Gaur ez da adierazpen politikoetarako eguna.
Gaur, Uriatarrei -Iñaxio Uria zenaren senditartekoei eta hurbileko lagunei- gure doluminik sakonenak adierazteko eguna da.
Gaur, Uriatarrei gure babesa eskaintzeko eguna da.
Eta horixe egin dugu, Madrilen, kongresuko talde parlamentario guztiak.
Gure artean alde sakonak daude, ideologian, iritzi politikoetan, estrategietan… arlo guztietan.
Baina bat egiten dugu denok funtsezko aldarri honen inguruan: Politika, gizakiaren zerbitzura dagoen giza-jarduera da. Norbanakoaren bizitzaren kontra egiten duenak, beraz, ez du politika egiten, terrorismoa baino; politikaren ukaziorik borobilena hain zuen ere.
Eta politikak, erro-errotik ekin behar du terrorismoaren kontra.
Hori guztia dela eta, jakin ezazue, gure babes osoa daukazuela.
Zuekin gauzkazue.
Orain arte bezalaxe, zuen lan oparoarekin herria eraikitzen jarrai dezazuen.
Orain arte bezalaxe, herriari aberastasuna ekarten eta langileei lanpostuak eskaintzen jarrai dezazuen.
Orain arte bezalaxe, zuen izerdia eta lana, zuen ahalegin guztia herriaren garapenaren zerbitzuan jartzen jarrai dezazuen.
Orain arte bezalaxe, herrigintzan jardunez, gure arteko elkarbizitza ahalbideratzen jarrai dezazuen.
Besarkada bat.