Amaitu den asteburu honetan, burdinjaia ospatu da Abanto- Zierbenako Gallarta auzoan. Bizkaiko burdin-meategi famatuen bihotzean dago Gallarta. Eta hortik datoriko, jakina, budinarekiko zaletasuna eta burdinaren inguruan jai berezia ospatzearena. Izan ere, meatzariek burdingaia ateratzeko lurrean zabaldu zuten zuloan bertan zeuden Gallartaren kale eta etxebizitzak; horiek guztiak lekuz aldatu beharra gertatu zen meategia ustiatu izan zedin. Haatik, azken mende eta erdian, meategiatara begira bizi izan dela Gallarta esan daiteke. Kostaldeko herriak itsasora begira bizi diren modu berdinean. Meategietatik etorri baitzaio Gallartari zoriona eta ezbeharra; garapena eta zoritxarra.
Herri apala da Abanto-Zerbena egungo Bizkaiaren baitan, baina uste baino garrantzia handiagoa dauka bizkaitarron historian: Bilboko errekaren inguruan, XIX. mendearen bigarrren erdikaldean sortu zen zen industralizazio mardul guztia, erabat pentsaezina izango zen burdinaren meategiak egon ez baziren eta, bere garaian, britaniarren eraginez, horien ustiaketa sistematikoari ekin ez bazitzaion. Bizkaiaren industria-aurrerakadaren hasieran, meategiak izan ziren. Hortik abiatu zen ostean etorri zen garapen ekonomikoa. Meategiek itsas merkataritza eta siderurgia ekarri zuten. Eta sektore horietan bildutako diruarekin sortu ziren, gero, astilleroak eta banketxeak.
Gallartako burdinjaian, burdinaren lan-kulturari lotutako ekimenak eta erakusketak dira ugari. Denak ikusgarriak: meatzariak, forjak, eta abar. Meategiak aspaldian itxi ziren baina txalogarria da herriak belaunaldiz-belaunaldi bizi izan duen kulturaren ezaugarriei eustea. Foklorea eta kirola ere ez dira falta: meatzarien emazteen dantza erakutsi ziguten Abanto-Zierbenako dantza taldeko neskek eta barrenadoreen lehiaketa nagusia antolatu zen eguerdi aldean. Bisita gomendagarria Bizkaiaren sustraietan sakondu nahi duenarentzat.
Meategigintzaren Museoa ere hantxe dago, interesgarria oso, baina egoitza berria noiz amaituko zain. Erainkuntza berriak, ekarpen handia egingo dio herriari, laguntza paregabea izan baitaiteke bisitariak eta turistak erakarteko. Orain artekoa, euskal talde parlamentarioak Madrilen lortutako diruarekin eraiki izan da. Baina diruaren eskasiaz ikututako garai hauetan, erakunde guztien konpromisoa behar da hasitako lana amaitzeko.
Deja una respuesta