Alderdi Eguna ospatu dugu gaur. Interes handia zegoen, bazkide, zale, botoemaile eta ingurukoen artean, Eusko Jaurlaritzatik kanporatuak izan eta gero ospatzen zen lehenbiziko Alderdi Eguna zernolakoa izango ote zen ikusteko. Orain badaukagu erantzuna. Arrakastatsua. Adoretsua. Gogoz ganezka ospatutakoa.
Alderdiak bizi duen eta behar duen gauzarik nabarmenena islatu nahi izan da aurteko leman. Batasuna. Horregatik, gure historiako unerik latzenetan egin izan dugunez, urte honetan ere guztiok bat egin dugu. Txikikeriak alboan utziaz. Norberekeriak zokoratuz. Gure arteko haiko-maikoak bazterrera botaz, bat izaten jakin izan dugu abertzale-sentipenean, ospakizunean, eta aurrera begira lanean jarduteko gogo kementsuan.
Espainiako bandera han eta hemen sartu nahian dabiltzanen aurrean -ez dakit euren aldaketak famatuak, gaur arte behintzat, hori bai askoz gehiago ekarri duen- ikurrina erakutsi dugu. Inoiz inori inposatuko ez diogun ikurrina. Geurea. Geure gurasoengandik jaso genuena. Urte asko eta askotan Euskadin, hemen, geure artean, debekatuta egon zena. Eta gaur ere… debekatu ez baina… bigarren mailan jarri nahi dutena.

Komando K
EBBko presidentearen hitzaldian ere batasunan izan zen nagusi. Gure azken hogeita hamar urteetako historiatxoan bilgune izan dugun hainbat gertatakizun aipatu zuen. Leizaola lehendakari zaharraren itzulera, besteak beste. Une itxaropentsua hura!. Fedez betetakoa. Etorkizun berri bati begira bizi izandakoa. Gaurkoa bezalakoa, bi hitzetan esateko. Gaur ere, orduan bezalaxe, erronka berrituak bezain garrantzitsuak baititugu begien aurrean. Gaur ere, orduan bezalaxe, aro berri bati ekiteko paradan baikaude.
Egun ederra izan dugu aurtengo Alderdiarena. Zahar eta gazte, antzinako eta oraingo alderdikideak, denak bat eginda, nor garen erakusten eta Euskadiren alde jokatzeko orduan, noraino prest gauden adierazten. Eguraldiak ere lagundu egin du horrela izan dadin. baina eguzkia, lagun bat baino zerbait gehiago izan dugu. Sinbolo bat. Gure zai daukagun etorkizun dizdiratsuaren ikurra. Itxaropenaren argia.
Baina orain lanera jo behar dugu. Adoreak eta kemenak ez dute balio ahaleginean, lanean gauzatzen ez badira. Eta gaur Forondako zelaietan izan garenok, bihar lanean jardun behar dugu goizean goiztik, Alderdi Eguna ez dela guretzat unetxo bateko lorea erakusten, urte guztirako indarra ematen digun errekaia baino.
Baina egin beharrekoa, batasunetik egin behar dugu. Atzo aldarrikatu genuen moduan, Guztiok bat eginda. Horrela -bat eginda- indartsuagoak eta eraginkorragoak baikara eta Euskadik ere, gure aberriak, etekin gehiago ateratzen baitu gure jardunetik.
Guztiok bat, beraz, lanean eta ekinean.
Kaixo Josu…
Eskerrik asko Komando K. argaskiagatik. Egun ederra izan zen, lagun artean. Lana asko gaukagu denok batera, beti burujabetzaren alde. Besarkada bat.
Egun zoragarria pasa genuen, doike. Ikurriñaren antolaketa, oso originala eta polita irudi zait.
Giroa edo zoin urte baino bezain alegera, primeran.
Zorigaitzez, Iiñigo Urkullerengandik, ez dut berririk entzun. Pena bainan motela izan da, ene ustez.
Aio