ez ziren adin-nagusitasunera heldu. Azken hau, Bermeon hil zen 1890ko uztailaren 12an.

Frantziskoren eraginez abertzaletasun jeltzalea familiaren barruan nahiko goiz erne zen arren, Karlista sutsua izan zuten aita. XIX mendearen bukaeran, Bermeoko Círculo Carlista-ko presidentea zen Jose Leoncio eta barne eztabaida borobila sortu zuen bere kideekin, karguan irauteko epea agortuta zuen arren, karlisten burua izaten jarraitu nahi zuelako. Abertzaletasunaren hasera-haserako denbora haietan maiz-sarri gertatzen zen karlista izandakoak jeltzale izateko urratsa ematearena. Sabin Aranaren lehen orduko jarraitzaileen artean, pila bat zeuden -Bermeon eta Bermeotik kanpo- JELaren doktrina besarkatu aurretik, karlista izandakoak.

Baina Jose Leoncio Basterretxeak ez zuen horrelako urratsik eman. Ez zuen inoiz karlismoa bazterrean utzi eta jeltzalea izatera igaro. Aitzitik, tradizionalismoari eutsiz eta abertzaletasunaren kontra jardun zen beti. 1899ko udal hauteskundeetan, esate baterako, herriko liberalekin bat egitea erabaki zuen bizkaitarren kontra indar gehiagorekin ekiteko. Bultzada horrek eraginda, karlista eta liberalek kandidatura partekatu bat osatu zuten urte hartan. Harrigarria bezain egia. Elkarren arerio politiko nabarmenak ziren karlistak eta liberalak. Denetan eta orduoro muturka ibiltzen diren horietakoak. Baina Bermeon, beste leku batzuetan bezalaxe, abertzaletasunaren kontra jarduteko erraz gainditzen zituzten haserre eta ezin ikusiak.

Kasu honetan, ordea, ba omen zegoen -abertzaletasunaren kontra jarduteari buruzkoez aparteko- arrazoi berezi bat karlista eta liberalak politikoki uztartzeko. Urte haietan Robustiano Elorrieta jauntxoa zen herriko liberalen burua. Jauntxo indartsua zen Elorrieta. Herrian eta herritarrengan eragin-indar handia zeukana. Jauntxo klasikoa. Boteretsua. Eta hain zuzen ere, hor ikusi nahi zuten garaiko jeltzaleek karlisten eta liberalen arteko akordioaren arrazoia: Elorrietak mesede pertsonala egin ahal zion Jose Leoncio Basterretxeari eta horren trukean, Basterretxeak, bere babes politikoa eskaintzen zion Elorrietari, agintean jarraitu dezan.

Tertzadun bat izenordeko kazetariak Euskaltzale aldizkarian esaten zuenaren arabera,

“Karlisten buru egiten dan Basterrechea sama samati oratuta dauko (Elorrietak) bere semeari Zoretxeko empleoren bat emongo deutsala esanda” (“Bermeotik lau berba”,1899ko maiatzaren 9an)

Handik astebete batzuetera (1899ko bagilaren 22an) berriro aipatzen zuen Tertzadun bat-ek Jose Leoncio Basterretxearen buruzagitza eta Elorrieta jautxoarekiko erakusten zuen laguntasuna, geroago eta zaharkituago zegoen Bermeoko karlisten elkartearen baitan:

“¿Badakizu zelanik prozesiñoetan joaten direan lau gizon lepoan santu bat dabela? Bada onelantxe bizi dira Bermeoko lau mutil zar Círculo Catolico-koak, Basterrechea lepoan dabela. Eztiñot ondo. Eurak olanik uste dabe; baia beste bat da lepoan darabilena ¿Nor dala ta nor dala? Amarratza-gaitik eztodala gaur ezer esango esan dot eta ixilik nago”.

Jose Leonciok bazeukan anai bat, Ponciano izenekoa, berarekin bat eginik eta bera bezala, karlismoaren baitan jardun eta Bermeoko Circulo Católico-ko buru egiten zuena. 1913 urtean, elkarte horretako presidentea zen oraindik. Urte horretan bertan, karlisten eta hauteskundeak begi-bistan zeudelarik jeltzaleen artean sortu ziren iztilu eta tentsioen erdian, sinadurarik gabeko orri bat kaleratu zuen norbaitek Bermeon, Circulo Católico-ko buruzagiak ziren Jose Leoncio eta Poncianoren kontra hamaikak eta bi esanez. EAJko UBBeko eta Euzko Gaztedi-ko presidenteek ohar bat argitaratu zuen euren erantzukizuna garbituz. Horrela zioen oharrak:

“Con motivo de la aparición hoja clandestina contra el Centro Católico, la colectividad nacionalista protesta indignada por la vil porquería ofensiva a la moral y al decoro del pueblo. Estimamos la honra de los hermanos Basterretxea y reprobamos se pretenda arrojar su buen nombre al arroyo, para difamarlo. La candidatura nacionalista no necesita medios repugnantes, innobles y de letrina para alcanzar triunfo”

Sendi honen baitan hasi zen Frantzisko. Sendi aberatsean -dirurik ez zitzaien falta- eta Karlismoaren eraginpean.

Batxilergoa amaitu ondoren, medikuntza ikasketak hasi zituen Frantziskok. Osagilea izan nahi zuen, bere aita bezala. Horretarako, Madrilera joan zen 1904 urtean eta Santiago Ramón y Cajal katedran matrikulatu zen. Baina gaixo batek eraginda, ikasketak bazterrean utzi eta etxera itzuli beharrean aurkitu zen. Baina denbora garrenean, ikasteari ekin zion berriro. Oraingoan, ordea, medikuntzaz ahaztu eta Zuzenbidea aukeratu zuen. Santiagon egin zituen Legeen lehenbiziko urteak eta Granadan amaitu zuen karrera. Andoni Astigarragak, hala ere (ikus “Abertzales en la Argentina”, 81. orr), Zaragozan lortu zuela abokadutzarako titulua esaten du.

1920ko ekainaren 25an Fernanda Arzadun Ibarraran-ekin ezkondu zen Bermeoko Santa Maria eleizean. Hamaika urteko aldea zeukaten senar-emazteek. Alde nabarmena, izan ere. Ezteiak ospatu zirenean, 32 urte zeuzkan Frantziskok eta Fernandak, berriz, 21.

Jakingarria da emazteari dagokionez, Frantziskoren bizilaguna, Bermeoko abertzale historikoen katalogo honetan aipatuta dagoen Jose Arzadun Zabalaren alaba izan zela; hots, Sabino Aranaren garaian Bermeoko udaleko idazkaria eta lehen zinegotzi jeltzaleen laguntzaile eraginkorra izan zen gizonaren alaba (ikus “Bermeoko abertzale historikoak (2): Jose Arzadun Zabala, “el jaunchu basoqui”).

Bernardino Garaizar erretore famatua izan zuten ezkontzako abade. Lekukoak, berriz, senarraren aita, emaztearen ama eta beste senditarteko batzuekin batera, Enrike eta Rafael Nardiz, Bermeoko monarkiazale eskumatar ezagunak.

Bikoteak, lau seme-alaba izan zuen. Hiru gizonezko -Nestor, Ibon eta Ander- eta andrazko bat: Libe.

(más…)

Read Full Post »