Bederatziaren bederatzian, jaia da Bermeon, urtean-urtean. Arrantzale eguna. Andramarietatik jairik famatuena eta jendetsuena. Bederatziko bederatziaren bederatzia, berriz, sorginkeriz ikurutako eguna dela ematen du. El día de la bestia edo horren antzeko zerbait. Eta egun horri -gaurko egunari, alegia- bederatzietako ordua gehitzen badiozu, oso zenbaki borobila ateratzen zaizu. Gogoratzeko moduko une berezia. Seme-alaba eta hilobei, inoizkotan, bizi ere bizi izan genuela kontatzeko moduko unea.
Gaur, bederatziko bederatziaren bederatzian, goizeko bederatzietan, Zapateroren agerraldia hasi da Kongresuan. Uda osteko lehenbiziko agerraldia. Ekonomiari buruzkoa. Oso garrantzitsua. Alboratu ezinekoa, beraz.
Gusturago egongo nintzen Bermeon, lagun arteko giroan arrantzale egunaz gozazen, baina ez da posible izan. Horrela dira gauzak. Niretzat, behintzat, bederatziz osatutako ordu aipatua, ez da gozamenerako ordua izan, lanerako ordua baino. Ez dut esango El día de la bestia izan denik, norbaitek gaizki ulertu dezakeelako, eta batek baino gehiagok txartzat har dezakeelako. Baina horren ondokoa izan da zalantzarik gabe.
Nire lagun eta herritarrak mahoiz jantzita eta kalberrez zikinduta batera eta bestera barreka eta dantzan ibili diren artean, niri, argazkiak erakusten duenez, Zapaterorekin eztabaidan aritzea tokatu zait.
Kaixo Josu,
Lasai txo!!!, Sukalki egunean egongo zara.
Atzo jai eder bat egon zen, dena mahoiez eta zuriz beteta eta… primeran, anbientie eta eguraldia ona, musika, bandak eta gure neskatillak!!!
Ai, gure Bermio!!!
Besarkada handi bat
Eman Zapaterori egurra!!! Ez zinen xuabetxoegi egon? Ondo dakizun moduan, aurrekontuetan zure laguntza lortzeko promesa pila egingo dizkizu…ta gero ez ditu laurdenak ere beteko! Horrenbeste balio du Arabako Aldundiak?
Ezin nuen ezer ez zure agerraldiari buruz ikusi, diputatua. Ipiniko diguzu video bat edo? Zer moduz egin dituzun eztabaida? Zaila zen? Ez dut uste…
Ondo, Intxarkundia. Gozatu dugu Sukalki egunaz. Giro bikaina izan da herriko bazter guztietan. Eta zorionez, Aresek ez du hanka iletsua agertzeko ahalegin gehiegirik egin. Baina iraileko jaiak nekez gozatzen ditu herritik kanpo bizi eta lan egiten duenak. Astelehenean, beraz, Madrilerako bidea hartu behar dugu berriro. Aurten ez dago Santaeufemiarik. Estropadatan, berriz… hantxe izango nauzue gauzak okertzen ez badira. Besarkada bat.
Eñaut, alderdiak erakundeen egonkortasunaren alde egin duen aldarrikapenaren eta proposamenaren ildotik eratu dut nire interbentzioa. Ezin zitekeen beste modu batera izan. Ez dugu Euskadin gauza bat esango eta Madrilen justu kontrakoa. Eta horrelako planteamenduarekin jokatuta, ez zeukan zentzurik egurra ematen aritzea. Izango da horretarako aukerarik, lasai. Dena den, Zapaterok, orain arte, ez digu hutsik egin aurrekontuen inguruko akordioetan. Zergatik? Denak idatzirik eta garantia guztiekin sinatu ditugulako. Ahozko konpromisoetan, ordea, orduan bai egiten digula huts. Ahotsa, horientzat… haizeak daramalako.
Barka, Donatien, baina ez daukat bideorik. Zaila? Beno… gai ekonomikoak beti dira zailak ekonomilaria ez denarentzat. Eta horrelako debateetan, gobernuak abantaila nabarmenak ditu beti.
Besarkada guztioi.