Atzo goizean Gernikan izan nintzen. Eusko Alderdi Jeltzaleak beste alderdi batzuekin batera deitutako ekitaldian. Madrilgo gobernuak eta besteerakunde zentral batzuek eman diguten ezetz borobila bezain gordinak, erantzuna behar zuen. Erantzun gardena. Bakezkoa, baina irmoa. Zaratarik gabekoa baina, aldi berean, entzuteko modukoa.
Gernikan, euskal askatasunaren sinboloa den Zugaitza dagoen herrian, inguruko herrietako abertzale ugari batu ginen. Bizkaiako leku euskaldunenetik etorritakoak ginen gehienak: Ondarroa, Markina, Lekeitio, Bermeo, Bakio, Mungia eta abarretik hurbildutakoak.
Giro ederra izan zen. Kementsua. Euskaldun-euskalduna.
Gernikan, EUSKAL hitza osatu genuen. Berba egokia han batu ginenontzat. Eta Zornotzan, Durangon, Urkiolan, Legution eta Gasteizen egon ziren beste guztiekin batera, aldarri argi eta zolia bialdu genuen zerura, entzun gura duen guztiak entzun dezan: EUSKAL HERRIA, BAKEA BAI, ERABAKIA BAI.
Gero, adostutako adierazpena irakurri zen. Euskarazkoa, Jose Antonio Arana Martija euskalzaleak. Erderazkoa, berriz, Anakabe abizeneko andra euskal-amerikar batek. Honetan ere, ikusten denez, ez zen sinbolismorik falta.
Ekitaldi ederra izan zen. Euskadiren bihotz barrutik urtendakoa. Munduak badauka, orain, entzungai, Euskadiren errairik sakonenetatik urtendako mezua.
Deja una respuesta