
Antonio Zabala euskalzalea
Antonio Zabala josulagun eta euskalzalea hil egin zaigu. Herri literaturaren esparruan bilduma-lan izugarria burutu ondoren, utzi egin gaitu. Ixil-ixilik joan da. Berak ohikoa zuen moduan. Eta urte luzeetan bizileku izan duen Nafarroako Xabierren lurperatu dute.
Duela bederatzi urte -ez orain, Patxi Lopezek euskararekin zerikusia duten gaiekin egiten duen moduan, duela bederatzi urte baino- Deustuko Unibertsitateak Ohorezko doktoradutza eman zionean, artikulu txiki bat argitaratu nuen DEIA egunkarian zorionak emateko. Aitor Esteban eta biok -doktore eta Unibertsitateko irakasleak gareanez gero- ekitaldi akademikoan izan ginen aita Antoniori babesa ematen eta bere berbaldia zuzen-zuzenean entzuten.
Aita Antonio, Tolosan munduratu zen 1928. urtean, eta oso goiztik agertu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko grina. Zaletasun horrek eraginda, gazte-gaztea zela murgildu zitzaigun herri literaturaren inguruko ikerketa-lanetan. Bere bizitzako lehen hogeita hamar urteak bete gabe izango zituen oraindik, handik eta hemendik bertso-paperak biltzeari gogotsu eta adorez ekin zionean.
Harrez gero Euskal Herriko herri literaturaren bilketa sistematikoan jardun izan du eten gabe. Bertsoak ez ezik, kontaerak, ipuinak, esaerak, gertakizunak eta, oro har, herriaren berezko jarioaren zurrunbiloan gorputza eta itxura hartzen duten literatura-mota guztiak.
Baina Antonio Zabalaren lana ez da agortu ahoz ahoko literaturaren pilaketan. Ahozko zein idatzizko bertsoak biltzeaz gain, jasotako altxor horri zabalkundea emateko ahalegin bizia egin du baita ere. 1961ean Auspoa bilduma sortu zuen, hain zuzen ere Euskal Herriko herri-literaturako testuak argitaratzeko asmoz. Eta hauxe da bere lan kementsuaren ondorioa: Berrogeita zortzi urtetan ia hirurehun liburu kaleratu ditu. Bataz beste, zazpi aleren bueltan, urtean. Ikusten denez bada, egundoko lan txalogarria egin du euskalgintzan..
Aita Antonio asko zor diogu euskalzale eta bertso-zaleok. Baita historia zaleok ere. Berak bildutako bertsoetan, gaur egungo Euskal historia ezagutu eta ulertzeko hamaikatxo datu eta ezaugarri aurki ditzakegulako. Ez daukat ahaztuteko bere gerrate karlistei buruzko bertso-bildumak -baliagarriak, benetan, sasoi horretako ikerlariarentzat- edota Ameriketako bertsoei buruzkoa, besteak beste.
Agur, bada, Aita Antonio. Gero arte eta eskerrik asko.
Deja una respuesta