Asteartean, Aitor Esteban eta biok, Markinan izan ginen Anasagasti eta Zubia senatariekin. Lea Artibaiko ikastetxeko eta Azaro fundazioko arduradunekin batzartu ginen, garai batean Esperanza arma fabrikaren egoitza izandako lekuan.
Batzar emankorra, izan zen, benetan. Ikastetxea eta fundazioaren egitasmoak ezagutzeko aukera, eta egitasmo horiek aurrera ateratzeko guk, Madrilgo Gorte Nagusietan egin dezakegunaren inguruan luze eta zabal solasteko modua izan genuen bertan. Azken bi urteetan Estatuko aurrekentuetan sartu ahal izan genuen diruaren erabileraz mintzatu ginen, besteak beste. Diru hori zertan eta zertarako gastatzen dabiltzan azaldu ziguten eta datorren urterako partida berriak lortzeko posibilitateaz ere sakon eta serio jardun ginen.
Jende argia eta langilea aurkitu genuen Markinan. Lehendik ere ezagutzen genituen baina inpresio ona baino hobeagoa eman ziguten berriz ere. Lea Artibai eskualdean errotutako jendea. Bertan sortua eta bertako jendearen etorkizunari arreta handiz begira-begira dagoena. Talde indartsua, benetan. Bost andrak eta gizon bik osatutakoa. Horretan ere txalotzekoa. Emakumearen potentzialitatea emankortasunaren alde lanean jartzen jakin izan dute.
Esperanza 2013 izenburuko egitasmoa daukate orain esku artean. Eskualdearen garapenari so dagoen egitasmo estrategikoa da Esperanza 2013 izeneko hau. Bere helburua labur-labur esanda, honako hau da: Inguruko enpresa sarearen garapen teknologikoa eta lehiakortasunaren hobekuntzan bide lagun izatea, garapen propioaren bidez, zein ezagutza berriak eskuratuz.
Eskola, enpresak eta gune teknologikoa elkarri lotuta daude egitasmo honetan. Eskola, enpresak behar dituzten profesionalak hezitzeko. Enpresa, landu eta garatu behar diren ikerketa-lerroak zehazteko eta horien emaitzak -emaitzak daudenean, jakina- praktika-bidean jartzeko. Eta Gune tekonolojikoa, eskolari osagarritasuna emanez, enpresak berez bete ezin duen ikerketa-lana burutzeko.
Asmakizun borobila. Berrikuntzaren esparruan, horrela egin behar da lan: Taldean; batzuen eta besteen ahaleginak bilduz; guztien esfortzuak bateratuz; interakzioak bultzatuz. Munduan zehar arrakasta dutenak horrela jardun dira eta hemen ere horixe izan behar da arrakasta ekarriko duen formula.
Jende kementsua dabil Euskadin, jo eta ke, lanean, datozkigun denbora zail eta aldrebestuei modu eraginkorragoan aurre egiteko. Lea Artibai ikastetxea eta Azaro fundazioko arduradun eta langileak horien arten daude, zalantza barik. Iraganean ere horrelako jendeari esker jaso ahal izan dugu burua eta etorkizunean ere horrela izango da.
Horrelako jendeak merezi du, bai, laguntzea.
Eskura daukagun guztia egingo dugu euren alde.
Zorionak Lea Artibai. Gune eraginkorra daukazu zure alde lan egiten.
Oso ondo,pero diputados y senadores no formais un Grupo.Aitor Esteban eta biok….¿No estais bien avenidos?.