Bermeon, lehen orduko abertzaletasunean jardun zirenekin osatzen ari garen zerrenda honetan, leku berezia utzi behar diogu, nahitaez, Amali Uranga Eiguren-i. Amali, Bermeon jaio zen 1873ko uztailaren 11an. Mutrikuarra zuen aita: Marzelino Uranga Amilibia, 1849ko abuztuaren 4an munduratua. Ama, berriz, mundakarra zen: Luzia Eiguren Tribisarrospe; 1851ko abenduaren 13an sortua. Marzelino, aita, Mutrikutik Bermeora etorri eta Santa Mariako eleizean ezkondu zen, 1871ko uztailaren 15ean, Maria Inazia Telletxea Renteriarekin. Baina bikoteak ez zuten luzaroan iraun, emaztea, ezteiak ospatu eta urtebete garrenean hil baitzen. Zehatzago esateko, 1872ko abuztuaren 3an zendu zen, gaixoak jota.
Baina ez ziran haiek lutoan murginduta luzaroan bizitzeko garaiak. Bi hilabete eskas egin zuen Marzelinok alargun. 1872ko irailaren 28an, Luzia Eigurenekin ezkondu zen berriro. Ajangizko Igokundearen eleizean ezkondu ere.
Lau seme-alaba izan zuen bikoteak. Amali bera izan zen zaharrena. Bere ostekoak ziren Eskolastiko (1875), Antonia (1877) eta Josefa (1879)
Sebastiana San Pelaiorekin ezkondu zen Amali, eta hiru seme-alaba izan zuen berarekin: Martzelino, Jose Luis eta Luzia
Arana-Goiriren lagun pertsonala izaki, hasera-haseratik hasi zen bere urrats politikoak jarraitzen. Sabinek argitaratu zuen lehen aldizkariak Bizkaitarra izenburukoak, bederazi harpidedun zeuzkan Bermeon. Bada horietako bat, Amali Uranga bera zen. Lehen orduko jeltzalea, beraz. Aintzindarien artean ibili zena. Geroztik, Batzoki Bermeotarra sortu zenean, 1899 urtean, Amaliren aitaren etxe batean kokatu zuten Bermeoko jelkideek batzartzeko gunearen egoitza. Zeresan handia izango zuen Amalik, seguru asko, bere aitaren keinu emankor horretan. Dohan utzi baitzien Marzelino Uranga mutrikuarrak bere jabegoko etxe hura, bideak urratzen zebiltzan abertzale aurrelari haiek babesa eta egon-leku egokia izan zezaten.