Hasi berria dugun urte honetan, 1812ko Konstituzioaren -«Constitución de Cádiz» eta La Pepa izenekin ere ezaguna da- berrehungarren urte urrena beteko da. Hori dela eta hainbat ekitaldi aurrikusita dago, Espainiako erakunde ofizialen -eta ez hain ofizialen- esanetan, Espainiari naziotasuna eta askatasunaren bidea eman zion arau nagusia gogoratu eta ospatzeko. Urtean zehar aukera bat baino gehiago izango dugu, seguru asko, gaiari buruz hitz egiteko. Ez baita makala izango urteurrenaren esanahia iruntziarazteko Espainiako erakundeetatik botako diguten propaganda-zaparrada. Gaur, ordea, Konstituzio horren euskarazko bertsioaren berri nahiko nuke eman. XIX. mendean idatzitako testu euskalduna nahiko nuke gogora ekarri. Arartekoak -Juan San Martinek- duela urte batzuk modu faksimilean argitaratu zuena.
Komentatzen ari naizen euskarazko bertsioa, ez da jatorrizko testu artikulatuaren hitzez-hitzeko itzulpena. Testuliburu gisa eginda dago. Galdera eta erantzunekin. Katexima izango balitz bezala. Eskoletako umeei erakusteko gisan atonduta dago, eta helburu horrekin idatzita hain zuzen ere. Honela dio bere izenburuak: Jaquin-bide Iritaraudia, Españiaco Neurquidaren edo Constitucio berriaren erara adrezatua erritaren arguidoraraco, gazteen icasbideraco eta escola-maisuen usoraco, erderatic eusquerara itzuli du Apez Vicario Dn. D. I. F. A Guipuztarrac, 1820. urtean.