II Errepublikaren denboretan abertzale ezaguna bezain ospetsua izatera helduko zen Jeronimo Gotxi Ispizua, Bermeon jaio zen 1894ko irailaren 30ean. Aita, Abdón Gotxi Barturen izan zuen; ama berriz, Marzelina Ispizua Legarreta. Biak bermeotarrak. Gurasoak -aipatu ditugun Abdon eta Marzelina- Bermeoko Santa Eufemia elizan ezkondu ziren 1893ko otsailaren 13an. Gazte ezkondu ere; hogeita bana urte baino ez zeuzkaten elkarri baiezkoa eman ziotenean.
Zazpi seme-alaba izan zuen bikoteak. Izan ere, ezteiak ospatu baino hilabete lehenago jaio zitzaien lehenbiziko alaba, Anastasia. Hori dela eta, «hija natural» gisa hartu zuen bateoa. Horrela zehazten du behintzat parrokiako sakramentu-liburuak. Geroztik, Jeronimo bera (1894), Eugenia (1896), Feliziano edo Felix (1898), Joakin-Sabino (1904), Maria Jesusa (1906) eta Bittor (1910) munduratu zituzten. Maria Jesusa izan ezik -urte betekin hil zen hau, 1907. urtean- heldutasunera iritsi ziren beste guztiak. Aita hil zenean, 1939 urtean, seirak zeuden bizirik.
Jeronimo, Aurea Aguirre Martinezekin ezkondu zen, eta hiru sema-alaba izan zuen: Concepción, Jeronimo eta Maria Amada.
Arrantzale familian hasitako gizona
Bermeoko arrantza-komunitatearen baitan hasi eta hezi zen Jeronimo. Itsas gizona zuen aita eta portuko giroan, aieneko mutilen eta maierdikoen artean eman zituen bere bizitzako lehen urratsak.
1902ko maiatzean, aitak, Abdon Gotxik, eskaera bat zuzendu zion herriko udalari bere semearen gaixotasuna zela eta behar zituek farmakoak lortzeko laguntza eskatuz. Arrantzalea zela aipatzen zuen Abdonek eta txiroa izan arren, kofradiak ez zizkiola semea sendatzeko behar zituen botikak ematen. Horregatik zuzentzen omen zion udalari eskaria. Abdonen idazkiak ez zuen semearen izena zehazten, baina Jeronimo bera izan zitekeen aipatzen zuen seme gaixoa. Idazkiaren datari begiratuz gero, Jeronimo edo bere anaia gaztea Feliziano izan behar zen.
Udaleko aktak ematen duen informazioaren arabera, zera eskatzen zuen zehazki: «…se le conceda los específicos que necesita para la curación del hijo que tiene enfermo, fundándose en el estado de penuria en que se encuentra y en que la cofradía de mareantes a la que pertenece, no le autoriza para surtirse de específicos en el servicio farmacéutico de dicha sociedad». Udalak herriaren farmazia-zerbitzua eskaintzea erabaki zuen «…en atención al estado de pobreza en que se encuentra, conforme con el dictamen de la comisión de estadística, desechando la solicitud de que se hace pidiendo específicos por no ser procedente esa clase de servicio».