Gaur, uztailaren seia da. San Fermin bezpera. Eta urtero bezalaxe, Iruñeako Udaletxean txupina izan da eguerdiko hamabietan.
Aurten Uxue Barkoxen txanda zen. Berari tokatzen zitzaion jaien hasera markatzen duen txupina botatzea. Udaleko bigarren taldearen burua da Uxue. Eta aspaldiko ohiturak dio urtean talde buru batek bota behar duela txupina. Ihaz Barcina bizkaitarra izan zen txupina botatzen. Aurten, esan bezala, Uxue.
Joan den astean Rosana EAJko zinegotziak deitu zigun esanez Uxueren gonbitea geneukala gaurko egunez berari babesa ematen Iruñeako Udaletxean egoteko. Uxueren gonbidapen bati, euskal talde parlamentarioko diputatuok ezin diezaiokegu ezetzik eman. Ez eta -dena esan behar da- Rosanaren gonbidapen bati ere. Horregatik, goizean goiz kotxea hartu eta Pedro Azpiazu eta biok Iruñearako bidean jarri gara gaur.
Goiz osoa eman dugu Nafarroaren hiriburuan, Agirrebengoa NBBko presidentearen eta Iruñeako Uri Buru Batzarreko presidentearen eskutik. Gustora ibili gara. Jai giro alaia eta saratatsua. Jende askorekin hitz egiteko eukera izan dugu. Abertzale direnekin eta ez direnekin. Ohar kuriosoren bat aipatzekotan, honako hau aipatuko nuke nik: Unai Ziarreta EAko presidentea urdinez jantzita agertu zitzaigun, Iruñeako izan ordez Bermeokoak izanbo balira bezala. Adar jotze ederra egin genion bere burutazio hori zela eta.
Behin ere Nafarroaren hiri nagusiaz gozatzeko aukera ederra izan dugu. Zen berezia den Nafarroa. Zein kuriosoa. Zein erakargarria bezain indartsua.
Zorionak Uxue. Zorionak iruñearrok eta jai ederrak igaro.
Gora San Fermín!!!