Ezker Abertzaleantzekoaren aburuz, Hegoaldeko lau herrialdeen autonomiak eta autonomia horri erabakitzeko eskubidea aitortzeak, euskal arazoa konponduko luke betiko.
Abertzale guztiok nahiko genuke hori: Hegoaldeko lau herrialdeak bat egitea eta lau herrialdeekin sortutako enteari erabakitzeko eskubidea aitortzea.
Baina nafarrek -Nafarroako herritarrek,alegia- ez ote daukate horretan zer esanik?
Ba, noski. Eta hortxe dago gakoa, ganera. Honegatik ala besteagatik, Nafarroako herritarrek ez dutelako -gaur arte behintzat- gainontzeko euskaldunekin bat egiteko asmorik agertu. Aitzitik, bere kabuz eta besteongandik aparte jarraitzeko borondatea agertu dute, zerbait agertu badute, behintzat. Eta alfer alferrik egingo ditugu eurek barruan sartuko dituzten egitasmoak. Nafarrek nahi ez badute, ez ditugu gure etxe barruan sartuko. XXI mendean ez dago herritarren borondatearen kontra eraikiko den -edo iraungo duen- naziorik.
Azken hilabeteetan Nafarroaren egoera politikoaz, iraganaz eta geroaz, hausnarketa interesgarriak jasotzen duten hiru liburu plazaratu dira. Oso interesgarriak hirurak. Eta hirurak, zinez, euskaraz idatziak. Nafarrak dira, ganera, hiruren idazleak. Nafarrak, bai, baina euskal sena darien horietakoak. Ez dira, bada, autore susmagarriak.
Lehendabizikoa -irakurri ditudan hurrenkeran aipatuko ditut- Santiago Leone historialariaren Euskal Herri imajinario baten alde da. Bigarrena Aingeru Epaltza euskal idazle ezagunaren eskutik datorkigu. Bere izenburua honako hauxe da: Bezperaren bezpera. Hirugarrena, berriz, Xabier Zabaltza, Tuterako historialariak idatzi du. Gu, nafarrok darama titulo gisa.
Oso gogoeta interesgarriak egiten dituzte hiru autore hauek aipaturiko liburuetan. Nafarroaz eta Euskal Herriaz arduratzen den orok irakurri beharko lituzke. Benetan. Gai asko ikutzen dira libur horietan eta, oro har, zentzunez, ganoraz, arrazoietan oinarrituta. Nafarroa hegoaldeko beste hiru lurraldeekin bat egitearen inguruan ere hainbat irizi ematen dute, noski. Eta ez dute ikusten Ezker Abertzaleantzekoaren eskema berria -hots, lau herrialdeen autonomiari erabakitzeko eskubidea gehitu nahi dion hori- erraz onartua eta bideragarria izango denik. Ez, behintzat, epe laburrean.
Beste gauza bat da nafarren gehiengoari nahi ez duen egitasmoa inposatu nahi bazio. Baina hori ez litzateke demokratikoa izango. Eta ez dut uste gure artean demokraziaz kanpoko metodoekin jokatu nahi duen inor dagoenik, ala bai?
Epalzak -aspaldiko abertzalea da bera- argi diosku: «…ez dezala inork pentsa tesi abertzalel historikoek gaur egun irabazle gelditzeko aukera bakar bat ere dutenik Nafarroan. Bertze hogeita hamar urteren buruan, auskalo. Denbora beharko du ahanzturak. Denbora, zimendu ustelik gabeko eraikuntzak».
Zabalza ez da baikorragoa. Ikus ditzagun bere iritziak labur-labur adierazita: «Euskal autodeterminazioak, Zazpiak-Baten edo Laurak-Baten aplikatzen bada, nafar heterodeterminazioa esan nahi du. Nire ustez, autodeterminazioa, berez, eskubide demokratiko bat da, bortizkeriarik gabe, gehiengo argi batek erabakirik eta naziotasunaren aldetik homogeneoak diren lurraldeetan burutzen bada, Montenegron egin duten bezala edo Eskozian egin nahi duten bezala. Hiru baldintzetatik bat ere ez da Zazpiak-Baten betetzen […] Demokratikoa izateak, baina, ez du esan nahi nahitaez komenigarria denik. Autodeterminazioa aukera bat da, ez eginbehar bat. Ez dakit Euskal Herria eta Irlanda alderatzea atsegin dutenak konturatzen diren, Hirurak-Bat (edo bakarrik Bizkai-Gipuzkoak) independientea izanen balitz, Irlandaren hegoaldeko hogeita sei konderriak bezala, Ulster berria izanen litzatekeela Nafarroa».
Hauexek dira nafar euskalzale aipatu hauen iritziak.
Horra hor opor hauetarako hiru irakurketa gomendagarriak. Irakurri eta gero hitz egingo dugu, Ezker Abertzaleantzekoaren proposamenaren bideragarritasunaz.
Aldarri egitea erraza da. Eskakizun erradikalak egitea are errazagoa. Baina egitasmo politikoak ez dira aldarri eta eskakizun erradikal hutsekin egiten.
Josu, La radical coherencia política de la izquierda autodenominada abertzale artikuluak oso interesgarriak izan dira. Hauek zabaltzen saiatuko naiz beste blogetan.Ah! zure blogari helbide errazago bat eman behar zenioke, zure lagun Anasagastik egiten duen moduan. Marketing pixkat, es mucho.
Ados nago artikulu hauek oso interesgarriak izan direla. Baina mesedez, mantendu bloga alderdiko web ofizialean…Anasagastiren blogak ez dauka zurearekin zer ikusirik…