Gure bizitzearen zati bat Francoren agindupean bizi izan dogunontzat, demokraziaren etorrerea, keaz bete-bete egindako gela bateko lehioak zabaldu eta kaleko haize freskoa sartzen uztea lez izan da. Ordura arte dana egoan debekatuta. Ordutik aurrera, barriz, dana edo ea-ea dana zan librea: Librea zan pentsatzea eta iritzi propioak eukitea, librea zan norberak pentsatzen ebana adieraztea, librea zan pentsaera berdineko beste batzuekin elkartu eta alkarregaz jarduera komunak egitea, librea zan alderdi politikoak sortu eta politikan askatasunez aritzea…
Inguruaren aldaketa nabarmen horrek izugarrizko bultzakadea emon euskun sasoi hori geure gaztearoan bizi izan genduanoi. Eta gazte euskaldunoi, bultzakada berezia emon euskun. Askatasun-egoera barriak, gure herriaren, gure hizkuntzearen eta gure nortasun kolektiboaren egoera larriaz konturatuarazi euskuelako. Askatasunaren etorrerearekin begiak zabaldu genduzan eta ordura arte konturatu be egiten ez ginen gauza azkotaz konturatu ginan. Esate baterako, ni euskaldun zaharra naz, baina nire ikasketa guztiak gaztelaniaz egin behar izan nebazan, nire umearoan, euskerea eskolatik baztertuta egoalako. Baina eskolatik ez eze, komunikabideetatik eta gizarte-esparrurik gehienetatik be kanporatuta egoan. Francorekin, ea-ea konturatu be ez ginan horretaz egiten. Askatasun-egoerea behar izan genduan errealitate horretaz jabetzeko.
Une horretan, kontzientziazio prozesu bat bizi neban. Nik euskalduntzat neukan neure burua, betidanik. Euskalduna nintzan, jakina. Baina identitate horri, dimentsio politikoa emoten hasi nintzan. Konturatu nintzan herri handi bat geunkala, Euskal Herria, baina txikitua; baztertua; garatu bakoa. Eta lan asko egin behar genduala herri hau aurrera ateratzeko. Horrela hasi nintzan politikaren munduan geroago eta sakonago sartzen.
Txinara ere joana nago. 2006ko urtarrilean joan nintzen, Chinako Aberri Bilerak eta Diputatuen Kongresuak antolatutako bidaia medio.
2005eko otsailean Saharara egin nuen bidaia. Ikusgarria.
Bermioko gereziondo baten jolasean José Luis, nere anaia, eta biok, zazpi urterekin.
Pilar, nire amatxurekin.
Argazki hau joan dan azaroan atera gendun. Bermeoko andra talde bat («Errosape» alkartekoak Madrilera joan eta Kongresura bisitalditxoa egin eben. Presidenteari aurkeztu neutsozan eta argazkia atera. Asko gustatzen zait argazki hau.
Amuma Maríarekin Gernikan jaioberritan 1960. urteko uztailaren 5ean.
Bermeon aintzina kalean egiten ziren irudi lehiaketak antolatzen ziren. Hemen nago, sari nagusia jasotzen, Bermeoko batzokiko zinean 1971. urtean.
Hemen Bermioko Almike auzoan nago 7 urterekin.